Ezkutuan zegoen harribitxia

Ezkutuan zegoen harribitxia

Aitziber Arzallus

Turismoa eta formakuntza sustatzeko gune berria du Azpeitiak. Eta ez nolanahiko gunea: Basazabal jauregia, hain zuzen. Alde Zaharrean dago —Enparan kalean—, eta XIV. eta XV. mendeen artean egindako eraikin errenazentista bat da. Berrogei urtez itxita egon ostean, eraikina berritu egin du Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Urtarrilaren bukaeran zabaldu zuten, eta turismo eta trebakuntza zerbitzuak eskainiko dituzte aurrerantzean.

Izaera zibila du Basazabal jauregiak, etxebizitza gisa erabili izan baitzen urte askoan. Han bizi izan zen lehen familiatik datorkio izena: Basozabal familiatik. Ondoren, beste hainbat familia noble eta aberats bizi izan zen bertan. 1964an, Historia eta Arte Intereseko Monumentu izendatu zuen eraikina Espainiako Kultura Ministerioak, eta, handik hogei urtera, kultur ondare izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Eraikina zaharkitu egin zen urteen ondorioz, eta 1990ean erosi zuen Azpeitiko Udalak.

Azken 30 bat urteotan hainbat proiektu proposatu dituzte Basazabalerako. 1980ko hamarkadatik 2007ra artean, kultur etxea egiteko proposamena izan zen mahaiaren gainean. Dena den, 2007ko martxoan udalak jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzari eraikina erostekoa zela; eta, urte hartako maiatzaren 3ko udalbatzarrean, Basazabal hotel bihurtzeko alokairurako oinarriak argitaratzea ere onartu zuen erakundeak. Hotela egiteko proiektuak jasotzeko epea zabaldu ere egin zuen, baina sekula ez zen gauzatu egitasmoa.

Urte askoan ez aurrera eta ez atzera egon ostean, Azpeitiko Udalak 2014an heldu zion, berriro, Basazabalen gaiari. Hain zuzen ere, azterketa egin zuen eraikina zertarako erabili erabakitzeko. Eraikin babestua denez, hainbat proiektu bertan behera utzi behar izan zituen, eta eraikina errehabilitatzea erdietsi zuen. 2016an, Eusko Jaurlaritzak 300.000 euroko diru laguntza eman zion udalari Basazabal eraikina berritu eta hari erabilera berria emateko, eta urte bereko ekainean hasi ziren jauregia berritzen —eraikina birgaitu zutela 35 urte ziren, eta kalte nabarmenak zituen. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere diruz lagundu du proiektua 200.000 euro bideratu ditu Kultura Sailak, eta Azpeitiko Udalak ordaindu du 642.000 euroko aurrekontuaren gainerako zatia.

Lanak bukatuta, orain, turismo eta formakuntza zerbitzuak eskainiko dituzte han. Lau solairu ditu Basazabalek, eta turismo bulegoa zabalduko dute beheko solairuan. Goiko solairuetan, berriz, erabilera anitzeko gelak egokitu dituzte: liburutegia, ikastaroak egiteko guneak, ekitaldietarako aretoa… Eraikin babestu gisa aitortuta dago jauregia, eta, horregatik, etxearen egitura mantendu eta eraikinaren filosofiarekin bat egiten duten gela askotarikoak egin dituzte bertan.

Zaharberritze lanen luzapenak tarteko, Azpeitiko Udalak behin baino gehiagotan atzeratu du Basazabal jauregia zabaltzeko epea, baina urtarrilaren 25ean inauguratu zuten azkenean. Ikusmin handia sortu zuen irekierak, eta, aldundiko eta inguruko udaletako ordezkariez gain, dozenaka herritar bertaratu zen ekitaldira. Iragan asteburuan —eraikina irekita egon den lehena—, berriz, mila lagun baino gehiago joan zen hara. Asteartetik igandera egongo da irekita: asteartetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara.

Beste harribitxi bat

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen hitzetan, “historia berreskuratzeko beste pauso bat” izan da Basazabal. Eta, horri lotuta, datu esanguratsu bat jakinarazi zuen: “Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae [1545] da historiako euskarazko lehen inkunablea, baina euskarazkoa izan daitekeen beste inkunable bat aurkitu dugu eraikina lehengoratzeko lanak egin ditugunean. Hain zuzen ere, Martin Zurbano Tuyko gotzainak idatzitakoa da, 1516koa, eta hark Alejandro VI.a Aita Santuaren aurrean egindako diskurtsoa dago jasota inprimaki horretan. Testua euskarazkoa dela frogatzen bada, beraz, Etxeparerena baino zaharragoa izango da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.