Lehen harria altxatu zuten »

Eusko Jaurlaritzak 1936ko gerrako hobiak ikertzeko 2015-2020 plana aurkeztu du. Aranzadik egingo ditu ikerketa eta deshobiratzeak, eta ordurako 80 hobi ikertzea espero dute. Zaldibian eman zuten bide horretan lehen pausoa, 2002an, eta orduko protagonistak elkartu ditu ‘Hitza’-k. - Irakurri gehiago...

Paper zuritik amets moreetaraino »

Milurteko hasierara egin behar da atzera, Tolosako Berdintasun Saila sortu zenekora itzultzeko. 2000. urtetik hona gizon eta emakumeen eskubideen balantzak orekaren alde egin duela dio Agurtza Zuberok, Tolosako Udaleko berdintasun teknikarietako batek. Baina, milurteko hasieran joera hori izanagatik, sendatu beharreko gaitza mendez mende gotortutako kate bat da, eta ia ezinezkoa da zuritik beltzerako aldaketak sortzea: “Gure lana, neurri batean, astuna da: zaila da emaitzak ikustea, baina egoera aldatu da”.

Besteak beste, emakumeek “gero eta gehiago” salatzen dute indarkeria matxista, gizarte zerbitzuetara joz, eta udal barruko lanetan berdintasuna “ezinbesteko irizpide izatea” ere aurrerapausotzat dute teknikariek. Lorpen zerrenda horri, gainera, azken urteotan jabetze eskolaren proiektuak izandako gorakada ere gehitu diote. Horrela, urtez urteko garapen horrek utzitako uberari argazki bat atera, eta, iraganeko lanaren emaitzak oinarri hartuta, Tolosako III. Berdintasun Plana ondu berri dute orain; hurrengo urteetarako bide orria izango da.

Zertarako balio du, ordea, berdintasun plan batek? Hainbat herritarren buruan errepikatutako oihartzuna izan liteke galdera hori; paper zuriaren gainean idatzitakoak, sarri, kontu abstraktu suerta daitezke. “Guretzako bide orri bat da, bost urterako egitasmo bat. 2015. urtean hasita, 2020. urtera bitarteko helburuak ezarri ditugu, Tolosan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan; eta helburu horietara iristeko neurri zehatzak proposatu ditugu”.

Proiektu guztietan bezala, berdintasun plan bat idazteko ere behar-beharrezkoak dira sukalde lanak. Bada, epe ertainera begirako egitasmo horretan, 2008. urtean Tolosan onartutako berdintasunerako udal ordenantza izan da abiapuntua, eta hortik abiatu dute udalerriko gaur egungo genero diagnosia: “Norbanakoekin eta eragileekin elkarrizketak egin ditugu, eta bi saio ere bai, hainbat herritarren laguntzaz. Bilkura horietako informazioarekin batera, ordea, datu bilketa xehetua egin behar izan dugu”. Eta hori izan da lanik gogorrenetakoa, urtebeteko jardunean: “Hainbatetan ez zegoen sexuaren arabera banatutako daturik, eta, kasu horietan, Eustatera jo dugu”.

Ikusezin bezain garrantzitsu

Ia beti, indarkeria matxistaren eta lan egoeraren inguruko datuek hartu ohi dituzte komunikabideetako lerroburuak, berdintasuna hizpide denean. Eguneroko bizitzan, ordea, badira itzalean geratzen diren beste hainbat zenbaki; horiek azpimarratu nahi izan ditu, hain zuzen, Zubero teknikariak. Hirugarren adinekoen kasuan, adibidez, emakumezkoak dira nagusi eguneko zentroetan. Aldiz, osasun mentaleko eta gizarteratzeko zentroetan, gehienak gizonezkoak dira.

Gizarte zerbitzuetatik euskarara jauzi eginez gero, berriz, bada paradoxa txiki bat: emakumezkoek gehiago erabiltzen dute euskara, baina, era berean, Tolosako Aitzol udal euskaltegiko ikasle gehienak emakumezkoak dira: “Galtzaundi bezalako euskara taldeetan, ordea, gizonezko gehiago dago; parte hartze publikoan emakumezkoak gutxiengoa diren seinaleetako bat da hori”.

Dena den, datu bilketa orokorraren gainean lupa nonbait jarri beharko balute, landa auzoetako emakumeen egoerari begiratzeko erabiliko lukete Tolosako berdintasun teknikariek. Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak emandako datuak baliatu dituzte, eta zenbakiek argi diote nekazaritza eremuetako ustiategien jabetza gizonezkoena dela: “Landa auzoetako emakumeek autonomia falta dute, eta zaintzaren inguruan oso lotuta daude, gainera”.

Lau ardatz eta eskari bat

Txosten mardula da berdintasun plana, eta milaka datuk osatzen dute haren mamia. Datu hutsekin ez da aurrerapausorik ematen, ordea, eta, ikusi eta neurtutakoa aldatzeko, lau bide nagusitatik egingo dute saiakera: genero zeharkakotasuna; jabetzea eta parte hartzea; zaintza eta bizitzaren iraunkortasuna; eta, azkenik, indarkeria matxistarik gabeko ingurunea.

Tolosako Berdintasun Saila lanean ari da jada, eta bost urteko atzerako kontuan buru-belarri sartu dira, Tolosako gizartea berdinzaleago bilakatze horretan. “Jabetze arloan, esaterako, neurri bat izan daiteke jabetze eskolako urteko ikastaroak prestatzea, eta baita Guretzako emakume atzerritarren taldearekin lanean hastea ere”, azaldu du Zuberok.

Bide beretik, “jauzi kualitatibo bat” eman nahi dute, emakumezkoen parte hartze soziopolitikoa bultzatuz: “Orain arte antolatu izan ditugun jarduerak gorputzarekin eta autoestimuarekin oso lotutakoak izan dira, oro har, baina harago joan nahi dugu, emakumeen ahotsa herrian eta udalean entzun dadin”.

Ideia berriz eta asmo onez mugi daiteke mundua, baina, tamalez, baliabide ekonomikoak behar dira gainerako balioen aldamenean, zerbait lortuko bada. Berdintasun politikekin ere gauza bera gertatzen da, eta Emakunderen diru laguntza bati esker —15.000 euro— gauzatu ahal izan du III. plana Tolosako Berdintasun Sailak.

Zuberok, dena dela, argi dauka “borondate politiko handiagoa” behar dela, mendeetan belaunaldiak lotu dituen kate pisutsu hori apurtzeko: “Urtez urte aurrekontu handiagoa izaten da berdintasun politikak garatzeko, baina, gure helburuetara benetan iristeko, babes zabalagoa eta benetako borondatea behar ditugu; eta, zer esanik ez, biolentzia matxistaren arazoari muinetik heltzeko”.

[Herriz herri] Aia: Herrigunetik haratago doana »

GIPUZKOA BATETIK BESTERA. Hamabi auzok eta herriguneak osatzen dute Aia, Gipuzkoa iparraldeko herria. Berezitasunak baditu: hiru biztanletik bi inguruko auzoetan bizi dira. 2016ko udal aurrekontuak onartzeko esperoan, eskolaren eraikin berria dute jo…

Igeldoren desanexioa bertan behera utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak »

Donostiako Udalak jarritako helegiteari arrazoi eman dio auzitegiak. Besteak beste, adierazi du gutxieneko biztanle kopururik ez duela Igeldok eta galdeketako emaitzak ez direla aski. - Irakurri gehiago...

“Beharrezkoa da zerbitzuak zabaltzea” »

Duela ia 40 urte sortu zen Gautena, Gipuzkoako pertsona autisten gurasoek osatutako elkartea. Beste hainbat elkarte bezala, beharrak bultzatuta sortu zuten Donostia aldeko hainbat gurasok, 1978an. Berritzailea izan zen oso Gautena, autismoaren trataerari dagokionez. Ordura arte, ikuspegi kliniko batetik soilik tratatzen zen sindrome neurologikoa. Gautenak beste ikuspegi bat jarri zuen martxan, gaitzaren gizarteratzea helburu zuena. Pertsona autisten inklusioa dute xede, eta zerbitzu eskaintza zabala dute haien bizi kalitatea ahalik eta onena izan dadin.

Ia 40 urteko ibilbidean, aurrerapauso handiak egin ditu elkarteak. Gaur egun, lurraldeko 800 familia ingururi ematen die zerbitzua. Autismo mota eta gradu guztiak tratatzen dituzte, arinenetik larrienera. Hainbat zerbitzu jartzen dituzte familien eskura, diagnosia egiten denetik hasita. Diagnosiaren arabera, modu batera edo bestera bideratzen dituzte kasuak.

Posible denean, autismoa duten haurrek gainontzeko haurrekin batera ikasten dute ikastetxean, helburua inklusioa delako. Kasu horietan, hezitzaileen laguntza izaten dute. “Hezitzaileak Hezkuntza Sailak bideratzen ditu, baina Gautenako psikologoekin harremanetan egoten dira”, azaldu du Javi Garciak, Gautenako kideak. Autismo kasu larrienetan, berriz, Ikasgela Egonkorrak izeneko zerbitzua eskaintzen dute. Gipuzkoan hemezortzi ikasgela egonkor dituzte, guztira.

Xedea: lurraldera zabaltzea

Pertsona autistak 20 urtera arte egoten dira hezkuntza sisteman, eta Garciaren esanetan, bitarte horretan ia erabat aseta egoten dira beren beharrak. Arazoa behin hezkuntza prozesua amaitutakoan etortzen da, ordea. Gautenak bi zerbitzu eskaintzen ditu ikasketak amaitzen dituztenerako. Batetik, eguneko zentroak dituzte: hiru Donostian eta bat Errenterian. Bestetik, pertsona autistak bizi ahal izateko etxebizitzak: bost Donostian eta bat Urnietan.

Hortaz, zein da gabezia? Bada, bi zerbitzu horiek Donostia aldean baino ez direla eskaintzen. Gipuzkoar guztien eskura daude, noski, baina ez da batere erosoa Donostiaraino mugitu beharra. Jose Conejo legazpiarrak, esaterako, egunero Donostiara eramaten du semea, eguneko zentrora. “Ni, nire lanagatik, molda naiteke, baina hori ez da irtenbidea. Helburua izango litzateke zerbitzua familiaren bizilekutik ahalik eta gertuen eskaintzea”.

Gabezia horretaz jakitun, zerbitzuak lurralde osora zabaltzea da Gautenaren hurrengo erronka, Donostiako erabiltzaileek dituzten aukera berberak izan ditzaten gainontzeko eskualdeetan ere. “Helburua da bizitzako etapa guztietan beharrak aseta izatea, bakoitza bizi den eremuan, autismoak bizitza osoan irauten baitu”, esan du Garciak. Dagoeneko harremanetan daude Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Gautenaren zerbitzuak gainontzeko eskualdeetara zabaltzeko.

Elkargunea Zumarragan

Garciak uste du agintaldi honetan aurrera aterako dela proiektua. “Edo hori gustatuko litzaiguke, behintzat; gutxika ari gara pausoak ematen”. Antza denez, lehenik Goierrin hasiko dira eguneko zerbitzua eta etxebizitza zerbitzua eskaintzen. “Nik ospitalearen adibidea jartzen dut beti: garai batean ospitalea Donostian zegoen, eta hara joan behar zen derrigor; gaur egun eskualde guztietan dago ospitale bat”, esan du Conejok. “Bada, guk ere ospitalearen bide bera egin nahi dugu, gure zerbitzuak zabalduz; bidearen hasieran gaude oraindik, eta baikorrak gara”.

Conejok esan bezala, zerbitzu guztiak lurraldera zabaltzeko bidearen hasieran daude oraindik. Pauso batzuk emanak dituzte, ordea. Zumarragan, esaterako, Goierri osoari —Goierri garaiari zein Goierri beheari— zerbitzua ematen dion elkargunea ireki zuten duela bizpahiru urte. Hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte han. Adibidez, autismoa duten haurrak han biltzen dira psikologoarekin, eta psikiatria zerbitzua ere badute.

Bestalde, aisialdirako elkargune modura ere funtzionatzen du. Autistak zein haien gurasoak elkartzen dira udalak utzitako lokalean. Sukalde bat, telebista eta sofa pare bat dituzte, eroso egoteko. Psikologoaren kontsultetarako, berriz, aparteko gela bat dute, beharrezko materialarekin.

Eskualdean zenbait ekintza antolatu ahal izateko ere balio izan die Zumarragan egoitza izateak. Hitzaldiak eta tailerrak egiten dituzte, esaterako. Zumarragan antolatzen diren arren, Goierri osoko herritarrentzat dira jarduerak. Garciaren esanetan, berebiziko garrantzia du antolatzen diren ekintzetan jendeak parte hartzeak. “Eskualdean egiten diren ekintzetan gero eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta argiago geratuko da beharrezkoa dela Gautenaren zerbitzuak lurralde osora zabaltzea”.

Gizarteratzeko balio izan du

Eta, batez ere, autismoa gizartean ikusarazteko balio izan du Zumarragako egoitzak. Gautenaren izena eta logoa atean grabaturik dituen lokal bat izate hutsak elkartea zein gaitza ezagutzera ematen lagundu die. “Aurreko batean kalean geratu ninduen ezagun batek, eta esan zidan lagun bat Gautenara bideratu zuela, semeari autismoa diagnostikatu diotelako; poztu egin nintzen, horrek esan nahi duelako jendeak badakiela hor gaudela”, esan du Garciak.

Conejo baikorra da, eta bide onean doazela uste du. Autismoa gizarteratzea da Gautenaren helburu nagusietako bat, eta bide horretan aurrerapauso handiak eman direla iruditzen zaio. Oraindik estereotipo asko egon arren, jendeak duela hogei urte baino askoz gehiago dakiela adierazi du. “Nire semeari autismoa diagnostikatu ziotenean, nora jo ere ez genekien”, gogoratu du. “Neure artean pentsatu nuen: ‘Hau niri bakarrik pasatzen zait, edo zer? Nola da posible beste inori gaitzaren inguruan ezer ez entzutea?'”. Gaur egun, egoera bestelakoa da.

Elkarteko kide guztiak gurasoak dira, Garcia eta Conejo bezala, eta gogor lan egiten dute beren seme-alaben bizi kalitatea ahalik eta onena izan dadin. Bide luzea dute aurretik, batera egiteko.

[Herriz herri] Albiztur: Urak badu zeresana udal agendan »

Albizturko Udalak hainbat proiektu ditu aurrera begira, eta denek dute zerikusia urarekin, batzuetan zeharka bada ere. Horietako bat Santa Marina auzoko ur biltegia da. “Tamainaz txikia da: 15.000 litroko edukiera du”, azaldu du Carlos Ugartemendia al…

“Itsasoak askatasuna ematen dizu, urak inguratuta egon arren” »

Itsasontzian lanean ibiltzen da goizetan Eneko Etxegoien (Getaria, 1981). “Familiako ontzia izanda, tripulazioko beste kideak oporretan dira, baina guri lan egitea tokatzen zaigu. Goizero aritzen gara bertan, mantentze lanetan eta”, azaldu du. Gaztea …

Itsaso izango da 89.a »

Ezkio-Itsasoren azken hilabeteak dira hauek udalerri gisa. Itsasoarren eskariz, desanexio prozesua abiatu zuten 2011n, eta amaitzear dago prozesua. Bi herriak zein baldintzatan banatuko diren zehazten duen txostena onartu, osoko bilkurara eraman eta foru aldundiaren oniritzia jasotzea falta da soilik. - Irakurri gehiago...

Oasi baten kronika iragarria »

Saiatzeak beti izaten du arrisku bat, ekindako bidea bihurgunez betetzeko aukera. Aspaldiko irakasgaia da, ordea, oinez ikasteko ezinbestekoa dela erortzea, eta horixe gertatu zaie Tolosako Gazte Asanbladako kideei: joan den uztailean hartutako kolpet…

Herriz herri: Abaltzisketa. Ilusioa eta gogoa ez dira saltzen »

GIPUZKOA, BATETIK BESTERA . Gipuzkoako herri guztietatik ibilbidea egingo du ‘Hitza’-k datozen hilabeteetan. Bakoitzaren kezka eta erronka nagusiak aztertuko ditu. Abaltzisketan, denda bat irekitzea dute orain proiektu nagusi. Gainerakoan, zerbitzuz …