Tabernak, maitasuna, kalea

Leire Narbaiza

Laurogeiko hamarkadaren amaieran oso famatua egin zen Gabinete Caligari talde espainiarraren Al calor en un bar kantua. Parrandetan abestu ez ezik, dantzarako motiboa ematen zuen, gainera. Abestiaren leloa ahots betez kantatzen genuen, eta hala zioen: Bares, qué lugares tan gratos para conversar. No hay como el calor del amor en un bar (Tabernak, zelako leku atseginak solaserako. Maitasunaren beroa taberna baten baino gauza hoberik ez dago).

Niri neuri letra zati horrek zirrara bitxi bat sortzen didala aitortzen dut. Oso bisuala egiten zait, eta ia film baten bezala ikus nezake neguko hotzetan, taberna atsegin bateko barra bazter baten maitearekin izandako berbaldi goxo eta konplizea; non mundua edaritegi horretako txoko horretara mugatzen den, unibertsoa finitua, kutunaren begietan amaitzen delako; non begiek ahoek baino gehiago adierazten duten… Bai, hori guztiori datorkit burura kantua entzutean!

Oso iradokitzailea da ahapaldi hori, ostatuetako giroak eragindakoa, hain zuzen. Tabernetan hazi gara, eta tabernetan eman dugu gure bizitzaren zati handi bat. Tabarniakoak ez, baina tabernakoak bagara ia guztiok gurean. Onerako zein txarrerako, gure bizimoduaren ikurretako bat da. Ni ere tabernazalea naiz, abestiak dioen legez, leku atseginak eta ederrak direlako egoteko eta babesteko. Baina orain beste perspektiba batetik begiratzen diet establezimendu horiei. Beharbada adina izango da, edo bizitzaren momentu hau, ez dakit, baina azken boladan begitantzen zait tabernek kalean egoteko gure modua baldintzatzen dutela zeharo.

Jesarri zarete inoiz arratsalde erdian kaleko banku baten, kale erdian, ez plazan, egonean egotera? Harridura begiradak jasotzen dira, eta komentarioak: Zer, zain? Zer egiten duzu hemen?. Jendeari bitxia egiten zaio adinekoa izan barik kale erdian jarrita egotea. Baina hogei metro harantzagoko terrazan eserita izanez gero, komentarioak bestelakoak dira: Zer, kafea hartzen? Zu bai ondo!

Badago langa bat banatzen gaituena: tabernara joan litekeen pertsona, eta joan ezin dena. Gure kafetegi eta edaritegiak hemengo gazte-helduon espazioak dira, oro har. Jo dezagun parke, plaza eta kaleko bankuetara. Zein pertsona aurkitzen ditugu? Zaharrak, nerabeak eta atzerritarrak, batez ere —ez esan parkean txintxaunetan umeei begira denbora luzea ematen duzuela, urte gutxi barru tabernara joango zarete-eta—. Klase sozial eta adin arrakala itzela dago hor. Ia beti ekonomia duena oinarri, kafetegira joanez gero kontsumitu egin behar delako, jakina, eta poltsiko askok ezin dute egunero-egunero halako premiagabeko gastua jasan.

Hain dugu barneratuta tabernaren kultura, non normalizatu egiten ditugun kontu ez hain normal asko. Adibidez, espazio publikoaren pribatizazioa terraza eta mahaiekin (eragiten duen enbarazu guztiarekin hainbat espaloitatik pasatzeko orduan); edota alkoholaren kontsumo neurrigabe eta etengabea; edo edonoiz kontsumitu behar izatea zeozer, lagunekin kalean egoteko. Zeharo guretu ditugun kontuak dira, baina hausnarketa bat merezi dutenak.

Bai, eta segituko dugu tabernez gozatzen, baina agian beste begirada bat dugula, ezta?

Leave a Reply

Your email address will not be published.