“Ezohikoa delako harritzen da jendea; hori aldatu behar dugu, pixkanaka”

Beñat Alberdi

Lana eta bizimodua bera ondo antzean bideratuta zeuzkan Pili Gartziak (Gabiria, 1967); lanpostu finkoa zeukan Bergarako Udalean. Erakarri egin zuen, ordea, suhiltzaile lanak, eta berak ere lor zezakeela sartu zitzaion buruan. Buruan sartu bakarrik ez, baita lortu ere. 2013tik suhiltzaile lanetan ari da bergararra. Genero arloko aurreiritzien gainetik, txoko bat egin du ustez gizonezkoena den lanbide batean. Etorkizunean emakume suhiltzaileen irudia ohiko bihurtzea desio du.

Bergarako Udalean zenbiltzan lanean, baina suhiltzaile lanari heltzea hautatu zenuen. Zer dela eta?

Nire gizona suhiltzailea da. Udaletxean lanean ari nintzenerako, suhiltzaile lanetan zebilen bera. Laneko kontuak kontatzen zizkidan etxera itzultzen zenean, eta harrituta uzten ninduen, inbidia pixka batekin. “Ni zergatik ez?” pentsatzen hasi nintzen denborarekin.

Nolakoa da ideia izatetik gauzatzerainoko prozesua?

Gizona laguntzeko prest zegoen hasieratik. Biok argi geneukan oso zaila izango zela, lanbide horretan ia ez dagoelako emakumerik. Zer eta nola ikasi lagundu dit. Zaila zen, ordea, emakume izanda probak gainditzea. Nire ustez, gizonezkoei oso bideratuta daude probak. Probatu egin nahi nuela erabaki nuen; zerrendetan sartzea lortu dut, nahiz lanpostua ez lortu.

Bideari aurkako testuinguru batean ekin zenion, beraz?

Hasieran, ez neukan aukera askorik lanpostua lortzeko. Ez daukat prestakuntzarik, adibidez, elektrizitate arloan eta mekanikan; ofizioa falta zait. Baina baserri giroan hazitakoa naiz, eta baserrian denetik egiten dute guztiek.

Azken batean, historikoki gizonezkoei lotutako ofizioak dira elektrizitatea eta mekanika, ezta?

Bai. Nire garaian, emakumeek ez zuten aukeratzen horrelako ikasketarik. Nire ustez, ofizioak eduki izan du indarra orain arte, baina orain, pixkanaka, emakumeak ikusten dira lehen egiten ez zituzten lanetan. Aldatuz joan da egoera. Etorkizunean uste dut belaunaldi berrientzat ez dela muga izango emakume izate hori.

Proba fisiko gogorrak gainditu behar izaten dituzue suhiltzaileek. Sexuak badauka eraginik alde horretatik?

Potentzia neurtzen dute probetan, gorputzaren goiko zatiko indarra. Arlo horretan, fisiologikoki, ezin da egin alderaketarik gizonen eta emakumeen artean. Landu daiteke, baina oinarria ez da berdina. Ogibide honetan emakumeen presentzia normalizatzen denean proba fisikoak aldatu egingo direla uste dut. Gaur egun, esaterako, bizkortasuna ez da neurtzen, eta beharrezkoa da. Gizonezkoen mundua da, ordea, eta haiei egokitutako neurriak jarrita daude. Ez diot inori errua bota nahi: errealitatea da.

Beste gaitasun batzuk neurtu beharko lirateke orduan?

Hori da. Gizonezkoen gaitasunetara mugatuta daude probak.

Suhiltzaile batek izan beharko lituzkeen gaitasunak zehaztea falta al da?

Daniela lankideak esaten du talde lana dagoela beti txanda bakoitzean, eta tresna kutxa baten modukoa dela talde lan hori. Denetik behar da. Indarrarekin pieza txikiren bat hautsi dezakezu adibidez, baina pertsona txikiren bat behar da zulotik sartzeko, bizkorren bat tokiren batean eskalatzeko…

Ohiko suhiltzaile estereotipoaren eredu alternatiboa behar dela, alegia?

Bai, orain artean gizonezkoak bakarrik izan baitira suhiltzaileak.

Muturreko egoeretan lan egin behar izaten duzue askotan. Indarraz harago, baliagarria al da enpatia?

Beharrezkoa izaten da askotan, bai. Gaur egun, adibidez, gero eta irteera gehiago egiten ditugu bakarrik bizi diren adinekoen etxeetara, atea irekitzeko, jendeak denbora askoan ez dituelako kalean ikusi. Etxebizitzetan sartzen gara kasu horietan, eta erorita edo hilda aurkitzen ditugu batzuetan. Sendia etortzen da, eta enpatia behar da halakoetan.

Oraindik ez duzu lortu lanpostu finkorik, baina jarraitutasunez ari zara lanean. Zein da suhiltzaileen lan errealitatea?

Hiru emakume bakarrik gaude Gipuzkoan, eta bakar batek ere ez dauka lanpostu finkorik. Gutxienekoekin ari gara lanean Gipuzkoan, eta lan eskaintza publikoko lan poltsa erabiltzen dute hutsuneak betetzeko. Oposizioetan, lanpostu huts guztiak ez dituzte ateratzen lehiara. 25 lanpostu zeuden azken lan eskaintzan, baina behar handiagoa zegoen. Gainera, 31 lagunek gainditu genuen azterketa. Atera ez zituzten lanpostuetan ari gara lanean lan poltsan gaudenak. Ordezkorik gabe gelditu dira, eta gutxieneko horiekin aritzen gara lanean norbait gaixotzen denean.

Protestak ere egin dituzue egoeraz kexatzeko.

Denok dauzkagu gure ohiko ordutegitik kanpo ordu asko pilatuta, eta are gehiago eskatzen ari zaizkigu. Ordu horiek ez dizkigute ordaintzen. Pilatzen ari gara, eta lan poltsa daukatenean itzuliko dizkigutela esan digute.

Ez da nolanahiko egoera…

Beste lan poltsetan ez daude gutxieneko horietan. Nik ulertzen dut baliabideak mugatuak direla. Ezinezko gauzak eskatzen ditugu batzuetan, baina ertzain mordoa dago, adibidez, eta lan eskaintza publikoak egiten jarraitzen dute hor. Eta suhiltzaileak zer? Ez al dago horretarako dirurik?

Konponbiderik ageri al da?

Gipuzkoa Babestu 20_30 plana aurkeztu zuen buruzagitza berriak. Plan horrekin, esaterako, Legazpiko eta Oñatiko parkeak itxiko lirateke, eta handiago bat zabalduko lukete Bergaran; lanpostu gehiago sortuko lirateke. Baina parkea non egin aztertzen ari dira orain. Betikoa: adreiluak jarri dituzte pertsonak baino lehenago. Noiz handituko dituzte, ordea, lantaldeak?

Babes zibila da zuen lana. Ahaleginak jasotzen al du bere saria?

Oso lan polita da. Egunero ikasten da zerbait, eta lanerako gailu asko erabiltzen ditugu. Oso polita da suhiltzaileon kolektiboa bera ere: oso harreman estua daukagu geure artean. Hori bai, guztia ez da horren ideala. Egoera ekonomikoa kontuan hartu behar da hemen sartu aurretik.

Zergatik?

Suhiltzaile bat ez da zuzenean hasten lanean. Azterketa gaindituz gero, lan poltsan sartzen zara. Lana egongo dela esaten dizute sartzean, baina inork ezin dizu ziurtatu noiz deituko dizuten. Gainera, ez dakizu zenbat denborarako lana izango den. Gerta daiteke hilabetean zortzi orduz bakarrik lan egitea, baina fakturak berdin ordaindu behar izaten dira. Pribilegiatua naiz, aurreko lanean eszedentzian nagoelako.

Lana polita dela esan duzu. Zerk bihurtzen du hain erakargarri?

Alde batetik, etengabeko formakuntzak. Beti aritzen gara ikastaroak egiten. Alde horretatik, oso aberatsa da. Bestalde, funtsean larri dagoen pertsona bati laguntzea da gure lana, eta ikaragarria da hori. Batzuetan tokatzen da ondoan norbait hiltzea ere, baina saiatu izanaren sentsazioarekin amaitzen dugu, gure esku zegoen guztia egin izanaren lasaitasunarekin. Horregatik, suhiltzaile izatera animatuko nuke jendea.

Komunitatea ere aipatu duzu. Harreman estua daukazue suhiltzaileen artean?

Denetik dago, toki guztietan bezala. Batzuetan, hain harreman ona ez daukazun norbait egokitu dakizuke taldean, baina denok oso barneratuta daukagu babes zibilaren kontu hori, eta talde lanerako prest egoten gara beti. Ez dut ezagutu jendeari laguntzeko gogorik ez daukan lankiderik; guztiok daukagu sen hori. Oso oinarri indartsua da hori.

24 orduko txandak izaten dituzue. 24 ordu igarotzen dituzue lanean?

Atsedenerako tarteak ere izaten ditugu. Bi egunetan banatzen dira 24 orduak, eta ikastaro bat izaten dugu egun bakoitzean. Baina bestelako lanak ere izaten ditugu. Ibilgailuak gainbegiratzen ditugu iristean, ea ezer falta zaien edo egoki dauden. Etxetxukun plana izaten dugu ondoren; egutegian jarrita edukitzen dugu egun bakoitzean zer gela edo toki garbitu behar dugun. Eta, azkenik, Ibilgarbi; egunero garbitzen dugu ibilgailu bat.

Suhiltzaileak, orduan, ez zarete gora begira egoten alarmak noiz joko zain?

Atsedenerako tarteak ere izaten ditugu, bai. Baina jendeak uste duen baino jarduera gehiago izaten da parke barruan. Ateak itxita ikusten ditu jendeak, eta lasai ederrean etzanda gaudela pentsatzen dute askok.

Erabiltzen al dituzue filmetan ikusten diren barra horiek?

Egon badaude, baina alarmak jotakoan nahikoa denbora egoten da eskaileretatik jaisteko.

2013an zu izan zinen Gipuzkoako lehenengo emakume suhiltzailea. Horrek eraginik izan al zuen kolektiboaren barruan?

Berez, egungo hiru emakumeok gainditu genuen azterketa. Ehuneko batzuk gehiago neuzkan nik, eta horregatik deitu zidaten niri. Bitxia da, baina hirurok gainditu genuenean, parke guztietan emakumeentzako aldagelak egokitu zituzten.

Nolako harrera egin zizueten?

Oso ona. Beti egokitu daiteke artabururen bat, baina bere tokian jartzen dute gainerakoek. Lan poltsetan egon gara hirurok, eta parke guztietan ibili gara; alde horretatik, normalizatu egin da egoera.

Eta zer-nolako harrera egin dizue gizarteak?

Emakumeak garela ikustean, ohikoa izaten da denak guri begira jartzea; ez da oso sentsazio ona, baina pasatu beharrekoa da. Jendea harritu egiten da, baina harritzekoa delako harritzen da. Gure presentzia oso murritza da oraindik. Gure presentzia handitu ahala aldatuko da hori. Jendea ez da harritzen izatez atzerakoia delako, ezohikoa delako baizik. Hori da aldatu behar dena; ez du izan behar harrigarria. Emakumeak animatu behar ditugu etorkizunean suhiltzaile izan daitezen.

Egongo al da aldaketarik etorkizunean?

Bizkaian jada emakume batek lortu du lanpostu finkoa, eta Araban ere beste bat sartu dela uste dut. Oposizioetan, oraindik, oso apala da emakumeen presentzia; %1 inguru dela uste dut. Baina normala iruditzen zait. Ahalegin handia eskatzen du, eta ez da erraza emaitza ona lortzea.

Suhiltzaile lanetik kanpo, Bergarako Martxanterak talde feministarekin ere aritu izan zara.

Ez nago talde barruan, denborarik ez daukadalako. Baina haiekin dago nire bihotza. Ilusioz gainezka bizi izan dut mugimendu hori; Bergaran dagoen mugimendurik emankorrena dela esango nuke. Asko mugitzen dira. Taldea ez da handia, baina jende asko mobilizatzen dute. Gauzak egiteko oso modu parte hartzailea daukate. Bergaran, urte askoan, ez da ezer egon, eta lanerako gogoa dago. Izan ere, errealitate gogorra dago munduan… La Manada-ren epaiarekin argi gelditu da ez dagoela justiziarik.

Lanetik kanpo oraindik ere irabazteko borrokak badauden seinale al da hori?

16 urteko alaba bat daukat nik, eta beldurra ematen du gauez bakarrik dabilela jakiteak. Baina hori lortu behar dugu. Lantokiko kide batekin aipatu nuen gure alabei ez diegula murriztu behar euren bizitza. Kontu horrekin borrokan aritzen naiz beti. Eurek nahi dutena lortzen dute erasotzaileek: neskek ibili behar dute kontuz, neskak ezin dira irten kalera.