‘Total bajauta gare’

Leire Narbaiza

Honezkero jakingo duzue Nazio Batuen Erakundeak (NBE), Unicefek, Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) eta enparauek urte bakoitza kausa noble edo kolektibo ahul bati eskaintzen diotela. Esloganak eta berba polit asko isurtzen dituzte erakunde horietako goi karguek; egin edo konpondu, ordea, ezer gutxi egiten dela usten dut nik.

2019a Hizkuntza Indigenen Nazioarteko urtea izendatu du Unescok. Zer da hizkuntza indigena, baina? Wikipediak hala definitzen du indigena hitza: “Indigenak edo herri indigenak estatu modernoak sortu eta muga politikoak ezarri baino lehen, lurralde batean bizi ziren herriei deritze. Horretaz gainera, herri indigenek beste zenbait ezaugarri ere badituzte (…) Herri indigenak berak bere burua talde kultural bereizi moduan ikustea eta inguruko herriek ere izaera berezi hori onartzea, hizkuntza eta egitura sozial eta politiko bereziak izatea, ekoizpen-modu nagusiari (kapitalismoari, kasu) jarraitzen ez dioten ekonomia izatea eta ingurumen naturalarekiko atxikimendu tradizional bat izatea. Indigena izendapenaz gainera, ohikoa da herri horiei eta herri horietako kideei aborigen, natibo, autoktono edo besterik gabe bertakoa deitzea”.

Ez dakit gu indigena, aborigen, autoktono, bertako edo zer garen, baina estatu modernoek mugak ezarri dizkigute gainean; ia beste guztiak betetzen ditugula esango nuke, baina. Hori bai, gure ekoizpen moduak oso-oso kapitalistak dira, eta geure burua oso ekologista eta naturaren maitale ikusten badugu ere, latza da ingurumenari egiten diogun kaltea. Beraz, esango nuke euskaldunoi badagokigula pixka bat urte hau, gureak hizkuntza indigenatik baduelako.

Ba ei dagokigu, baina nago gure agintari askori izendatze horrek ez diela grazia handirik egingo, indigena eta kosmopolita izaerak bateratu ezin direlakoan. Uste dut, horregatik, instituzioetatik ez dutela ezer egingo aurten gure hizkuntzari gorazarre egiteko. Tira, gorazarre beharrean, hobeto indarra eta presioa egingo balute. Adibidez, Twitterren. Eguneraketa berriarekin euskara desagertu egin da webgunetik. Hainbeste kostatu zen euskaraz jartzea! Orain zer, berriro ere aldarrikapena egin behar erabiltzaileok? Oso etsigarria da.

Baina agintariek zelan egingo dute bultza euskara kontuetan, Eusko Legebiltzarrean euskara hutsez aurkeztutako lege proposamena ez badu tramiterako onartu Legebiltzarreko Mahaiak? Edota Ertzaintzari euskaraz hitz egiteagatik mozal legea aplikatu badio Segurtasun Sailak, baita Argia-ko kazetariari ere, gertatu zenaz informatzeagatik? Eta ez da ezer gertatu; eta, hori, Euskaraldiaren osteko klimaxean egonda…

Argia-n bertan, duela gutxi, Mikel Soto Txalapartako editore ohiari elkarrizketa ezin interesgarriagoa egin diote. Hala dio Sotok: “Nik esango nuke baxu gaudela [euskaldunok], zentzu guztietan, eta kulturan eta literaturan ere bai. Beharbada, normala da, pasatu dugu zerbait oso gogorra, eta gero gelditu gara oso une arraroan”. Ezin adosago. Plaentxiarrek (Soraluzekoek) esaten duten moduan tótal bájauta gare. Indar barik, eta bertan gozo, zilborrari begira, hustuta gaudelako, energia faltan.

Itxura baten, gizonak daude makalen, Euskaraldian ere hiru partaidetik bi emakumeak izan baikara. Zer gertatzen zaie gizonezkoei? Abailduago daude? Indigenago ote gara andrazkoak?

Altxa gaitezen, generoak genero, hizkuntza indigenen alde!

Leave a Reply

Your email address will not be published.