Elkartasuna argazki bihurtuta

Unai Zubeldia

Ez da argazki lehiaketa soil bat, eta ez da erakusketa arrunt bat ere. “Ekintza honek Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteari laguntzeko erronka dauka oinarrian”. Hala azaldu du Artgazki Arrasateko argazki elkarteko presidente Anibal Carmonak. 2015. urtean sortu zuten elkartea, eta 2016tik antolatu dute Udazkena Euskal Herrian argazki lehiaketa-erakusketa. Aurten 61 egileren 171 argazki jaso dituzte —gehienez hiru argazki bidal ditzake argazkilari bakoitzak—, horietatik 45 argazkik gainditu dute galbahea, eta ikusgai izango dira, gaurtik hilaren 26ra arte, Arrasateko Kulturateko erakusketa aretoan, astelehenetik larunbatera, 17:30etik 20:30era.

Erakusketaren azken pausoa izango da hori, aurretik, abendu erdialdetik, Arrasateko hainbat taberna, denda eta aseguru etxetan ikusgai izan baitituzte argazki horiek guztiak; baita herriko osasun etxean ere. “30 euroan salgai dago 45 argazki horietako bakoitza, eta Aspanogi elkarteari emango diogu biltzen dugun diru guztia”, azaldu du Carmonak. Jessica del Campo, Iker Iglesias eta Ane Idigoras argazkilari profesionalak aritu dira epaile lanetan, eta, lehen galbahea eginda, eurek aukeratu dituzte hiru argazkirik onenak ere: Pablo Perez Herrero Zumarragako argazkilariaren Bajo el cielo lanak jaso du lehen saria [Zeruaren azpian] —garaikurra eta 300 euro—, Alfredo Losada arrasatearraren Aterkin Urdina argazkiak bigarren saria —garaikurra eta 200 euro—, eta Benjamin Ramos arrasatearraren Otzarreta argazkiak hirugarrena —garaikurra eta 100 euro—. Edonork parte har dezake lehiaketan. “Baina egia da gure eskualdekoak izaten direla parte hartzailerik gehienak. Hazten jarraitu nahi dugu alde horretatik”. Iaz, Igor Altuna arrasatearrak irabazi zuen lehen saria, Txoria argazkiarekin; 2017an, Amaia Arzamendi oñatiarra izan zen irabazlea, Perretxikoa argazkiarekin; eta, 2016an, Carmona bera izan zen irabazlea, Sensual argazkiarekin.

Hilaren 26an egingo dute aurtengo lehiaketaren sari banaketa, 12:00etan, Kulturaten bertan, eta egun horretan emango diote bildutako diru guztia Bittor Andonegi Aspanogiko presidenteari. Erosleek ere urtarrilaren 26an jasoko dituzte euren koadroak. “Dagoeneko saldu ditugu argazkietako batzuk”, jakinarazi du Artgazki elkarteko presidenteak. “Baina azken egunera arte egongo da aukera erosteko”. Kulturaten bertan, elkartearen Facebook orrian eta webgunean ere eros daitezke argazkiak. 1.020 euro bildu zituzten iaz, 1.500 euro 2017an, eta 1.350 euro 2016an, estreinako urtean.

Laugarren urtez antolatu dute lehiaketa-erakusketa, eta gai berbera aukeratu dute urtero: udazkena. “Azken finean, koloreagatik eta paisaiaren egituragatik, udazkenak aukera asko eskaintzen du argazkiak ateratzeko”. Gai zabala dela azpimarratu du Carmonak: “Zuhaitzak, basoak, itsasoa, hiria, animaliak… Alde horretatik ez dugu jartzen mugarik, eta nahi duen argazkia ateratzen du argazkilari bakoitzak”.

Egoitza berriaren zain

Hasiera-hasieratik, Artgazkiko kideek oso argi zeukaten Debagoienean argazkilaritza sustatzeaz gain hainbat elkarterekin elkarlanean aritzea zela euren helburua. “Inguruan bageneukan minbizia zeukan haur bat, Fernando; haren osaba ezagutu nuen, eta horrela jarri ginen harremanetan Aspanogirekin”. Bestela ezin, eta “oso harrera ona” egin zieten hasieratik, eta aurreratzean ere elkarlanean jarraitzeko asmo irmoa daukate Artgazkiko kideek. “Diru kopurua bera baino gehiago oihartzuna nahi izaten dutela jakinarazi ziguten Aspanogiko kideek, modu horretan herritarrek elkartearen berri izan dezaten”.

Urtetik urtera indartzen ari da Artgazki elkartea. “Eta, horren erakusgarri, ekitaldi askotatik deitzen digute gure argazkiren bat erabil ote dezaketen galdezka. Ekintza askotan parte hartzen dugu”. Hori bai, gaur egun “egoera zailean” daudela onartu du presidenteak. “Izan ere, gaur-gaurkoz ez daukagu egoitzarik. Udalak egoitza bat utzi zigun bere garaian, baina oso txikia zen, eta, uholdeak tarteko, hezetasun arazoak izan genituen, gainera”. Udalak beste egoitza bat utzi zain daude elkartean, bilerak eta ikastaroak egin ahal izateko, eta biltegi gisa baliatzeko. “Deituko zigutela esan ziguten, baina zain jarraitzen dugu”.