Gurasoen etxean harrapatuta

Gurasoen etxean harrapatuta

Aitziber Arzallus

Gipuzkoan, etxebizitzen %2 hutsik daude; 11.610 etxebizitza, hain zuzen ere. Sei hilabete eta bi urte artean daramatzate itxita, inork erabiltzen ez dituela. Halaxe dio Etxebide Etxebizitzaren Euskal Behatokiak joan den urtean egindako azterketa batek. Bien bitartean, milaka gazte, 30 urtetik gorakoak asko, gurasoen etxean harrapatuta daude, laneko ezegonkortasunak, soldata apalek eta alokairuan hartzeko moduko etxebizitzarik ezak behartuta.

Azpeitian, esaterako, dozenaka gaztek alde egin nahi lukete gurasoen etxetik, euren kontura bizitzen hasteko. Baina ezinezkoa zaie, alokairuan hartzeko etxebizitzarik ez dagoelako. Egurtza etxe agentzian, esaterako, une honetan ez daukate alokairuan eskaintzeko etxebizitza bakar bat ere. Jabi Agirrek hiru urte daramatza agentzia horretan lanean, eta denbora tarte honetan egoera horixe bera izan dela dio. “Oso etxe gutxi irteten da merkatura, eta irteten direnak berehala alokatzen dira”. Egurtza etxe agentzian zerrenda bat dute etxebizitza alokairuan hartu nahi duten bezeroekin, eta zerrenda horretara jotzen dute etxebizitzaren bat daukatenean. “Denetariko jendea dago zerrendan. Gazteak bai, baina baita adinekoak ere, eta asko eta asko atzerritarrak”.

Bat dator Azpeitiko Amube etxe agentziako Patxi Elustondo ere. “Orain sartu zait alokairurako etxeren bat, baina normalean ez dut izaten bakar bat ere”. Baina zergatik? Ez ote dago, bada, etxe hutsik herrian? “Ez, arazoa ez da hori”, ziurtatu du Elustondok. “2003an edo 2004an azterketa bat egin zuen Kale Gorrian kolektiboak, eta herrian 1.700 etxe huts zeudela ondorioztatu zuen. Horietatik 600-700 alde zaharreko etxebizitzak lirateke, zaharrak eta baldintza eskasetan daudenak, baina beste 1.000-1.100 egoera onean leudeke”. Jabeek ez dituzte alokairuan jarri nahi, ordea. “Esperientzia txarrek oihartzun handia izaten dute, eta horrelakoak egon badaude, baina ez da bidezkoa denak zaku berean sartzea”.

Beste arrazoi bat ere badela dio Elustondok: “Kultura talka. Kontua da atzerritarrak direla etxebizitzak alokairuan hartuko lituzkenetako gehienak, eta horrek, oraindik, erreparo handia ematen die jabeei. Zer gertatzen da? Etxebizitzak itxi egiten dituztela atzerritarrei alokatu nahi ez dizkietelako, eta herriko gazteek, alokairu bila hasten direnean, ez dutela topatzen etxerik”.

Etxe turistikoen eragina

Alokatzeko etxe gutxi, eta daudenak, gero eta garestiago. Azkenaldian prezioetan neurrigabeko igoera sumatu duela adierazi du Elustondok. “Adibidez, lehengo batean Internetera atera zen etxe bat, Azpeitiko alde zaharrekoa. Berrituta zegoen, baina laugarren solairua zen, igogailurik gabea, eta hilean 780 euro eskatzen zituzten. Nora goaz prezio horiekin? Horiek ez dira Azpeitirako prezioak”.

Prezioen neurrigabeko igoera hori etxe turistikoen arrakastaren eragina dela uste du Amube etxe agentziakoak. “Madril eta Bartzelonako lau kaletan jabe batzuk sekulako negozioa egiten ari direla ikusi dute, eta Azpeitian ere gauza bera egin dezaketela pentsatu dute”. Alde zaharreko hori ez baita Elustondok azkenaldian ikusi duen adibide bakarra. “Ez, erabat puztuta daude azkenaldian merkatura irten diren alokairuko etxebizitza askoren prezioak. Hilean 700 eta 800 euro eskatzen ari dira, eta Azpeitian prezio horiek ez daukate zentzurik, oso etxebizitza esklusiboa ez badaukazu, behintzat”.

Elustondoren arabera, gazteek ez daukate prezio horietan alokatzeko modurik. “Herriko egoera ekonomikoa, berez, ez da txarra. Langabezia tasa baxua daukagu, %7 ingurukoa. Arazoa da soldatak ere baxuak direla. Gazteek hilean 900 euro inguru kobratzen dute, eta soldata horiekin gutxienez bi lagun behar dira etxebizitza bat alokairuan hartzeko, ez baita errenta bakarrik; argia, ura, gasa, asegurua… beste gastu asko ditu etxebizitza batek. Hilean 700 edo 800 euroko errenta ordaintzeko, 1.500 eurotik gorako soldatadun bi lagun behar dira, eta gaur egun ez dago horrelakorik”.

Ildo horretan, Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak alokairua ordaintzen laguntzeko ematen dituzten laguntzak “oso baliagarritzat” jo ditu Elustondok; ez, ordea, Espainiako Gobernuak etxebizitzen alokairuen merkatua arautzeko abenduan onartu zuen legea. “2013an, [Mariano] Rajoyren gobernuak bost urtetik hirura jaitsi zuen alokairu kontratuen iraupena. Neurri egokia izan zen etxebizitza alokairuan jarri ala ez zalantzan zeuden etxe jabeak animatzeko. Baina, orain, atzera egin dute berriz, eta bost urtera luzatu dute iraupena. Atzerapauso argia da”. Elustondoren ustez, alokairuen prezioak mugatzeko neurriak behar dira, eta ez kontratuen iraupena luzatzekoak. “Agian hiriburuetan eragina izango dute neurri horiek, baina herrietan behar duguna da errentari muga jartzea, gazteei erraztasunak emateko”.

Azpeitiko Udalak urteak daramatza 18 eta 35 urte arteko gazteei alokairua ordaintzeko laguntzak ematen, eta urtetik urtera gehiago dira diru laguntza eskatu duten herritarrak. Laguntza jasotzeko, ezinbestekoa da gutxieneko baldintza batzuk betetzea; esate baterako, alokairuagatik hilean ordaintzen den errenta gehienez 550 euro izatea eta gutxienez urtebeteko kontratua izatea. Eusko Jaurlaritzak ere iaztik abian du 23 eta 35 urte arteko gazteei alokairua pagatzen laguntzeko Gaztelagun programa. Alokabideren webgunean izena eman behar da laguntza eskatu ahal izateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.