Ekonomia eraldatzeko dirua

Ekonomia eraldatzeko dirua

Maria Ortega Zubiate

Hernaniko herritarrek diru berria izango dute laster erabilgarri, ekhi dirua, herriko zenbait dendatan kontsumitu ahal izateko. “Diru bat baino gehiago, ordainketa sistema bat da”, zehaztu du Alex Lopez Ekhilur kooperatibako kideak. Haiek jarri dute martxan, hain zuzen ere, Hernaniko Udalarekin eta Berriak merkatarien elkartearekin lankidetzan.

Ordainketa sistemaren aurkezpenean, Marta Zulaika Berriak elkarteko ordezkariak azaldu zuen herriko merkataritza bultzatzea duela lehen helburu: “Azken urteotan ikusten ari gara dirua gero eta gehiago Donostiara doala, edo online dendetara. Sistema berri honekin, herrian bertan erostera animatu nahi ditugu hernaniarrak”. Sistemaren funtzionamendua ez da beste txartel elektronikoen oso desberdina: ekhiaren zirkuituko komertzioetarako aplikazioa izango dute eskuragai erabiltzaileek, eta horrekin egingo dituzte ordainketak. Proiekturako webgunea ere sortu dute, eta bertatik kontrolatu ahalko dute beren kontuaren egoera.

Kontua zabaltzearekin batera, euro kantitate bat sartu ahalko du erabiltzaileak. “Azken finean, ekhiak euroak dira, baina guk finkatutako ordainketa sisteman baino ezingo dira erabili”. Izango du berezitasunik, ordea: sistema horrekin kontsumitzen duen erabiltzaileak sari bat, deskontu bat, jasoko du bere kontuan sisteman gastatu ahal izateko; horrela, sare bat sortuko da ekhi ordainketa sistema erabiltzen duten dendari eta herritarren artean, “zirkuitu itxi bat”.

Sare hori zenbat eta handiagoa izan, zenbat eta herritar eta dendari gehiagok parte hartu, aberastasun handiagoa eratuko duela dio Lopezek: “Herriko dirua bertan erabiltzen bada, zirkuitu ekonomiko propioa indartuko da. Zenbat eta gehiago erabili diru hori, abiadura hartzen badu, diru bera esku desberdinetatik pasatzen da, behin baino gehiagotan erabiltzen duzu, eta aberastasuna areagotu egiten da diru kopuru berarekin”. Eta, horrela, ekonomiak duen joera aldatu nahi dute: “Egun, oso zabaldua dago konpetentzia ekonomian; hortik lankidetzara pasatu nahi dugu”.

Luzera begira

Hernaniko adibidea aitzindaria da Gipuzkoan, lehen herria baita ekhi sistema ezarri duena. Bizkaian badute martxan: Bilbon. “Proba pilotuak” direla adierazi du Lopezek. Gipuzkoako beste udal batzuetatik ere eskaririk jaso dutela jakinarazi du, baina, momentuz, Hernanin soilik egongo da, akatsak eta hobetu beharreko alderdiak ikusteko.

Horretarako, jendearen parte hartzea ezinbestekoa da, eta hori bultzatuko du Hernaniko Udalak. Haren helburua 80 establezimenduk izena ematea da, eta 800 erabiltzailek urtebetean proba egiteko aukera ematea. Horregatik, kontuak dituen gastuak ordainduko dizkie herritarrei zein dendariei lehen urtean: hamabi euro herritarren kasuan, eta dendenean, 24 euro.

Hernaniko eta Bilboko sareak lehen pausoa dira; “saretze fasea” deitu dio Lopezek. Haren hitzetan, proiektuak aurrera jarraitu eta “sareen sarea” eratu nahi dute Ekhilurreko kideek. Hori horrela, Hernaniko herritarrek ekhi sistema erabili ahalko lukete sistema hori duten beste herri bateko establezimenduetan, baina jasoko luketen saria, deskontua, sare horretan baino ezingo lukete erabili. Dendarien kasuan, berriz, jasotako dirua ekhiaren sare osoan erabiltzea dute helburu. “Sarritan dendariek ezin dituzte produktu guztiak beren inguruan lortu, eta, eurotara aldatu beharrean, ekhiak erabiltzearen alde egin dugu”, adierazi du Lopezek.

Epe ertaineko xedea da hori; eta “oso luzera begira”, berriz, erakutsi nahi dute posible dela gaur egungo sistema ekonomikoa “eraldatzea eta hazkunderik gabeko sistema ekonomiko bat sortzea”, Ekhilur kooperatibako kidearen esanetan; “are, desazkundean oinarritzen den sistema posible dela frogatu nahi dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.