Ez da nire asmoa errukarri agertzea

Danel Agirre

Testu hau ohetik hasi natzaizu idazten. Kontatu izan didate horixe bera astero egiten duten iritzigile dekadentez josita dagoela berripaper hau, baina ni bulegoko —egongelako— errutinak gurtzen dituen tipo ezin grisagoa nauzu. Nire kasuan, etsi-etsian hartutako neurria da. Dagoeneko bi egun daramatzat lauzpabost gigawatt energia askatuko zituzten sabeleko kalanbreekin. Eta une batetik bestera espero dute irakurtzera zoazen pieza erredakzioan. Gaixorik nagoela abisatuz gero, publizitate betegarri batekin ordezkatuko lukete, presaka, niri gordetako espazioa. Zutabe hau publizitate betegarri bat baino hobea izango denaz ez nago inola ere ziur. Autonomoa naiz, ordea, eta beldurrak gobernatzen nau beti. Gaur kale eginez gero, batek daki Hitza-n berriz argitaratzen utziko ote didaten.

Irratiko bi solasalditan parte hartzeari uko egin nion atzo. Agoniaren agonian, edredoiaren azpitik aritzea pasatu zitzaidan burutik. Plan suizida zen: trasteen bila joateko oin bat lurrean ipini, eta zorabioak nokeatu ninduen. Solasaldietarako ez nengoela jakinarazi eta zintzilik dudan beste mandatu bat atzeratzeko tekleatzeari ekin, eta karaktereak dantzan hasi ziren telefonoko pantailan. Ezin izan nuen saihestu, hala eta guztiz ere: mezuak bidaltzea lortu nuenerako, kaka eginda nengoen. Inori huts egiteagatik baino gehiago, nire karrera maldan behera irudikatu nuelako. Eta ororen gainetik, nire egoerak okerrera egin eta sendagilearengana jotzeko premia izanez gero, saltsa handi samarrean sartzeko arriskuan nengoelako.

Sei urte eta erdi pasatxo daramatzat inolako osasun estaldurarik gabe. Alemanian ez da unibertsala, eta zergak Gipuzkoan ordaintzen ditut oraindik. Nire diru sarrerak apal antzekoak dira, eta hilabeteko 400 bat euro gehiago beharko nituzke hemen, gutxienez, sendagileen kostuaz gain erretirorako ekarpena apartatu ahal izateko (ez daude kuota bakarrean bateratuta, gurean bezala). Bertako sisteman integratzeko sosik ez dudanez, erietxea bisitatzea tokatu, eta faktura potoloa jasoko nuke altarekin batera. Eta okerrena ez da hori. Funtzionarioren bati argi gorria piztu, eta Berlinen asegururik gabe horren luzaroan nolatan iraun ote dudan jakin nahiko luke. Nire betebehar fiskalekin Europako Batasuneko beste herrialde batean konplitzen dudala frogatzea egokituko litzaidake orduan. Amesgaizto burokratiko itzelezkoa, agiri bakoitza dagokion leihatilan aurkeztuta ere.

Irakurle, ez da nire asmoa zure aurrean errukarri agertzea. Ataka honetatik irten nahi izanez gero, baditut alternatibak. Atzerrian euskarazko berriemaile autonomo izatea ezinezkoa dela barneratu eta etxera itzultzea, ebidenteena. Edo hirian soldatapeko lana topatzea. Amorraturik onartuko nituzke irtenbideok, ordea, egoera hau nire errua soilik ez dena sinetsita nagoelako.

Ezaguna dut hiru herrialdetako bezeroak dituen eta laugarrenean bizi den ilustratzaile freelance bat. Kontinente osoan erakusketak fakturatu eta Berlinen kanpamentu basea duen artista. Ni neu Euskal Herritik eta Irlandatik (hango enpresa bati itzulpenak egiten dizkiot, nire fakturazioaren %70) sostengatzen duten kazetaria naiz. Guztiok gaude babesgabe Alemanian, ordezkari publikoek ez dituztelako aurreikusi egun ohikoak diren lan egiteko moduak. Europan libre mugitu ahal dugula sinetsarazi digute, digitalizazioa dute ahotan. Eta medikuarengana joate hutsak izua eragiten dit.

Leave a Reply

Your email address will not be published.