Urraketen kontra, bidelaguna »

Hizkuntza eskubideen urraketa nozitu baina onartzeko prest ez dauden herritarren zerbitzura dago Behatokia; aholku emaile, laguntzaile eta salaketa bideratzeko tresna da duela 15 urtetik. Helburua jasotako salaketak bideratu eta arazoa konponbidean jartzea dela nabarmendu dute. - Irakurri gehiago...

Akordio “osasuntsu” batekin »

Maite Alustiza

“Oraindik garaiz gaude. Izan ere, inoiz ez da berandu segurtasuna areagotu eta osasunarentzat eragin txikiena duen hondakin tratamendua bilatzeko”. GuraSOS guraso taldeak argi du badagoela erraustegia ez den beste alternatibarik. Horregatik, “osasuna eta adostasuna” aldarrikatuko ditu bihar, Donostiako kaleetan: 17:00etan hasiko da manifestazioa, Araba parketik, eta, Alderdi Ederrera arteko bidean, akordio “osasuntsu bat” eskatuko dute: “Bistan dago hondakinen kudeaketa gatazkatsuak irtenbide azkarra behar duela Gipuzkoan, ezin baita gehiago atzeratu”.

Gehiago bildu ordez, gutxiagok eskatzea »

Maite Alustiza

“Beti pentsatzen dugu ezin dugula gehiago bildu, baina elikagai kopurua gehitzen doa”. Jose Manuel Pineda Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidenteak emandako datuen arabera, 2014ko bilketan 575.000 kilo jaso zituzten, eta, iaz, 626.850 kilo. Aurten, hala ere, “zail” ikusten du kopuru horiek gainditzea: “Batzuek diote gipuzkoar bakoitzeko kilo bat jaso beharko genukeela, baina gure helburua ez da kiloak eta kiloak pilatzea, baizik eta laguntzen dugun pertsona kopurua gutxitzea”.

“Krisiak ez zuen eragin handirik izan Legazpiko lantegian” »

Tere Madinabeitia

Legazpiren XX. mendeko historia jasotzen duen trilogiari amaiera emateko, Legazpi siglo XX, 1975-2000. El final de un ciclo industrial liburua (Legazpi XX. mendea, 1975-2000. Ziklo industrial baten amaiera) idatzi du Jose Mari Urzelaik. Aurreko bi lanetan, XX. mendeko mugarriak eta 1940-1975 urteak landu zituen. Liburu berriarekin zikloa itxi egin du Urzelaik. Orain, atseden hartzeko unea iritsi zaio; 1960ko hamarkadan herriko berriemaile gisa hasitako ibilbidearen helmugara iritsi da.

[Herri herri] Getaria. Pil-pilean, herri giroari eutsiz »

Eider Bereziartua
Urola Kostako herri arrantzalea da Getaria. Zarautz eta Zumaia artean dago kokatuta, eta Juan Sebastian Elkano munduari bira osoa eman zion lehen itsasgizonaren jaioterria da. 2.840 biztanleko udalerri txikia da.

Mugikortasun bideak, gorrian »

Bidegorri sarea osatzeko plana 2013an onartu zuen foru aldundiak, eta pixkanaka ari dira bideak egiten. Kalapie taldeak, ordea, salatu du onartutako inbertsioak ez direla betetzen, eta aurrekontuetan jaitsiera izan dela berriro. - Irakurri gehiago...

“Bagoi fabrikak iraultza eragin zuen Ordizia eta Beasainen” »

Loinaz Agirre

Juanjo Olaizola Elordik eta Martin Garcia Garmendiak Bagoi fabrika eta haren eragina Beasainen eta Ordizian (1901-1925) liburua argitaratu berri dute, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak erositako Pablo Weeberren argazki bilduma oinarri hartuta. Tren industriaren hastapenak aztertu, jaso eta laburbildu ditu Olaizolak (Donostia, 1965).

Hiru gehiagoren arnasa euskarari »

Maite Alustiza

Mendaro, Ataun eta Errezilgo udalek Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko urratsa egin dute. Joan den astean onartu zuten Ataungo eta Errezilgo osoko bilkuretan, eta urri bukaeran Mendarokoan. Alegaziorik ez bada, Uemaren batzar orokorrean izendatuko dituzte mankomunitateko kide, urtarrilaren 14an. Hemeretzi udalek sortu zuten Uema duela 25 urte, eta egun 76 arnasgune ditu. Batzarrean eskaera guztiak onartuz gero, 80 izango dira —Larrabetzuk (Bizkaia) ere egina du eskaera—. Erdiak baino gehiago (43) Gipuzkoako herriak dira; Legorreta izan zen Ueman sartzen azkena, aurtengo maiatzean.

Mankomunitatea sortu zuten herrietako bat izan zen Errezil. 1990eko hamarkadan, ordea, atera egin zen, “diru arazoengatik”. Ordutik, egoera ekonomikoa zela medio, ezin izan dio gaiari heldu, udalak azaldu duenez. 600 herritar ditu gaur egun, eta, biztanle kopuruaren arabera, ordezkari bat dagokio Uemaren batzar nagusian —Nekane Zinkunegi zinegotzia (EH Bildu) izango da, osoko bilkuran hala erabakita—.

Errezilen bezala, Ataunen ere aho batez eman diote onarpena Ueman sartzeari. 1.700 biztanle inguru ditu, eta %86 dira euskaldunak. Hala ere, Karmele Aierbe Euskara zinegotziaren arabera, azken urteetan asko jaitsi dira euskararen erabilera eta ezagutza. Duela bi urte diagnosia egin zuen Ataungo Euskara Taldeak, eta horren ondoren erabaki zuten “neurriak hartu eta gainbehera nola edo hala irauli” behar zutela. Aierberen ustetan, garrantzitsua da udalerri euskaldunak batzea, eta Ataunek “euskal komunitateari bere ekarpena egiteko aukera izango du” Uemako kide izanda. Bi udal ordezkari dagozkio Atauni, eta EH Bilduk eta Herrigintzak ordezkari bana izango dute.

Mendaron ere egoera “irauli” nahi dute. Sonia Garcia alkateak dioenez, azken urteotan behera egin du erabilerak eta ezagutzak; 2.037 biztanle ditu, eta %68,9 dira euskaldunak —2011ko datua da—: “Duela 10-15 bat urte etxe berri asko eraiki ziren, eta kanpotik jende asko etorri zen, batez ere alboko herri handiagoetatik. Horrek eragin nabarmena izan du euskararen bilakaeran eta beheranzko joeran”, azaldu zuen Ueman sartzeko erabakiaren berri ematerakoan. Bi udal ordezkari dagozkio Mendarori; EH Bilduk eta EAJk kide bana izatea adostu dute, aho batez.

Eskualdeka, Tolosaldea da egun Uemako kide gehien duena (15); jarraian dira Goierri (9), Urola Kosta (8), Debagoiena (4), Debabarrena (2), Oiartzualdea (1) eta Beterri (1). Biztanleen %70ek baino gehiagok dakite euskaraz 40 herri horietan; hala ere, badira baldintzak beteta Ueman sartu ez diren udalerriak. Adibidez: Tolosaldean eta Goierrin herri guztiek betetzen dute Ueman egoteko aukera.

Mankomunitatearen sorreran herri txikiak egon ziren batik bat, baina gaur egun badira handiagoak ere: Zarautz, Bergara, Oñati, Azpeitia eta Tolosa, esaterako. Iaz, Tolosak irteteko asmoa adierazi zuen, baina azkenean behintzat urtebetez jarraitzea erabaki zuen.

[Herriz herri] Gaztelun ote paradisua? »

Rebeka Calvo

Bilatzen denaren araberakoa izango da; batzuentzat paradisua izango da, eta beste batzuentzat, galduta eta ezer eskaintzekorik ez duen herria. Gazteluk 170 biztanle inguru ditu, eta Leaburutik irteten den errepidea bertan bukatzen da. Ez da pasabide bat, beraz. Horrek ere egiten du berezi Gaztelu.

Beldurrari, aurrez aurre »

Espazio publikoa, gaua eta festak beldurrik gabe bizi eta erasoei emakumeek nahi duten moduan erantzuteko eskubidea biltzen ditu bere baitan ‘Beldurra aldez aldatuko dugu’ dinamikak. Horren inguruan gogoeta egiteko, jardunaldiak egin ditu aste honetan Donostiako Emakumeen Etxeak. - Irakurri gehiago...