Emaitzak jasotzeko garaia da

Emaitzak jasotzeko garaia da

Unai Zubeldia

Hilabete askoko isileko lanaren ondoren, iritsi da bateko eta besteko iritziak pilatzen hasteko garaia. Aurreko urtekoa baino bizixeagoa dela, alkohol gehiago daukala, kolorez indartsuagoa dela… Tortilla, bakailao, txuleta, intxaur eta gazta artean, txoko askotan sagardoa izango da hizketagai nagusia hurrengo aste eta hilabeteetan. Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, hurrengo asteazkenean inauguratuko dute txotx garaia, Astigarragako Gartziategi sagardotegian, Sagardo Berriaren Egunarekin, eta maiatzeko lehen asteburura arte zabalik egongo dira sagardotegietako ateak.

Olatz Arrieta kazetariak irekiko du txotx garaia Gartziategi sagardotegian; 12:00etan hasiko da ekitaldia, Sagardoetxean, eta 12:45ean Arrietak sagarrondo bat landatuko du Sagardoetxeko sagastian. Sagardotegiko ekitaldi nagusia, berriz, 13:45ean hasiko da. “Gure sagardo berria” oihuak lagunduta, orduan hasiko dute txotx garaia, Gartziategi sagardotegian bertan.

Hori bai, Astigarragakoa ez da izango txotx garaia irekitzeko ekitaldi bakarra. Hernanin bi egun geroago ekingo diote, urtarrilaren 18an, ostiralean, Ezkiaga pasealekuan, 19:00etan. Pilotaren arloan lanean ari diren hamabost pertsona omenduko dituzte aurten; pilota eskolako hamabi eta Galarretako hiru. Azpeitian, berriz, gaur bertan, 20:00etan, Añota sagardotegian izango dute txotx irekiera ekitaldia —Joxe Apalantza gonbidatu dute—. Eta Usurbilen eta Zubietan atzo hasi zen txotx garaia, Saizar sagardotegian —Ketama musika taldea gonbidatu zuten—.

Sagardoaren Lurraldeak hurrengo asteazkenean aurkeztuko du uzta berria, eta arduradunek egun horretan bertan emango dute sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarrien berri. Baina, dagoeneko, aurreratu dituzte datu batzuk. Euskal Herrian ia hamabi milioi litro sagardo egin zen iaz, 2018ko uztan, eta horietatik 1,5 milioi litro inguru dira Euskal Sagardoa sor-markakoak, erabat bertako sagarrarekin egindakoak. Unai Agirre Euskal Sagardoa sor-markaren koordinatzailearenak dira azalpenak: “Iazko datuekin alderatuta, %30-40 inguru produzitu dugu aurten. Erabat ezohikoa izan zen iazkoa, lau milioi litro sagardo produzitu genuen eta. Askoz datu normalagoa da aurtengoa”.

Agirreren esanetan, sagarrondoen ohiko joera izaten da hori. “Sagarrondoak, normalean, bi urtez behin ematen du sagar asko, eta uzta handi baten ondoren normala izaten da hurrengo urtean gutxiago biltzea”. Kantitateak, ordea, ez dio eragin kalitateari. “Gutxiago egin dugu, baina kalitate handiko sagardoa da; gogorragoa, intentsitate handiagokoa eta alkohol gehiagokoa”.

Sagastiak profesionalizatuta, egongo litzateke modua urteroko sagar produkzioa kontrolatzeko. “Baina ez dugu egiten halakorik”. Berezkoari heltzen diote beti. “Hori bai, gero eta sagasti profesional gehiago dago, eta etorkizunean pauso asko eman daitezke bide horretan. Lanbidea profesionalizatzen den neurrian, orduan eta orekatuagoa izango da uzta”.

Gaur-gaurkoz, 50 sagardotegi daude Euskal Sagardoa sor-markari lotuta: 43 Gipuzkoan, bost Bizkaian eta bi Araban. 250 hektareatako sagarra erabili da Euskal Sagardoa egiteko, eta Agirrek azpimarratu du Gipuzkoan, esaterako, azken urteotan 80 hektarea sagarrondo berri sartu direla. “Eta asko da hori”. Merkatuan, kapsula edo lepoko sagar gorria da Euskal Sagardoaren bereizgarria.

Sagar osasuntsuak

Aitor Etxeandia Sagarlan aholkularitza enpresako teknikariak azaldu du sagarrak zer behar duen ondoren sagardo ona produzitzeko. “Lehenik eta behin, ezinbestekoa da sagarra osasuntsu egotea, zati ustelik eta harrik gabekoa izatea. Eta, horrez gain, garrantzitsua da eguzkia ondo barneratzea; normalean, kalitate eskasagokoak izaten dira sagarrondoaren buruaren barneko sagarrak eta kalitate hobea izaten dute sagarrondoaren kanpoaldeko sagarrek”.

Gipuzkoan, oro har, hektarea gutxi izaten du jabe bakoitzak. “Hektarea bat, bi… horrelako lursailak izaten dira normalean”, zehaztu du Etxeandiak. “Baina egia da azkenaldian aldaketa dezente izaten ari dela arlo horretan ere; gero eta sagasti intentsiboagoak daude, eta lana errazten du horrek, mekanizatuago egoten baita dena”.

Gartziategi sagardotegiko langilea da Nere Lizeaga, eta asteazkenerako prestaketa lanetan murgilduta dabil jada. “Egun berezia izango da guretzat, oihartzun handia izaten duelako ekitaldi horrek. Presio pixka bat nabari da, baina oso pozik eta gogotsu gaude, hainbat urtean egindako lanaren ondorio baita”.

Urtarrilean sartzearekin batera, txotx garaia hasi zain egoten dira herritar asko eta asko, baina sagardotegietan hilabete askoko lana dago atzean. “Irail-urri aldera egiten da sagar jotzea edo sagar bilketa, baina egunerokotasuna eskatzen du sagardoak. Sagastiak zaindu, sagardoa botiletan sartu, merkaturatu… Sagardoak urte guztiko lana dauka atzean”. Gartziategiren kasuan, Euskal Sagardoa eta Gorenak sor-markekin merkaturatzen du sagardoa. “Aspaldi egin genuen kalitatearen aldeko apustua”. Isilean lanean aritu ondoren, ateak zabaltzera doaz sagardotegiak. “Animatu, etorri, eta gozatu guk egiten dugun lanarekin”. Gonbita eginda dago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.