Beharretatik bitartekaritzara

Beharretatik bitartekaritzara

Josu Artutxa

Epaitegietako jarduna oso ondo ezagutzen duen bikote bat osatzen dute Elena Egigurenek eta Leire Inzak. Zuzenbide ikasketak egin zituzten biek, eta abokatu eta teknikari lan egin izan dute azken urteotan. Baina, duela urtebete inguru, eskaintza berri bat jarri zuten martxan. Tolosako epaitegian lanean ari zirela hasi ziren eratzen proiektu berri hori. “Biok kezka berberak genituela konturatu ginen; bitartekaritzan lan egin nahi genuen biok”, azaldu du Inzak.

Beharrei tiraka sortu zen Eralda, ikusi baitzuten epaitegietan harremanak ez zirela askorik zaintzen. Hain justu, asteartean bete zuen urtebete Tolosako Nafarroa etorbidean daukaten bulegoak. “Epaitegietako martxa malgutasun gutxikoa zela ikusi genuen; patroi berbera errepikatzen zen behin eta berriz, eta espazio falta handia zegoen elkarri entzuteko, elkar ulertzeko eta harremanak zaintzeko”, gaineratu du Egigurenek. Aholku juridikoa emateko prestatuta zegoen Egiguren, baina ez laguntza emozionala emateko, eta bitartekaritza ikasketak egin zituen orduan. “Horri esker, baliabide gehiago nuela sentitu nuen; baina zerbaiten bila nenbilen artean, eta komunikazio ez-bortitza aurkitu nuen halako batean. Beste ate bat zabaldu zidan horrek. Filosofia moduko bat da, gatazkak kudeatzeko erabiltzen dugun metodologia”.

Hain justu, leloak dioen bezala, harremanak eraldatzen aritzen dira Eraldan. Bitartekaritza izena bera ere oso ezezaguna dela ikusi dute biek ala biek. “Bulkada bera dute gerturatzen diren askok: epaitegira joan nahi izaten dute gatazka bat duten bakoitzean, eurei entzutea eta arrazoia ematea nahi dutelako”. Planteamendu hori aldatzea da, ordea, Eralda-ren helburua. “Epaitegi batean arrazoia eman diezazukete, bai, baina horrek, gerora, eragina dauka bestearekiko harremanean”. Irabazle bat eta galtzaile bat izaten direla beti, alegia. “Pertsona horiek, ordea, kasu askotan elkarrekin harremana eduki behar izaten dute kanpoan, besteak beste umeak tartean izaten direlako”.

“Zer nahiago duzu, arrazoia izan ala zoriontsu bizi? Hala dio esaldi ezagun batek, eta horretan oinarritzen gara gu”, adierazi du Egigurenek. Auzitara ez iristea da bi abokatuen helburua, baina horretarako “ulermen lanketa handia” egin behar da alde bakoitzarekin. “Epaitegian epailea da protagonista; guk, berriz, gatazkan parte hartzen duten pertsonei eman nahi diegu garrantzia. Gerra moduko bat bihur daiteke epaiketa; irabazle atera zaitezke, baina zauriekin. Hori saihestu nahi dugu guk”, gaineratu du Inzak.

Bitartekaritza lana egiteko, berez, bi aldeen arteko adostasuna behar dela azpimarratu du Inzak. “Bi aldeek, normalean, borondatez hartu beharra daukate parte prozesuan; alde batek ez badu nahi, ezinezkoa da”. Haien kasuan, baina, alde bakarrarekin ere funtziona dezake bitartekaritzak. “Batek bere lanketa egin, eta beste aldea kutsa dezake horrela. Modu horretan errazagoa izan daiteke euren arteko harremana bideratzea, korapiloa askatuz joateko”.

Lehen urtea igarota, orain artekoak familiako harremanen arazoengatik bertaratu direla azaldu dute biek. Ez daude horretara mugatuta, baina oso gustuko dute alor hori. “Prozesu batzuk egin ditugu, eta oso interesgarriak izan dira”. Eralda-k, gainera, badu berezitasun bat: komunikazio ez-bortitzaren metodologia erabiltzen du. “Ezinbesteko oinarria da denon beharrak zaintzen jakitea”.

Bakearen kultura sortzen

Saio informatibo batekin hasten da bitartekaritza prozesua. Pertsonen arteko harremana eta komunikazioa nolakoa den jakin ondoren hasten dira banakako saioekin. “Egoera bera eta beharrak aztertzeko egindako hausnarketen ondoren, elkar ulertzera heltzeko urratsak egiten hasten gara”. Batak bestearena aitortzea da helburua, elkarrengana gerturatzea; modu horretan errazagoa izaten da guztien beharrak aseko dituzten estrategia berriak bilatzea. “Alde batek bestearen ahotik aitortza hori entzuten duenean, zerbait magikoa gertatzen da”.

Europako Bitartekaritzaren Eguna ospatuko dute datorren urtarrilaren 21ean. Zentzu horretan, indarkeria matxistaren eraginak ez dauka etenik gizartean. Egigurenen esanetan, genero indarkeriaren kasuetan, legeak, gaur egun, ez du uzten bitartekaritza lana aplikatzen. “Kezka handia sortzen digu gai horrek, gizartean indar handia daukalako. Bada liburu bat bakea ikasi egiten dela esaten duena, eta, hain justu, hori eskaintzen du komunikazio ez-bortitzak”. Norberarengandik hasi, eta pauso txikiak emanez ingurukoengana helduta, nolabaiteko bake kultura bat lor daitekeela uste dute bi abokatuek.

Inzak azpimarratu duenez, bikote harremanetan funtsezkoa da komunikazio egokia. “Bi hitz nabarmendu behar dira: ulermena eta argitasuna. Prozesua sinplea bada ere, bakoitzaren beharrak identifikatzen direnean, argiago ikusten da testuingurua. Ezinbestekoa da elkarri enpatiaz entzutea, gauzak zintzotasunez adieraztea, eta kalitatezko konexioak lortzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.