Amuarrainak, uretan hobeto »

Aimar Maiz

Arrantza sasoia ofizialki hasteko hilabete eta erdi falta den arren, Agauntza errekan (Lazkao) 40 arrantzale dabiltza, belaunetaraino uretan sartuta, kanabera bota eta amuarrainak atera nahian. Arrantza intentsiboko barrutia da, Araxes eta Leitzaran ibaietako zati banarekin batera Gipuzkoan dauden hiruretatik bat. Urte osoan egin daiteke arrantza, federatuta eta baimen berezia lortuta.

Otsail hasiera izanagatik —hilaren 6an jokatu zen Lazkao-Agauntza Irekia arrantza lehiaketa—, amuarrain mordoxka dabil ur lasaietan. Negu epelaren ondorioz, Lareoko urtegiaren emari-erregulatzaile funtzioaren laguntzaz eta herriko arrantzaleen zaintzari esker, arrantzarako paradisu bihurtu da Agauntza, 2014ko urritik.

Trukean, amuarraina harrapatu —salabardoaren laguntzarekin ateratzen dute—, eta atzera uretara itzultzea da prezioa. Hil gabeko arrantza modalitatea egiten delako hiru barrutiotan. Geroz eta arrantzale gehiagok egiten du hala, batez ere gazteen artean.

Bi denboraldiko esperientziarekin gustura daude herriko arrantzaleak. “Urte asko ibili gara barrutia lortzearen atzetik. Iaz Gipuzkoako Federazioak laguntza eman zigun, eta hasteko behintzat aukera eman zigun. Txapelketa batzuk antolatzen ditugu urte osoan”, dio Olain Irizar arrantzale lazkaotarrak.

Aldundiaren liga

Agauntzaren kasuan, Lazkaoko udal barruti ia osoa da arrantza intentsibokoa, Zubierreka industrialdearen paretik Senpere auzora. Araxesen, Urkola presatik Oriako ahoraino da. Leitzaranen kasuan, berriz, Erreka arrain haztegitik Oriako ahoraino.

Arraina hil gabeko arrantza modua sustatzeko, federazioak Aldundiaren Liga txapelketa antolatzen du. Orain arte hiru barrutietan jardunaldi bana izaten zen, baina datorren urterako aldaketa bat sartuko dute: Araxesen eta Agauntzan egun berean izango da arrantzaldia, eta Leitzaranen beste batean. “Horrela arrantzale bikote gehiago sartuko ditugu, 32 bikote. Espainia guztiko jendea etortzen da”, azaldu du Gipuzkoako Arrantza Federazioaren lehendakari Martin Lasak.

Gune horiek ezagutarazteaz eta hil gabeko modua indartzeaz gain, orokorrean arrantzarako zaletasuna bera piztu nahi dute. “Arrantza mundua oso baxu dago, eta bultzada bat emateko asmoarekin ari gara. Lazkaoko festetan neska-mutikoentzat ere txapelketa txiki bat egin genuen iaz, zaletzeko eta arrantza ezagutzeko”, dio Irizarrek.

Erreketako faunari eusten

Arrantza intentsiboko barrutietan urte osoan ibili ahal izateko, federatuta egon beharra dago batetik —segurua sartzen da hor—, eta baimen berezi bat atera behar da bestetik. Internet bidez egin daiteke izapidea, eta 16 urtera artekoei ez diete ezer kobratzen.

Ehizan bezala, arrantzan ere polemika badago harrapakina hil gabe utzi ala ez. Askori pentsaezina egiten zaie amuarraina uretatik atera eta atzera libre utzi behar denik. Barrutiok hil gabekoak direlako kexatzen denik ere bada. Baina Gipuzkoako erreken aberastasun ekologikoa ere jokoan dago. “Usoak kanpotik etortzen dira, baina amuarrainak autoktonoak dira. Ateratzen baldin baditugu, ez da ezer gelditzen. Amuarrainak badaude batzuk, baina oso gutxi, eta etxekoa zaintzen ez badugu…”, dio Irizarrek.

Amuarrainak ekarri eta errekan botatzen dituzte arrantza elkarteek. ” Diru aldetik, kostu handia dakar”. Hilean, “pare bat aldiz” birpopulatzen dituzte errekak. Uraldiek eragin handia daukate, eta ubarroiek ere amuarrain asko jaten dute. “Errekak txikiak dira, eta presio hori ezin dute mantendu. Mantentze lana egiten dugu, amuarrainak libratzeko garaian”, azaldu du Irizarrek.

Jendea ari da kontzientzia aldatzen. Eta erreken egoera ere azken urteetan “asko hobetu” da.

[Herriz herri] Aduna: Bi mundu herri txiki batean »

Jon Miranda
. Industrialdearen eta landa eremuaren arteko orekan bizi da Tolosaldeko herri hau. Askok ezaguna izango dute sagardotegiengatik. Horiekin batera bisitariei eskaintzen dizkien baliabide turistikoak erakusteko ‘Adunako grazia’ ikus-entzunez…

250 urte… baino gehiago »

Erik Gartzia Egaña

Gipuzkoan biztanleria aldetik bigarren udalerria den arren, 250 urte bakarrik dira Irunek hiribildu estatusa jaso zuela. Aduana Ebrotik kostaldera lekualdatzeak, trena iristeak eta industrializazioa hedatzeak hiriaren demografia puztu bazuen ere, mende luzeetan izan du garrantzia Irunek, toki estrategikoa izan baita beti. Urteurren seinalatua ospatze aldera, batzorde bat osatuko dute Irunen, aurrera begirako ekitaldiak prestatzeko asmoz.

Aurrera begiratzea ez ezik, iraganeko ondarea gordetzea ere badu xede Irungo Udal Artxibategiak. Ikust Alaia eraikinean dago artxiboa, eta han lan egiten du Sagrario Arrizabalagak. Artxibozaina izateaz gain, Historia de Irun liburua idatzi zuen Lourdes Odriozola historialari errenteriarrarekin batera. Lehenago, Francisco Gainza, Serapio Muxika eta Luis Uranzu saiatu ziren hiriaren historia jasotzen. Zatikako obrak izan ziren, arrazoi batengatik edo besteagatik osatu ez zirenak.

Hondarribiaren menpe

Gaztelako Alfontso VIII.ak hiri gutuna eta Donostiako Forua eman zizkion Hondarribiari, hiribildu bilakatzeko. Haren menpe gelditu ziren egun udalerri diren hainbat toki: Oiartzun, Errenteria —XIV. mendean lortu zuten biek udalerri izatea—, Irun, Pasai Donibane eta Lezo. Azken horiek mendeak eman zituzten Hondarribiaren menpe.

Arrizabalagak azaldu duenez, garai hartako dokumentazio gutxi dago, baina 1203. urtekoa da Irun izeneko toki bat bazela aipatu zuen lehenengo dokumentua. Garai hartan, zehazki, Irun-Uranzu zuen izena egungo hiriak —independentzia lortu eta gero ere hala izan zen hainbat urtez—.

Ahaide nagusien —banderizoak ere deituen— arteko gerraren aurrekarietakoa da hurrengo dokumentua. Garai hartan, liskarrak egon ziren Euskal Herrian sortutako hiribilduen eta landa eremuko jauntxoen artean, hiribilduek azken horien pribilegioei mehatxu egin zietelako. Hondarribiko hiribilduaren eta Irungo hainbat jauntxoren artean borrokak egon ziren, eta 1299an sinatu zuten bakea lortzeko hitzarmena, Donostiako elizgizon baten bitartekaritzarekin. “Dokumentazio askorik ez dagoen arren, liskar ugari bazela pentsa daiteke. Hondarribiak, hiribildu gisa, eskubide guztiak zituen, eta Irun-Uranzu unibertsitatea zen. Elkarren arteko talka sortu zen”.

Ia bi mendeko jauzia egin du artxibozainak hurrengo gertaera historikoa azaltzeko. XV. mendean, Irun hazten ari zen, eta gero eta desadostasun handiagoa zuen menpeko egoera harekin. “Hainbeste hazi zen, ezen irundarrek aita santuari Hondarribiko elizatik bereizteko eskaera egin baitzioten. Izan ere, irundar asko ziren sakramentuak jaso gabe hil zirenak. Elizen bereizketa arlo zibilean ere baliatzeko aitzakia zela uste dut”. Gainera, Hondarribiak sute asko jasan zituen, eta han bizi ziren asko Irunera joan ziren bizitzera.

Frantziarren inbasioa

1476an Frantziako tropek Gipuzkoa inbaditu zuten, eta Irunen ezarri zuten euren kokagune nagusia. Inguruko herriei egin zieten eraso, eta horrek ere irundarren eta hondarribiarren arteko liskarrak sortu zituen. Hiribilduko ordezkariak kexatu egin ziren erregearen aurrean, eta Irunen batzarrak egitea debekatu zuten, baita merkataritza jarduerak egitea ere. “Ekonomikoki Irun itotzen saiatu ziren”. Gainera, harrizko etxeak eraikitzea galarazi zuten 1499ko agindu batean. Irundarrek, baina, bere hartan jarraitu zuten, eta hondarribiarrek euren agintariak bidali zizkieten, zigortzeko asmoz. 1499an sindikoa hil zuten irundarrek.

Gainontzeko herriek ordaintzen zituzten hondarribiarrek ordaindu behar zituzten zerga guztiak. Ez zuten dirurik euren jarduerak finantzatu ahal izateko, eta irundarren artean partekatzen zituzten euren ondasunak: “Denak elkartzen ziren, eta diru gehien zuenak ematen zuen gehien”. Hori ere galarazi nahi izan zieten hiribilduko agintariek, eta, gainera, irundarren basoak, Bidasoa ibaiaren zatia eta nekazaritza lurrak ustiatzen zituzten. Horren aurkako altxamenduan Hondarribiko probestua zauritu zuten, udal enplegatua.

1521ean, San Martzialeko batailan, irundarrek okupatzaileekiko jarrera aldatu zuten. Oldartu, eta frantziarrak kanporatu zituzten. Horrez gain, nafarren kontrako Noaingo guduan ere parte hartu zuten irundarrek, eta Karlos I.a Espainiako erregeak parte hartu zuten soldaduen jaioterriak saritu zituen —Hondarribiak hartu zuen irundarren partea—. Horrela, Irungoek sinesgarritasuna irabazi zuten erregearen aurrean.

Arriagaren hilketa

Aldabe mendian izandako gudaldi haren ondoren, konfiantza hartzen hasi ziren irundarrak, eta euren herria kudeatzen hasi ziren politikoki, arlo militarrean eta ekonomikoan, eta diru kontuek hobera egin zuten.

Auzien zerrenda amaigabea izan zen XVI. mendean. “Dirutza ikaragarria xahutu zuten bi aldeek, auzi horiek guztiak ordaindu behar baitziren”. Auziak ez ziren juridikoak bakarrik izan: indarkeria kasuak izan ziren hiribilduko agintarien kontra; 1512an, 1537an eta 1547an, esaterako.

1560ko hamarkadan, jurisdikzio propioa irudikatzeko bi sinbolo eraiki zituzten Irungo plazan: alde batetik, udaletxea altxatu zuten; beste aldetik, San Joan Harria. Izaera administratiboa zuen, baina San Joanen irudia jarri zuten gainean, guruztoki gisa kamuflatzeko, 1564. urtean. Urte hartan bertan, Hondarribiko alkate Miguel Arriaga eta haren segizioa Irunera joan ziren, legea ezartzeko asmoz. Istiluak hasi, eta hiribilduan bizi zen soldadu irundar batek dagarekin hil zuen alkatea.

XVI. mendearen bukaeran, 1596an zehazki, Legazpiren ereduari jarraitu, eta independentzia lortzeko lehenengo ahalegin serioa egin zuen Irunek, baina helbururik lortu ez. Bigarren saiakera egiteko ez zuten urte askorik itxaron behar izan: 1615ean Gipuzkoako 32 herrik eskatu zuten udalerri izatea, baina Gerra Kontseiluak kanpoan utzi zuen Irun.

Ordutik aurrera, ahalegin gehiago egin zituzten: 1628-1629an; 1701-1702an eta 1732an. Hala ere, dena ez zen gatazka izan: hainbat irundar eta hondarribiarrek ermandadearen alde egin zuten, Gipuzkoako beste hainbat herrik egina zuten bezalaxe. Proposamenak ez ziren gutxi izan: 1656an, 1665ean eta 1703 eta 1712 bitartean. Denek porrot egin zuten.

1732ko independentzia eskaeren ondoren, Irunen aldeko joera nagusitzen hasi zen, eta Hondarribiak, haserre, 1754an Gipuzkoa utzi eta Nafarroara bat egitea galdegin zuen, baina ez zuen lortu. Bere menpekoek —Irun, Donibane eta Lezok— aurre egin zioten, eta gainbehera hori baliatuta, Irunek, azkenean, independente izatea lortu zuen. 1766ko otsaila zen.

Baserri txikien iraultza »

Baserritarrak eta gazteak dira, agroekologikoki lantzen dute, eta horren aldeko apustua egin dute. Iraultza txikitzat dute euren jarduna, eta gizartean eragiteko asmoz ari dira lanean. Baserria XXI euren moduko baserritarren elkargunetzat dute. - Irakurri gehiago...

“Guk ere badugu gaitasuna” »

Maite Alustiza

Goizean goiz jaiki, Donostiatik Legorretara arteko bidea egin, eta fabrikara lanera doaz astegunez Mikel Moreno, Marian Correyero eta Josu Santiago. Aulkiak soldatzen eta prestatzen aritu ondoren, etxera bueltan doaz, bazkaltzera. Arratsaldea aisian pasatzen dute. “Buelta bat ematera-edo ateratzen naiz, baina konturatzerako etxera joan behar dut, goiz jaiki beharra dago eta!”, dio Santiagok. Mugako adimena dute hirurek, eta zailtasun ugari gainditzea tokatu arren, ozen diote ahalmena badutela: “Guk ere badugu gaitasuna, gure kasa molda gaitezke”. Erronka berri bat dute aurrean hirurek: orain arte, Ortzadar elkarteko kide izan dira, eta, orain, zuzendaritza batzordean hasi dira, erabakiak hartzen. Mugako adimena duen beste kide batekin eta gurasoen hiru ordezkarirekin osatu dute batzordea. Moreno da presidente: “Garrantzitsua da guretzat erabakietan libre izatea, eta orain arte bizi gabeko esperientzia bat izatea”. Badaki erabaki zailak hartu beharko dituztela batzuetan, baina, halakoren bat suertatzen denean, ziur da denen oniritziarekin egingo dutela. Hitza-rekin izan dira zuzendaritzako hiru kideak, Rosa Rubio koordinatzailearekin eta Maider Brit gizarte langilearekin batera.

Urteekin konfiantza irabaziz joan dira, baina, elkartera iritsi zirenean, bestelakoa zen hiruren egoera. Britek dioenez, “segurtasun ezaz beteta iristen dira, frustrazioz, eta tratu txar psikologikoak jasanda”. Eskola urteetan bereziki, garai gogorrak ditu gogoan Morenok: “19 urterekin sartu nintzen Ortzadarren, 1996an, eta ordura arte ez zidaten mugako adimena diagnostikatu. Eskolan esaten zidaten alperra nintzela, ez zitzaidala ikastea gustatzen, ez nuela ezer egiten… Niri asko kostatzen zitzaidan ikastea”. Bullying hitza ere aipatu du: “Orain asko hitz egiten da gaiaz, baina garai hartan, 1993-94 urteen inguruan, bullying-a eta eskola jazarpena ez ziren aipatzen”.

Correyerok eskolara joateari utzi zion: “Ez nuen joan nahi, etxean geratu nahi nuen”. Irakasleen aldetik ere, mespretxatua eta gutxietsia sentitu izan zen. Iltzatuta geratu zitzaion haietako baten esana: “Bizitza honetan ez nuela ezertarako balioko esan zidan”. Oroitzapen onen bat ere gordetzen du, ordea. Mojetara sartu zenean laguntza eman zion emakumea dakarki gogora: “Sei urte nituenean, psikologo batek hartu ninduen, Teresa Diazek. Hark erakutsi zidan irakurtzen eta idazten; hari zor diot”. Correyero 18 urterekin iritsi zen Ortzadarrera, 1995ean, eta ordutik jaso duen laguntzak babesa eta bultzada eman dio.

Berdin izan da Santiagorentzat ere: 16 urterekin sartu zen elkartean, 1982an, eta, geroztik, aurrerapauso handiak egin ditu; sukaldean, adibidez: “Lehen ez nekien ezer prestatzen, eta hona etorrita asko ikasi dut. Egun batean, adibidez, espagetiak egin genituen: lehenengo zer erosi behar zen erabaki, zenbat diru geneukan ikusi, erosketa egin, eta prestatu”.

Goiz detektatzea

Gipuzkoako Aldundiak eman berri dituen datuen arabera, Gipuzkoan 1.300 kasu daude diagnostikatuta —ia berrehun kide batzen ditu Ortzadarrek—. Rubiok dioenez, ordea, diagnostikatu gabeko jende gehiago egongo da ziur: estatistiken arabera, populazioaren %1ari eragin diezaioke mugako adimenak.

Diagnostikoari dagokionez, elkarteko bost kideak bat datoz: geroz eta lehenago egin, hobe. Goiz detektatuz gero, formazioan orientazio egokiago bat egin daitekeela argi du Rubiok: “Zaragozako Unibertsitatearen ikerketa batean parte hartu genuen, eta mugako adimena dutenen bizi kalitatea ikertu zen. Hor ikusi zen guztiz beharrezkoa dela diagnostiko garaiz bat”. Dena den, egitea ez da horren erraza. Profesionalen aldetik ezjakintasuna egon daitekeela uste du Morenok, informazioa falta agian. Zaila izan arren, Rubiok dio profesionalek adi jarri beharko luketela arazoren bat ikusterakoan: “Irakurtzen eta idazten hasteko garaian, irakasleek, pediatrek, alarma piztu beharko lukete”.

Koordinatzailearen arabera, “inoren lurraldean” geratzen dira askotan mugako adimena dutenak. “Osasunaren Mundu Erakundeak normaltasuna kontsideratzen duen horretatik oso gertu daude, pixka bat azpitik, eta kasu batzuetan zalantzak daude gaitasun-eza ote den. Hala ere, horrek ez du esan nahi autonomoak izan ahal izateko hainbat arlotan laguntza behar ez dutenik”. Ingurura begiratu eta mugako adimena dutenen lekuan jarri da: “Sekulakoa da zailtasunak izatea, eta, nahiz eta saiatu, inork ez ulertzea”.

Emakumeentzat are handiagoa da desabantaila. Kasuak gutxitzen doazen arren, gizon eta emakumeen arteko aldeak hor jarraitzen du, eta elkartean bertan ere “erabat desorekatuta” dago gizonen eta emakumeen kopurua: “Emakumeei esaten zieten ikasteko balio ez bazuten familia zainduko zutela, edo haurrak zainduko zituztela. Askotan irteera horiek balekotzat jotzen dira neskentzat, bestelako alternatibak topatu gabe”.

Banakako arreta

Egunerokoarekin lotutako zenbait arlotan laguntzen die elkarteak kideei, norberaren beharren arabera. Britek azaldu duenez, normalean guraso edo irakasleek jotzen dute elkartera. Ados badaude, pertsonaren lehen balorazio bat egiten dute, eta banakako jarraipena gero. Besteak beste, ekonomiaren kudeaketan laguntzen diete, babes psikologikoa ematen, bakarrik bizi direnei jarraipena egiten, opor garairako aukerak ematen… Hiru etxebizitza ere baditu Ortzadarrek, bat Errenterian eta beste bi Tolosan, eta “autonomia maila altuko lagunak” bizi dira han.

Gehiengoa, hala ere, familiarekin bizi da, eta horrek babes garrantzitsua ematen die. Correyero eta Moreno, esaterako, amarenean bizi dira; Santiago, berriz, anaiarekin. Babesean bizi arren, gauzak egiteko gai direla nabarmendu du Rubiok: “Askotan, etxean daudenez, dena egiten diete, baina, ez, autonomoak dira; guztiok daukagu gaitasuna eta guztiok egin dezakegu”.

Urte mordoa pasatu da Ortzadarreko hiru kideak elkartean sartu zirenetik, eta haien ikasketa prozesua gertutik jarraitu du Rubiok, heltze prozesu bat: “Denek ez dute prozesu bera, pertsona guztioi gertatzen zaigun bezala, baina hemen hasten direnean ikusten dute haien berdina den jende gehiago dagoela, gaitasuna dutela, gauza batean ez bada bestean gai izango direla”.

Prozesu horretan, norbera bere buruarengan sinesten ikasten ere joan dira: “Nik Mariani beti esaten nion: ‘begira zaitez ispiluan, muxuak eman, zuk balio duzu eta'”. Pertsona batzuen eta besteen artean aldea egon arren, denbora honetan ondorio batera iritsi da Rubio: “Zer sen ona daukaten. Eta benetan behar batzuk dituzten arren, autonomoak izan daitezkeela”.

Ikasten ez ezik, motibatzen ere lagundu nahi dituzte. Britek dioenez, aisialdia garrantzitsua da horretarako: “Motibatu egin behar dira, bestela etxetik lanera eta lanetik etxera… Batzuei kosta egiten zaie, eta, horregatik, ekintzak beraiek antolatzea nahi dugu”. Horrela, elkarteko kideek proposatutako aisialdiko ekintzak martxan jarri nahi dituzte, boluntarioen laguntzarekin. Orain arte ere aritu izan dira hainbat saltsatan; sukaldaritza liburu bat egin zuten, adibidez: errezetak bilatu, terminoak egokitu, pausoak erraztu…

Elkarteko ekintzetatik kanpo ere, han eta hemen aritzen dira Ortzadarreko zenbait kide. Santiagok, esaterako, mendian ibiltzea du gustukoen: “Otsailean hemendik ibiliko gara lehenengo, eta gero Pirinioetara goaz, erraketekin ibiltzera”. Realaren partidaren bat ikustera ere joan izan dira Moreno eta biak, Anoetara.

Lana eta legea

Beharrak eta eskaerak aldatuz joan dira urteekin. 1977an sortu zen Ortzadar, guraso talde baten ekimenez. Garai hartan, uste zuten euren semeei ematen zitzaien hezkuntza ez zela egokia, eta zerbitzu bat sustatu nahi zuten, hezkuntza zentro modura. 7 urtetik 21 urte bitarteko lagunak sartu ziren, eta bakoitzak behar ezberdinak zituela ikusi ahala joan ziren zerbitzuak zabaltzen.

Hasieran lan arloari arreta berezia jarri ziotela dio Rubiok: “Donostiako Udalarekin esperientzia bat izan genuen, orain arte administrazioan izan dugun esperientzia bakarra. Praktiketan sartu ziren bost lagun udal brigadetan, begirale batekin, eta gero kontratatu egin zituzten”. Halako aukera gehiago eduki ez izana pena da harentzat; “idealena” enpresa arruntetan sartzeko aukera izatea litzateke.

Egungo egoerari begiratuta, Rubiok oso garrantzitsutzat du mugako adimena dutenak legeak errekonozituta egotea: lan arloko legeetan, hezkuntzan, lege juridikoetan… “Bisibilitatea ere eskatzen dugu. Biztanleriaren %1az hitz egiten ari gara; jende asko da”.

Elkartearen barruan ere, gaitasun hori aintzat hartzea erabaki zuten hausnarketa prozesu baten ondoren: “Beti defendatu izan ditugu gaitasunak, eta ez desgaitasunak. Adimen mugatua dutenek gaitasun juridikoa dute, gaitasuna dute erabakitzeko, eta horregatik proposatu genuen zuzendaritzaren parte izatea”.

Elkarlanaren beharra

Elkarteko kide eta gurasoekin batera, Brit eta Rubio soilik aritzen dira Ortzadarren. Biak baino ez: “Mugatuak dira guk eman ditzakegun zerbitzuak; horregatik, deia egiten diegu boluntarioei”. Rubioren ustetan, babes txikia eman arren, prebentzio lana egiten ari dira pertsona autonomoak: “Babes hori gabe, baliabide gehiago sortu beharko ditugu, ordurako gaixo egongo direnak laguntzeko”.

Boluntarioekin batera, erakundeen babesa ezinbestekotzat dute. Babes ekonomikoa eta inplikazioa. Hainbatetan erakundeetatik jaso duten erantzuna deitoratu du Morenok, zuzendaritza batzordeko presidente gisa: “Gertatu izan zaigu erakundeetara joatea eta kontuan hartuko gaituztela entzutea. Baina, gero, errealitatean, ez dira zutaz gogoratzen, han egon zarela ere ez”.

Ekintzarako prest dago XV. mendeko eraikina »

Asier Perez-Karkamo
Ekintzarako eraiki zuten XV. mendean, hiribilduko ekialdeko sarbidea zen Nafarroako atea babesteko. Eta ekintzarako birmoldatu dute XXI.enean. Eskualdean aztarrena uzteko prest dauden ekintzaileak nahi dituzte Errenteriako Torrekua …

[Herriz herri] Aizarnazabal: Herritik, herriago egiteko »

Julene Frantzesena
GIPUZKOA BATETIK BESTERA. Azken urteetan gora egin du Aizarnazabalgo biztanle kopuruak. Udala pozik da azken urteetako jaiotza tasarekin, baina kezka ere sortzen dio. Hainbat proiektu dituzte aurtengo; tartean, festa batzorde irau…

Lehen harria altxatu zuten »

Eusko Jaurlaritzak 1936ko gerrako hobiak ikertzeko 2015-2020 plana aurkeztu du. Aranzadik egingo ditu ikerketa eta deshobiratzeak, eta ordurako 80 hobi ikertzea espero dute. Zaldibian eman zuten bide horretan lehen pausoa, 2002an, eta orduko protagonistak elkartu ditu ‘Hitza’-k. - Irakurri gehiago...

Paper zuritik amets moreetaraino »

Milurteko hasierara egin behar da atzera, Tolosako Berdintasun Saila sortu zenekora itzultzeko. 2000. urtetik hona gizon eta emakumeen eskubideen balantzak orekaren alde egin duela dio Agurtza Zuberok, Tolosako Udaleko berdintasun teknikarietako batek. Baina, milurteko hasieran joera hori izanagatik, sendatu beharreko gaitza mendez mende gotortutako kate bat da, eta ia ezinezkoa da zuritik beltzerako aldaketak sortzea: “Gure lana, neurri batean, astuna da: zaila da emaitzak ikustea, baina egoera aldatu da”.

Besteak beste, emakumeek “gero eta gehiago” salatzen dute indarkeria matxista, gizarte zerbitzuetara joz, eta udal barruko lanetan berdintasuna “ezinbesteko irizpide izatea” ere aurrerapausotzat dute teknikariek. Lorpen zerrenda horri, gainera, azken urteotan jabetze eskolaren proiektuak izandako gorakada ere gehitu diote. Horrela, urtez urteko garapen horrek utzitako uberari argazki bat atera, eta, iraganeko lanaren emaitzak oinarri hartuta, Tolosako III. Berdintasun Plana ondu berri dute orain; hurrengo urteetarako bide orria izango da.

Zertarako balio du, ordea, berdintasun plan batek? Hainbat herritarren buruan errepikatutako oihartzuna izan liteke galdera hori; paper zuriaren gainean idatzitakoak, sarri, kontu abstraktu suerta daitezke. “Guretzako bide orri bat da, bost urterako egitasmo bat. 2015. urtean hasita, 2020. urtera bitarteko helburuak ezarri ditugu, Tolosan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan; eta helburu horietara iristeko neurri zehatzak proposatu ditugu”.

Proiektu guztietan bezala, berdintasun plan bat idazteko ere behar-beharrezkoak dira sukalde lanak. Bada, epe ertainera begirako egitasmo horretan, 2008. urtean Tolosan onartutako berdintasunerako udal ordenantza izan da abiapuntua, eta hortik abiatu dute udalerriko gaur egungo genero diagnosia: “Norbanakoekin eta eragileekin elkarrizketak egin ditugu, eta bi saio ere bai, hainbat herritarren laguntzaz. Bilkura horietako informazioarekin batera, ordea, datu bilketa xehetua egin behar izan dugu”. Eta hori izan da lanik gogorrenetakoa, urtebeteko jardunean: “Hainbatetan ez zegoen sexuaren arabera banatutako daturik, eta, kasu horietan, Eustatera jo dugu”.

Ikusezin bezain garrantzitsu

Ia beti, indarkeria matxistaren eta lan egoeraren inguruko datuek hartu ohi dituzte komunikabideetako lerroburuak, berdintasuna hizpide denean. Eguneroko bizitzan, ordea, badira itzalean geratzen diren beste hainbat zenbaki; horiek azpimarratu nahi izan ditu, hain zuzen, Zubero teknikariak. Hirugarren adinekoen kasuan, adibidez, emakumezkoak dira nagusi eguneko zentroetan. Aldiz, osasun mentaleko eta gizarteratzeko zentroetan, gehienak gizonezkoak dira.

Gizarte zerbitzuetatik euskarara jauzi eginez gero, berriz, bada paradoxa txiki bat: emakumezkoek gehiago erabiltzen dute euskara, baina, era berean, Tolosako Aitzol udal euskaltegiko ikasle gehienak emakumezkoak dira: “Galtzaundi bezalako euskara taldeetan, ordea, gizonezko gehiago dago; parte hartze publikoan emakumezkoak gutxiengoa diren seinaleetako bat da hori”.

Dena den, datu bilketa orokorraren gainean lupa nonbait jarri beharko balute, landa auzoetako emakumeen egoerari begiratzeko erabiliko lukete Tolosako berdintasun teknikariek. Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak emandako datuak baliatu dituzte, eta zenbakiek argi diote nekazaritza eremuetako ustiategien jabetza gizonezkoena dela: “Landa auzoetako emakumeek autonomia falta dute, eta zaintzaren inguruan oso lotuta daude, gainera”.

Lau ardatz eta eskari bat

Txosten mardula da berdintasun plana, eta milaka datuk osatzen dute haren mamia. Datu hutsekin ez da aurrerapausorik ematen, ordea, eta, ikusi eta neurtutakoa aldatzeko, lau bide nagusitatik egingo dute saiakera: genero zeharkakotasuna; jabetzea eta parte hartzea; zaintza eta bizitzaren iraunkortasuna; eta, azkenik, indarkeria matxistarik gabeko ingurunea.

Tolosako Berdintasun Saila lanean ari da jada, eta bost urteko atzerako kontuan buru-belarri sartu dira, Tolosako gizartea berdinzaleago bilakatze horretan. “Jabetze arloan, esaterako, neurri bat izan daiteke jabetze eskolako urteko ikastaroak prestatzea, eta baita Guretzako emakume atzerritarren taldearekin lanean hastea ere”, azaldu du Zuberok.

Bide beretik, “jauzi kualitatibo bat” eman nahi dute, emakumezkoen parte hartze soziopolitikoa bultzatuz: “Orain arte antolatu izan ditugun jarduerak gorputzarekin eta autoestimuarekin oso lotutakoak izan dira, oro har, baina harago joan nahi dugu, emakumeen ahotsa herrian eta udalean entzun dadin”.

Ideia berriz eta asmo onez mugi daiteke mundua, baina, tamalez, baliabide ekonomikoak behar dira gainerako balioen aldamenean, zerbait lortuko bada. Berdintasun politikekin ere gauza bera gertatzen da, eta Emakunderen diru laguntza bati esker —15.000 euro— gauzatu ahal izan du III. plana Tolosako Berdintasun Sailak.

Zuberok, dena dela, argi dauka “borondate politiko handiagoa” behar dela, mendeetan belaunaldiak lotu dituen kate pisutsu hori apurtzeko: “Urtez urte aurrekontu handiagoa izaten da berdintasun politikak garatzeko, baina, gure helburuetara benetan iristeko, babes zabalagoa eta benetako borondatea behar ditugu; eta, zer esanik ez, biolentzia matxistaren arazoari muinetik heltzeko”.

[Herriz herri] Aia: Herrigunetik haratago doana »

GIPUZKOA BATETIK BESTERA. Hamabi auzok eta herriguneak osatzen dute Aia, Gipuzkoa iparraldeko herria. Berezitasunak baditu: hiru biztanletik bi inguruko auzoetan bizi dira. 2016ko udal aurrekontuak onartzeko esperoan, eskolaren eraikin berria dute jo…