Eskoletatik energia iraultzen

Eskoletatik energia iraultzen

Ikerne Zarate

Energia aurreztea eta eraginkortasun energetikoa sustatzea: helburu hori dauka Oiartzualdeko lau ikastetxe publikotan martxan jarri duten 50/50 proiektuak, eta baita energia arloan parte hartzea, kontzientziazio lana egitea eta prestakuntza bultzatzea ere. Errenteriako Cristobal Gamon herri eskolan, Lezo herri eskolan, Oiartzungo Elizalde eskolan eta Trintxerpeko Karmengo Ama ikastetxean ekin diote proiektuari.

Eneritz Arbelaitz Oiartzungo alkateordea da, eta Oarsoaldeko Energia Mahaiko udal ordezkaria. Hark azaldu du duela bi urte energia diagnosia egin zutela Oiartzualdeko lau herrietan, Ecooolocal programaren barruan. “Herri bakoitzean hutsuneak non geneuzkan, eragiteko guneak zein ziren, eta energia gehien non gastatzen genuen erakutsi zigun diagnosi hark”. Ezberdinak dira lau udalerriak, baina antzeko emaitza izan zuten laurek. Eremu bertsuetan daukate gasturik handiena; ikastetxeetan, esaterako. “Funtsezkoa zen hezkuntza arloan eragitea, eta lanean hastea erabaki genuen. Alde horretatik, tresna egokia iruditu zitzaigun 50/50 proiektua”. Arbelaitzek azaldu du energiaren gastua murrizteko balio duela, batetik, baina hezkuntza proiektua dela bereziki: “Lau udalek erabaki genezake ikastetxeetan energiaren gastua murrizteko hainbat neurri hartzea, baina ez dugu hala egin; ikasleak bihurtu nahi ditugulako protagonista; zer neurri hartu eurek erabaki dezaten nahi dugu”. Motibazioa da proiektuak duen beste indarguneetako bat, “ezinbestekoa” udal ordezkariaren iritziz: “Ikastetxeek erabakiko dute aurreztutako kopuruaren %50 zertan inbertitu; eskolako sarrera egokitu, bertako jolas parkea konpondu… Eurek erabakiko dute diru hori zertara bideratu”. Aurreztutako beste erdiarekin, berriz, ikastetxeetan bertan energia eraginkortasuna bermatzen eta, ahal den neurrian, aurrezten saiatuko da udala.

Ikastetxeetan egingo dute lanketa, baina Oiartzualdeko lau udalak jakitun daude horrek eragina izango duela herritarrengan. “Izan ere, ikasleek etxera eramango dituzte eskolako ohitura egokiak, eta energia aurrezteko eta egoki erabiltzeko neurriak hartuko dituzte bertan, gurasoekin partekatuta”. Urola Garaiarekin batera, Oiartzualdea aitzindaria izango da 50/50 proiektuarekin. Arbelaitzek ez dauka zalantzarik lanketa horrekin onurak lortuko dituztela. “Ahalik eta egokien egiten saiatuko gara, inguruko eskualdeetako udal eta ikastetxeetan ere interesa pizteko. Azken batean, garrantzitsuak dira proiektuaren bidez landuko ditugun balioak”.

Arbelaitzek garrantzia eman dio lortutako adostasunari ere, izaera ezberdineko lau udal elkarlanean hasi baitira. “Hausnarketa bateratu bat egiteko gai izan gara. Egungo eredu energetikoa ez da jasangarria; horretan bat egin dugu, eta horri aurre egiteko neurriak hartu behar ditugula ikusten dugu denok”.

Kultura berri bat zabaldu

Alberto Bezunartea EkoOn kooperatibako ordezkaria arduratuko da laguntza teknikoa emateaz. “Ahalik eta pertsona gehienen artean energia kultura berri baten balioak zabaltzea eta ohituren aldaketa sustatzea”: Bezunartearen hitzetan, hori da proiektuaren helburua. Orain ikastetxez ikastetxe egingo dute Oiartzualdeko lau herrietan egindako diagnosia, argazki energetiko zehatza lortzeko eta batezbestekoak kalkulatzeko. “Gaur egungo egoera zein den jakingo dugu horrela, eta alderaketa egingo dugu urtebete geroago, zenbat elektrizitate, gas eta ur aurreztu dugun jakiteko”.

EkoOn kooperatibako ordezkariaren ustez, “osagai pedagogiko garrantzitsua” dauka proiektuak. “Izugarri garrantzitsua da ikasleak kontzientzia hartzen eta erabakiak hartzen hastea”. Egitasmoak Alemanian du jatorria, Hanburgon zehazki, eta Angel Ruiz Casas Ecooo enpresako kideak Rubira (Herrialde Katalanak) eraman zuen duela zortzi urte. “Hango emaitzak ikusita, beste hainbat lekutan errepikatzen ari gara orain”, azaldu du Bezunarteak. “Oso emaitza onak lortu dituzte Rubin; hezkuntza komunitateko kide guztiek barneratu dute kultura energetiko berria”. Finean, ohitura aldaketen sustapenerako eta energia arloa gertuago sentitzeko tresna da 50/50 proiektua. “Instalazio baten erabiltzaile direnek etekina lortzea da asmoa, aktibo izatea, motibatzea, eta balio horiek guztiak barneratzea”.

Lezo herri eskola da proiektuan murgildu diren ikastetxeetako bat, eta oso pozik daude han, “erronka delako, baina baita aukera ere”. Hala dio Olatz Aldabe zuzendariak. “Denbora askoan ari gara lanean ingurumenaren inguruan, eta praktikotasuna da proiektu honen gauzarik positiboena”. Aldaberen ustez, gainera, hausnarketa sustatzen du 50/50 proiektuak, eta baita kontzientziazioa ere. “Haurrengan ohitura aldaketa sustatuko du, energia ondo kudeatzen ohitzen badira betiko egingo baitute hala”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.