Saskibaloiarekiko ilusioa berreskuratzera »

Eider Bereziartua

Retabet.es Gipuzkoa Basket taldeak Urrezko LEB ligan jokatuko du 2016-2017ko denboraldian. Azken zortzi denboraldiak Espainiako goreneko mailan, ACBn, jokatu ostean, azkenengoan maila galdu zuen talde donostiarrak. Udara osoan “ziurgabetasunak” inguratu du taldea, eta hainbat iskanbilatan murgilduta ibili da kluba. Zalantza eta zurrumurru askoren ondoren, bigarren mailara itzuliko da Gipuzkoa Basket. Orain, Illunbeko Donostia Arena alde batera utzi, eta Gaska kiroldegian arituko dira gipuzkoarrak. Apurka-apurka berriro goraka egitea du taldeak helburu.

Irailaren 30ean hasiko du liga GBCk, baina duela hilabete ingurutik ari dira lanean lehen partidara “ahalik eta ondoen” iristeko. Gainera, bihar eta etzi, Euskal Kopa jokatuko dute, Azpeitian, LEB mailan aritzen diren gainontzeko hiru euskal taldeen aurka: Sammic ISB (Azpeitia), Zornotza saskibaloi taldea (Zornotza, Bizkaia) eta Saenz Horeca Araberri (Gasteiz). Denboraldia ondo hasteko denboraldi-aurrea “sentipen onarekin” amaitzea garrantzitsua dela esan du Francisco Javier Oyon Bully-k (Donostia, 1987), Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile laguntzaileak. Ondorioz, “kopa irabazteko asmotan” doazela gaineratu du.

Hiru jokalari gipuzkoarrek jokatuko dute probintziako lehen taldean: Xabier Orozek (Azkoitia, 1996), Lander Lasak (Tolosa, 1988) eta Julen Olaizolak (Donostia, 1993). Hala ere, Bullyk azpimarratu du “proiektu gipuzkoarra” dela. “Entrenatzaile nagusia kenduta [Porfi Fisac espainiarra], gainontzeko talde teknikoa Gipuzkoakoa da. 11 jokalarietatik hiru dira bertakoak, eta hori ehuneko handia da. Gainera, denboraldi-aurrean beste bost jokalari gipuzkoar ere gurekin izan dira entrenatzen”.

“Gustura” hartu dute hiru jokalari gipuzkoarrek Gipuzkoa Basketen jokatzeko berria. Hala ere, bakoitzaren kasua desberdina da. Esate baterako, Lasa goi mailako saskibaloian jokatutakoa bada ere, EBA mailan aritu zen joan den denboraldian, Tolosako taldean. Orain, bi maila gorago ibiliko da. “Oso pozik nago”, adierazi du tolosarrak: “Beti gustatu zait goi mailako saskibaloia, eta Gipuzkoako talde bateko partaide izatea goraipatzekoa da”. Olaizola ere ados dago Lasarekin: “Niretzat pribilegioa da hemen egotea. Haurra nintzenetik miretsi izan dudan klubeko kide izatea saria da”. Donostiarraren bosgarren denboraldia izango da Gipuzkoako lehen taldean. Orozek, berriz, lehen aldia izango du GBCko jokalari gisa. Azken urteetan, Iraurgi Saski Baloiarekin Zilarrezko LEB mailan jokatu du azkoitiarrak, nahiz eta askotan izan zen Gipuzkoa Basketi laguntzen —taldearekin entrenatu eta aritu izan da—. “Esperientzia berria hasteko gogoz nago. Horrelako talde batean ikasten jarraitzea aukera ona da”.

Bakoitza bide desberdinetatik iritsi den arren, orain taldekideak dira, eta Lasak dio emaitza onak lortzeko guztiek “familia bat bezala” izan behar dutela. Olaizolak uste du horretan “plusa” eman diezaiokela taldeari: “Bertakoa naiz ni, eta taldekideei ahal dudan guztian lagundu behar diet”. Horrez gain, tolosarrak dio “talde borrokatzailea” izan behar dutela; “defentsatik abiatuta borroka egin behar dugu”.

Olaizolak esan duenez, ondo ari dira entrenatzen, eta, “apurka-apurka”, aurrera doaz. Entrenatzaileak ere iritzi bera du: “Denboraldi-aurrean nahiko lan ona egin dugu. Taldea ondo ari da erantzuten”. Oroz ere itxaropentsu agertu da denboraldiari begira: “Elkarrekin ez dugu orain arte inoiz jokatu, eta elkar ezagutzeko pixka bat falta zaigu oraindik. Hala ere, itxura ona hartzen diot taldeari. Etortzen diren gazteak ongi etorriak izango dira.

Denboraldirako helburuez hitz egitean, ordea, ez daude hain ziur. “Ez dakit gainontzekoek nolako taldeak osatu dituzten”, esan du Orozek. Lasak liga hori “oso gogorra” dela azpimarratu du: “Ez dago lehen posturako faborito nabarmenik: oso liga borrokatua da”.Olaizolaren ustez, partidaz partida joatea da gakoa. Entrenatzailearen esanetan, ordea, lehen helburua afizioa berriro “Gipuzkoa Basketez bustitzea” da: “Ahal dugun guztia egingo dugu Gipuzkoako jarraitzaileek saskibaloiarekiko ilusioa berreskura dezaten”. Guztiak ados daude horretan: “Jendea gurekin identifikatzea nahi dugu. Zaleak ostirala iristeko gogoz egon daitezen lortu behar dugu”. Uste dute horren gakoa partidaz partida borroka egitean datzala.

Gipuzkoako harrobia

Gipuzkoa Basket klubaz gain, maila bat beherago, Azpeitiko Iraurgi Saski Baloi taldeak jokatzen du. Espainiako hirugarren maila horretan emaitza onak lortu dituzte azpeitiarrek azken urteetan. Horrez gain, harrobiko lehiaketetan emaitza ezin hobeak lortu izan dituzte Gipuzkoako taldeek azken urteotan. “Lehen ez bezala, orain entrenatzaile prestatu asko daude, eta horrek asko laguntzen du jokalariek ikas dezaten”, azpimarratu du Lasak: “Kalitate handiko jokalariak dauzkagu hemen, eta, egunero gogor entrenatu eta beren buruarengan sinesten badute, ziur nago Gipuzkoa Basketeko elastikoa jantziko dutela noizbait”.

Bullyk azaldu duenez, kluba Gipuzkoako saskibaloia indartzen saiatzen ari da. “Horretarako, hitzarmenak egin ditugu probintziako hainbat talderekin. Eliteko jokalari gehiago izango ditugu denborarekin”.

“Beti egon izan da igoera lortzeko esperantza puntu bat” »

Iñigo Otaegi

Tolosa Eskubaloiak igoera historikoa lortu zuen igaro den denboraldian. Juan Martin Amiano (Altzo, 1960) taldeko presidentea da, eta ilusio handiz begiratzen dio datorren denboraldiari.

Hainbeste borrokatu ondoren, igoera historikoa lortu duzue.

Bai, oso garrantzitsua izan da guretzat igoera. Inork ez zuen espero, ezta guk ere. Denboraldi-aurreko helburua igoera fasera iristea zen, eta, behin iritsiz gero, ahal bezainbeste disfrutatzea. Gainera, zilarrezko mailara igotzeko fasea Tolosara ekartzea lortu genuen; askoren harridurarako, igotzea lortu genuen. Publikoaren indarra izugarria izan zen, eta oso lagungarria aldi berean. Orain, kantxan irabazitakoa ezin dugu alde batera utzi.

Noiz hasi zineten sinesten?

Guk beti sinetsi izan dugu borrokatuz gero edozer lor daitekeela. Denboraldi osoan ahalegin handia egin genuen, eta azken fasean igoera posible ikusten genuen. Horrexegatik ekarri genuen azken fasea Tolosara.

Igoera lortu ostean, ilusio berezia piztu da Tolosan.

Sarri pentsatu izan dugu ez duela futbolak soilik egon behar Tolosan. Eskubaloia, garai batean, nahiko goian egon zen; gero, berriz ere maldan behera jarri zen. Hutsetik berriz ere goraka bidean jartzeko lanean hasi ginen. Igoera fasea herriko jendearengatik ekarri genuen, eskubaloiaren inguruan mugimendua sortzeko.

Azken partidak telebista bidez eman genituen. Bi hautu horiek, egia esan, zaleengan eragin oso positiboa izan dute. Txikienengan ere antzematen da, eskubaloian jokatzen hasteko izena ematen ari baita haur andana.

Presidenteak nola bizi izan zuen igoera?

Jokalarientzat igoera oso berezia izan den gisan, baita presidentearentzat ere. Zalantzarik gabe, karguan nagoenetik gertatu zaigun gauzarik pozgarriena da. Mantenduko bagina, are gehiago poztuko nintzateke.

Iaz sasoi honetan esan izan balizute zilarrezko mailan jokatuko zenutela?

Egia esan, garai batean maila onean zegoen Tolosa. Zilarrezko mailan ere lehiatu ginen, eta finala Bartzelonaren aurka galdu genuen. Nahiz mailaz jaitsi, beti egon izan da igoera lortzeko esperantza puntu bat.

Orain, beste etapa bat hasten da.

Orotara, hamasei talde gaude, denak multzo berean. Lehen partidan, aurkari gogorra izango dugu aurrez aurre: Bartzelona B. Zaila izango da ondo hastea, baina, denborarekin, kategoria berrira egokituko gara. Aurtengo xede nagusia hiru talde atzetik uztea da. Zaleei dagokionez, lehen norgehiagoketan kiroldegia betetzea izango da asmoa; ahal bada, indar horri eusten saiatuko gara denboraldia amaitu bitarte. Estatu mailan Tolosa herriak ere oihartzuna izan dezan nahi dugu; arrastoa uzten ahaleginduko gara, bai kanpoan jolasten dugunean, bai Usabalgo kiroldegian.

Giroak iraun dezan, bazkide kanpainarik abian jarri duzue?

Bai, bonuak atera ditugu. Modu horretan, denboraldiko partida guztiak ikusi ahal izango dituzte. Helduek 60 euro ordaindu beharko dute; gazteek, 30; eta familientzako tarifak atera ditugu, 120 eurokoak. Denboraldia hasi artean, Tolosako Irrintzi tabernan egongo dira salgai. Hurrengo astetik aurrera, kiroldegian izango dira. Gainera, iazko esperientzia arrakastatsuaren ostean, aurten ere zenbait partida telebista bidez emango ditugu.

Jokalariak eskubaloiari dioten maitasunagatik soilik ari dira jokatzen.

Bai, hala da. Gure aldetik esfortzu handia eskatzen du horrek. Jokalariek ez dute kobratzen, eta ez da samurra denak konbentzitzea. Hasieran, gogo berezia izaten da, baina, emaitzek ez badute laguntzen, animoa behar da. Denboraldi honetan, estatuan zehar asko bidaiatuko dugu, eta zama handia ekartzen du. Ez da batere erraza dena ondo kudeatzea.

Zenbat aldatu da taldea? Zein erori da, eta zein gehitu taldera?

Adibidez, ikasketa kontuak direla eta, Ander Uranga kanpora doa urtebeterako. Batzuk erori dira, baina taldea ez da gehiegi aldatu; oinarria berbera da. Guk saiakera egiten dugu jokalariak Tolosaldekoak izan daitezen. Hala ere, aurten Usurbildik eta Arrasatetik etorri dira jokalariak. Lau fitxaketa egin ditugu oraingoz: Mikel Zuloaga, Lander Casado, Asier Larrañaga eta Andoni Zubeldia. Handia da kirolari dioten maitasunagatik soilik jokatzea. Aldagelako giroa bikaina da; hori da garrantzitsuena.

Abuztuan, partidak jokatu dituzue. Denboraldi-aurrea nola doa?

Oro har, ondo doa. Lehen partidan, Anaitasunari irabazi egin genion. DV torneoa ere irabazi genuen. Jarraian, Torrelavegara joan ginen torneoa jokatzera, eta, bertan, kategoria bereko bi talde izan genituen aurkari. Bi partidak galdu genituen; lehena, 16-14, eta bigarrena, 15-13. Baina, tira, eskarmentu gisa balio izan zigun esperientziak. Usabalen, berriz jokatu genuen Torrelavegaren aurka, eta 26-31 galdu genuen. Zarautz aurkari izan genuenean, 11 golen aldeko porrota jaso genuen.

Tolosa Eskubaloia ez da lehen taldea soilik. Zer moduzko harrobia dago Tolosan?

Oso ona. Bigarren senior taldea bigarren maila nazionalean dago. Gazteak ondo ariko dira denboraldi honetan; oso jokalari onek jokatzen dute. Kadete mailan, bi talde ditugu; ea lehen taldea Euskal Ligarako fasea jokatzera iristen den. Haurren mailan, oso jokalari onak daude, Euskadiko eta Espainiako selekzioetan jokatzen dutenak, besteak beste. Kimuak ere gogor ari dira lanean. Neskei dagokienez ere, goraka goaz. Kadeteetan bi talde daude; baita haurren mailan eta kimuetan ere. Ea hemendik bizpahiru urtera senior mailako emakumezkoen lehendabiziko taldea ateratzen den.

“Soka urarekin uztartzen dugun bakarrak gu gara” »

Iñigo Otaegi

Waterline jaialdiaren hirugarren aldia egingo dute bihar eta etzi Tolosan. Iñigo Manso (Ibarra, 1984) antolatzaileetako bat da, eta buru-belarri dabil dena pentsatu moduan atera dadin. Asteburu osoan izango da ikuskizuna, Zerkausian.

Zertan datza waterline fenomenoa?

Slackline barruko modalitatea da. Uraren gainean kokatutako sokan oreka mantentzean datza. Slackline munduan hasi nintzen garaian, pentsatu nuen Tolosako Oria ibaian zerbait ikusgarria egin zitekeela. Lagunartean antolatutako ekitaldi xume bat zen hasieran, eta nazioarteko jaialdi entzutetsu bihurtu da.

Inguruan antolatzen da waterline modalitateko beste ekitaldirik?

Ez, estatuan antolatzen den jaialdi bakarra da. Egia da Bartzelonan eta Madrilen ere antolatzen direla slackline barruko beste modalitateetako ekimenak, baina soka urarekin uztartzen duten bakarrak gu gara. Jendea oso urrutitik etortzen da hona, eta ia denek errepikatzen dute. Pentsa, mundu mailan jaialdi honen berri ere badute. Nolabait esatekotan, nazioarteko zirkuituaren barruan sartzen da jaialdia; bira guztia egiten duenik ere bada, eta horiek ere izaten dira gurean. Ertz guztietako pertsonak etortzen dira: suitzarrak, alemaniarrak, frantsesak… Finean, tokia bera ederra da, eta izugarrizko giroa sortzen da.

Nolatan hainbesteko zaletasuna?

Orain dela lauzpabost urte lagun bat sokarekin etorri zen; zuhaitzetatik lotu eta probatzen hasi ginen. Lehenik, pauso bakarra ematen ikasi genuen, eta, apurka, bakoitzak bere buruari jartzen zizkion mugak gainditzen hasi ginen. Kirol honen ederrena zeure buruaren aurkako borroka dela da; ez duzu aurkaririk. Aurten, highline modalitatean, marka pertsonala apurtu dut. Luzeran 120 metroko soka zeharkatu dut, 65 metroko altuerarekin. Gainera, lagunekin izugarri ondo pasatzen dugu kirol honekin; errutina aspergarritik ihes egiteko modu paregabea da.

Zein da jaialdiaren xede nagusia?

Helburu nagusia da waterline praktikatzen duen munduko jendea biltzea. Beste alde batetik, ikusleak erakarri nahi ditugu, kontura daitezela waterline bezalako kirolak existitzen direla. Gizarte honetan ez da soilik futbola edota saskibaloia praktikatzen. Jendea zur eta lur geratu ohi da egiten dugunarekin, eta bide beretik jarraitu nahi dugu. Gainera, lehorrean soka bat jartzen dugu urtero, hasiberriek sokarekin lehen kontaktua izate aldera.

Generoari dagokionez, kirol hau parekidea da?

Bai. Egia da gizonezkoek, oro har, gehiago praktikatzen dituztela arriskutsutzat jotzen diren kirol hauek. Halaber, joan den urtean bezalaxe, hamabi emakume etorriko dira Tolosara. Denak daude gonbidatuta; guk ez dugu inolako mugarik jartzen.

Urtero markak hausten ari zarete. Hirugarren aldia oraindik hobea izango al da?

Aurtengoa ikusgarria izango da. Iaz gisan, 70 parte hartzaile izango dira, gehiago ekarri ezin direlako. Batzuek esango dute gutxi direla, baina, jende ugari etorriz gero, ez dute gozatzen. Hobe da gutxi horiek gozatzea, asko etorri eta marmarka ibiltzea baino. Oraingoz, arrakastatsuak izan dira bi aldiak, eta espero dut aurtengoa ere bikaina izatea. Urte hauetan lana ondo egin izanaren ondorioa izango da datorren asteburuan biziko duguna.

Lehen bi aldiekin alderatuta, berrikuntzarik izango al da?

Bai. Aurten, lehen aldiz, Euskal Herriko marka hausten ahaleginduko gara; 120 metroko soka jarriko dugu. Asteburu osoko ekintza erakargarriena da, ezbairik gabe. Munduko marka 170 metroan dago, hortik atera kontuak. Horrez gain, lehen jaialdian zazpi soka jarri genituen, eta bigarrenean, bederatzi. Aurten, denera 11 soka jarriko ditugu, luzera eta zailtasun ezberdinekoak.

Ordea, lehen baldintza segurtasuna izango da.

Noski. Segurtasuna funtsezkoa da. Egitarauan pentsatzen jarri aurretik, probak egingarriak diren edo ez aztertzen dugu. Egia esan, errekak mugatu egiten gaitu, eta ezin izaten dugu nahi dugun guztia egin. Euskal Herriko marka haustea buruan dago; alabaina, gutxieneko arriskuren bat ikusi bezain pronto, bertan behera utziko dugu. Beste edozein kiroletan baino segurtasun handiagoa behar da.

Jendeak txanponaren alde ona ikusten du, eta ez atzetik dagoen lana. Nolakoa izan da antolaketa prozesua?

Lan handia eskatzen du. Jaialdi bat bukatu, eta bestean pentsatzen hasten gara. Hau dena ez da pertsona soil baten meritua; nire inguruko jendearen laguntzarik ez banu, hau ez litzateke aurrera aterako. Milaka gauza egin behar dira: laguntza topatu, babesleak lortu… Zerbait gustatzen zaizunean, ordea, horrelako kontuek zama gutxiago izaten dute. Asteburuan, orotara 15-20 lagun inguru ariko dira jo ta su lanean: ostiralean sokak jarri, parte hartzaileentzat bazkaria prestatu…

Waterline ikusteko abaguneaz gain, aparteko zerbait prestatu duzue?

Taberna egongo da, nahi adina jan eta edan ahal izateko; musika ere izango da, bertaratzen direnek dantza egin dezaten. Gainera, larunbat arratsaldean, Zerkausiaren goiko aldean dagoen terraza irekiko da; bertatik, ikuskizunaz gozatzeko ikuspegi ederra izango dute.

Ekitaldi garrantzitsua bilakatzen ari da Waterline Tolosan. Antolatzen jarraituko duzue?

Bai. Baina oraindik hirugarren aldia hasteko dago, eta hobe da ez aurreratzea. Ondo bidean, laugarrengoan pentsatzen hasiko gara, zalantzarik gabe.

“Ez da mendi martxa soil bat” »

Olaia Iraola

Bihar hasi eta abuztuaren 6ra arte, Leitzatik (Nafarroa) Urduñara (Bizkaia) mendi ibilaldia antolatu dute, Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko asmoarekin. Hamaseigarren urtea da aurtengoa, eta, Euskal selekzioa martxan, herri borondatez ofizialtasuna! lelopean egingo dute 183 kilometroko ibilaldia.

14 urtez jarraian, ESAITen barruan antolatu izan zen mendi martxa, baina, duela bi urte, desagertu egin zen taldea. Mendi martxaren antolatzaileek ofizialtasunean ekarpena egin zezaketela pentsatu, eta aurrera jarraitu zuten. ESAIT desagertu zenetik antolaketan aldaketarik ez dela egon azaldu du Txumai Iturriak (Zarautz, 1960): “Antolatu berdin egiten gara; aldatu direnak pertsonak dira. Izan ere, batzuek utzi egiten dute, eta besteak sartu egiten dira. Hala ere, egitura berdin mantendu da”.

Behar batekin sortu zen, eta koordinatzaileak azpimarratu du oraindik hor dagoela: “Ofizialtasuna lortzen dugunean bukatuko dira gure zereginak. Bitartean, lan asko daukagu egiteko. Modu ezberdinak daude ofizialtasunaren alde egiteko. Mendiz egitea erabaki genuen, herriak nahiz paisaiak aintzat hartuz eta selekzioaren lana txoko guztietara zabalduz”.

Iturriak azaldu du ibilaldiko etapak luzeagoak izaten zirela garai batean, eta beste prestaketa maila bat eskatzen zutela; “orain etapak eramangarriagoak dira”, adierazi du. 25 kilometro egiten dituzte egunean batez beste, eta egun osoa edukitzen dute horretarako. “Kilometrajea baino gehiago da erritmoa”, dio mendizaleak.

Egitasmo hau aurrera ateratzearen helburu nagusia pasatzen diren herrietan euskal selekzioaren gaia plazaratzea da, Iturriaren arabera: “Klase politikoak bigarren mailan uzten du selekzioaren gaia. Hauteskundeetan ederki gogoratzen dira ofizialtasunaz. Agenda politikoan bigarren mailan dago, eta jendeak akuilu lana egin dezan nahiko genuke. Horretarako, ordea, jendea kontzientziatu egin behar da”.

Mendi martxaren dinamika elkarlanetik abiatzen dela azaldu du koordinatzaileak: “Ez da mendi martxa soil bat non etapa bat hasi, bukatu eta ahaztu egiten duzun. Elkarlana dago horren atzean. Mendi martxa honetan garbiketa lanak, gosaria egitea… lan asko daude tartean, eta oinez ibiltzea baino gehiago da”.

Urtero ibilbide desberdin bat egiten dute: “Iaz, kostatik egin genuen ibilbidea, Algortatik [Bizkaia] Ziburura [Lapurdi] joan ginen. Hori oso erakargarria izan zen. Jende asko animatu zen. 2014an, berriz, Gasteiz eta Urepele [Nafarroa Beherea] elkartu genituen. Urtez urte aldatuz joaten da ibilbidea. Aurten, Leitza eta Urduña batzea erabaki dugu”.

Gipuzkoatik bigarren etapan pasatuko dira; Betelutik Zaldibiarako bidean, hain zuzen. Uztailaren 31n, Aralarko Balerdi azpitik pasatu, eta Gipuzkoan sartuko dira. Lehenengo herria Amezketa izango da. Seigarren etapara arte bertan ibiliko dira. Leintz Gatzagatik Otxandiorako ibilbidean, irten eta handik gutxira sartuko dira Araban.

Astebete iraungo du ibilaldiak. Zortzi etapatan banatuta dago. Ez dira, ordea, bederatzi herritatik soilik pasatuko, mendizalearen arabera: “Betelutik Zaldibiara goazenean, adibidez, Amezketatik pasatuko gara. Etapa bukaera diren herriez gain, hainbat herritatik pasatu eta horietan ekitaldiak antolatuko dizkigute. Menditik jaisten garen herrietan selekzioaren ofizialtasuna zabaltzen eta kontzientzia areagotzen saiatuko gara”.

Koordinatzaileak dio ibiltari batzuen helburua ondo pasatzea eta mendiaz gozatzea dela; beste batzuena, berriz, selekzioaren alde egitea: “Behin mendi martxan sartuta, dinamikak eramaten zaitu ibilbidean barrena”.

Egunero zazpi-zortzi orduko txangoa egingo dute. 08:00 aldean abiatu, eta 17:00 aldera iritsiko dira hurrengo herrira. Gaua frontoietan, kiroldegietan edo eskoletan emango dute, lurrera zakuak botata. Norberak etxetik eramaten ditu ibilbide osorako gauzak. Aldatzeko arropa, lotarakoa, garbitzekoa eta abar maletetan sartu, eta furgonetan eramaten dituzte. Hori hasierako herritik azkenera arte joaten da, etapaz etapa. Egunez motxila bat erabiltzen dute, txangorako beharrezkoak dituzten gauza oinarrizkoenekin.

Garraioari dagokionez, hasiera puntura joateko autobusa antolatu dute Bilbotik Donostiara, tartean Durangon, Eibarren eta Zarautzen geldialdia eginez. Donostian gainontzeko ibiltariak jaso, eta Leitzara joango dira. Azken egunean, alderantzizko bidea egingo dute. Mendizaleak azaldu du normalean ez dela arazorik egoten. Arazo jakin bat egonez gero, furgonetak dituzte, norbaitek min hartuz gero edo erretiratu nahi badu ere.

Badira zeharkaldi osoa egiten dutenak, baita erdia egiten dutenak ere. Iturriak dio modu askotako etapak egiten dituen jendea dagoela: “Erdia egiten dutenak, laurdena, bi etapa… Batzuk bi etapa egitera etorri, eta dinamika gustatuta dena egitera animatzen dira”. Horiek ez daukate profesionalak izan beharrik, Iturriaren arabera. Gainera, adin guztietako jendea animatzen da mendi martxara: “Garbi dagoena da zerbait ibilia izan behar duzula. Baina egia da adin ezberdinetako jendea topatuko duzula: gaztetxoak, 70 urte inguruko helduak… Prestakuntza aldetik ezberdin prestatutako jendea animatzen da, eta denetara moldatzen gara. Geldiuneak egiten ditugu ibilaldian, denek erritmo bera edo antzekoa har dezaten”.

Mendi martxara animatzen den jendearen gehiengoa gipuzkoarra eta bizkaitarra dela azaldu du: “Ibilbidearen araberako lekuko jendea animatzen da. Duela lau urte, esaterako, Iparraldetik pasatzen zen ibilbidea, eta bertako jende asko animatu zen. Bertakotasunak asko eragiten du. Hala ere, Euskal Herri osoko jendea animatzen da”.

Iturriak dio astebeteko ibilbide horretan muga bat jartzen dutela partaideen kopuruan, ehun pertsonakoa: “Jarri beharra dago muga bat. Horrela izan ezean, arazoak etor daitezke. Izan ere, herriak ez daude prest ehun laguni baino gehiagori gaua pasatzeko estalpea eskaintzeko”.

Jende gehiengoarengana ahoz ahoko komunikazioaren bidez iristen direla adierazi du Iturriak; izan ere, aurreko urteetan parte hartu dutenen kontaktuak jasotzen dituzte eta mezu elektronikoak bidaltzen dizkiete. Hala ere, webgunearen bidez eman daiteke izena —mendimartxa.eus—. Zeharkaldi osoko bonua edo erdikoa eros daiteke.

Zeharkaldi osoa egin nahi duenak 200 euro ordainduko ditu, eta, eguneroko afariak nahiz azken bazkaria barne izatea nahi izanez gero, 300. Zeharkaldi erdia hautatzen dutenek ere afariarekin edo afaririk gabeko hautaketa egin dezakete: 100 euro izango da afaririk gabe eta, bestela, 150. Lehen erdia edo bigarrena egiteko aukera izango dute horiek, eta bigarrengoa afariarekin hartzen duenak azken eguneko bazkaria ere ordaindua izango du. Denek ala denek izango dute gosaria, etaparako ogia eta fruta barne.

Bihar itxiko dute izen ematea. Astebeteren faltan, 60 lagun zeuden izena emanda, eta, ehun partaidera iritsi ez badira dagoeneko, mendizaleak azpimarratu du gaur edo bihar izena emateko garaiz dela.

Maldan Behera, baina goraka »

Maialen Igartua

Kirola da, ala festetako ekitaldi zoro bat? Goitibeherei buruz hitz egitean, galdera soil horrek behin baino gehiagotan amaitzen du eztabaidarako gai izaten. Kirola dela defendatuko dute batzuek, prestaketa eskatzen duena, eta lehia bultzatzen duena. Beste batzuek, berriz, ikuskizuna eskaintzen duen ekitaldi baten modura ikusiko dute; eta gazteen ustezko erokeriarekin eta burugabekeriarekin lotzen duenik ere izango da. Legazpiko Maldan Behera elkarteak garbi du: kirola da. Gizarteak ere beraiek bezain garbi izan dezan dute helburu, eta, horretarako, hainbat ekintza antolatzen dituzte, haurrekin hasita.

2013an sortutako elkarte bat da Maldan Behera, inertzia kirolak indartzeko asmoz. Gipuzkoan sortutako lehenengo inertzia kirolen elkartea izan zen. Hainbat legazpiarren eta oñatiarren artean sortu zuten: Iker Aztiri, Aitor Aztiri, Iker Mugertza, Joseba Astondoa, Xabi Mugertza eta Julen Agirreburualde. Denak goitibehera pilotuak ziren, eta, hasieran, funtzio hori betetzen zuen Maldan Beherak: pilotuen elkarte izatea. Gero, ordea, taldekide asko rallyen mundura pasatu ziren, eta, gaur egun, Agirreburualdek baino ez du jarraitzen. Kide berri batzuekin batera osatzen du elkartea, baina, gaur egun, oso bestelako norabideari jarraitzen diote. “Elkarteko pilotu bakarra ni naiz; orain elkartearen xedea ekitaldiak antolatzea da, goitibeheren inguruko afizio bat sortzeko”, azaldu du Agirreburualdek.

Besteak beste, Challenge Gipuzkoa txapelketa antolatzen dute. Herriz herri egiten diren hainbat lasterketatan lortzen dira puntuak txapelketa horretarako. “Challenge-arekin hasi ginenetik nabari da gorakada”, esan du legazpiarrak. “Jendea ilusionaturik ikusten da; lehen beren herriko lasterketan baino parte hartzen ez zuten batzuk inguruko herrietara mugitzen hasi dira, puntuak lortzeko”.

Dena den, Maldan Behera elkartearen asmo nagusia harrobi indartsu bat sortzea da; hau da, txikitatik afizio bat sortzea. Horretarako, herriz herri erakustaldiak egiten dituzte Sputnik izeneko goitibeherekin. Goitibehera sinple-sinpleak dira Sputnik-ak, edozeinek erabiltzeko modukoak. “Betiko goitibehera cuatropaloak dira, baina modernizatuta”.

Kalixto Garciak, Bizkaian bizi den madrildar batek, patentatutako modeloa da Sputnik. Dena den, Agirreburualdek ere parte hartu zuen produktuaren sortze prozesuan, ideiak emanez eta ekarpenak eginez. “Gaur egun, haurrek ez dute ohiturarik garajean sartu eta goitibehera bat sortzeko; hortaz, beharrezkoa ikusi genuen sortutako zerbait jartzea haien eskura”, azaldu du legazpiarrak. Frenoak jartzea ere ezinbestekoa iruditu zitzaien.

Hasieran, Sputnik goitibeherak alokairuan uzten hasi zen Maldan Behera elkartea. Zortzi ibilgailu zituzten, eta erakustaldiak egiten zituzten herriz herri, haurrek proba zitzaten. Orain, pauso handi bat eman dute, ordea: Sputnik-ak ekoizteko eta saltzeko lizentzia lortu dute zazpi urte eta erdirako. Espainiako Estatuan lizentzia hori duen elkarte bakarra da. Irailean hasiko dira ekoizten, eta lehenengo labekada 80 goitibeherakoa izango da.

Agirreburualderen hitzetan, orain arteko erakustaldietan “arrakasta handia” izan dute Sputnik-ek. “Azken finean, gurasoei beren gaztetako goitibeherak gogorarazten dizkiete, eta lotura bat sortzen da haurren eta gurasoen artean”. Hainbat abantaila ditu, legazpiarraren esanetan: esaterako, txikia dela eta edozein lekutan erabil daitekeela. “Ekitaldiro galdetzen ziguten ea non eros zitezkeen, eta orain badugu saltzeko modua”.

Europako txapelketara doa

Agirreburualdek ongi daki zenbaterainokoa den harrobi sendo baten garrantzia. Izan ere, bera ere umetan hasi zen goitibeherak egin eta haien gainean maldan behera. Hamabi urterekin egin zuen lehen goitibehera, lagun artean, eta hamaseirekin lehiatu zen lehenengoz, Urretxuko jaietan. Umetan afizio soil zuen hura, ordea, ia-ia ofizio bihurtu zaio. “Ez da ofizioa, ez dudalako ezer irabazten, baina egunero-egunero dedikatzen diot denbora”, adierazi du.

Eta eguneroko dedikazio horrek fruitua eman du. Agirreburualdek Inertzia Kirolen Europako Txapelketan parte hartuko du, gaur hasi eta igandera arte, Belgikan. Ez du lehenengo aldia: iaz, Italian izan zen, Europako Txapelketa jokatzen orduan ere. Espainiako federazioak aukeratuta doa, zortzi bat laguneko taldetxo batekin. Gipuzkoar bakarra izango da, baina ez euskaldun bakarra: bizkaitar batek ere parte hartuko du, baina Suitzako selekzioarekin.

Nola ez, Maldan Behera elkarteko kide batek lagunduko dio bere abenturan. Izan ere, pilotuak bezainbesteko garrantzia izaten du ibilgailuak inertzia lasterketetan. Kideak lagunduko dio beharrezko moldaketak egiten. Hain zuzen ere, horretan pasatzen dute urte osoa: ibilgailua probatu eta aldaketa txikien bidez xehetasunak hobetzen.

Agirreburualdek bitan irabazi du Euskal Liga, eta Espainiako Kopan bigarren eta hirugarren postuak ditu lortuak. Europako txapelketan, C8 kategorian lehiatuko da. Motorrik gabeko car-ak lehiatzen dira kategoria horretan. Agirreburualdek iaz erosi zuen C8 kategoriako ibilgailua, eta, aurten, hainbat lasterketatan parte hartu du harekin.

Legazpiarrentzat zein gipuzkoar guztientzat erreferentzia izan daitezke Agirreburualde eta Maldan Behera elkartea. Egun, Eskoriatzan baino ez dago beste goitibehera elkarte bat, baina haiek herriko jaietako lasterketa baino ez dute antolatzen. Legazpiarren helburua harago doa. Goitibeherekiko eta inertzia kirolekiko sentitzen duten maitasuna helarazi nahi diete gainontzekoei. Gogor ari dira lanean, behera irrist eginez gora eta gora egiteko.

“Taloa jotzen dudanero pilotari eskua gogortzen zait” »

Jon Miranda

Pilotari bezala aritzeko amaren abizena ibili zuen frontoietan: Altzelai. Gaur egun, Alkiza eta Larrabetzu (Bizkaia) artean bizi da Julen Hernandez Altzelai (Alkiza, 1989). Amets bat zuela aitortu du: bere kabuz lan egitea. Betikoak dituen ingurunearekiko eta osasunarekiko kezkak bizi proiektu bihurtu, eta taloa darabil borrokarako tresna, eko-taloa.

Noiz eta nola hasi zinen pilotan jokatzen?

6-7 urterekin hasi ginen, eta eskola bat motz edo txiki geratzen zitzaigunean eta jende gutxi bazebilen, mugitu egiten ginen: Villabonara edo Añorgara, adibidez. Oso serio hartu nuen pilota kontua. Dena eman nuen. Txapelketa batzuk irabaztea lortu nuen, tartean Elgetako lau t’erdiko azkena. Jokatu dudan bereziena izan da hori, eta baita Ogetan jokatu nuen GRAVNeko finala ere. Gero, ez nintzen gustukoa izan, eta ez ninduten onartu profesional munduan. 2012a zen, krisia bete-betean zegoen, eta pilotariak hartzeko baino gehiago botatzeko garaiak zirela esan ziguten. Hori gertatu ondoren, orrialdea pasa eta liburu berri bat idazten hasi behar nuela pentsatu nuen.

Nola sortu zenuen Eko-Talo proiektua?

Taloek betidanik txunditu izan naute. Galdetu nion neure buruari: zergatik ez atera talo berritzaile bat? Zerbait berezia? Existitzen zen produktu bati aldaketa sakon bat egin nahi nion, batez ere oinarrian: lehengaien jatorrian gehiago sakondu eta ikertu nahi nuen. Jatorri osasungarri bat, bai pertsonentzat eta bai pertsonak bizi diren ingurumenarentzat.

Nondik abiatu zenuen proiektua?

Irina da taloaren oinarrian dagoena eta proiektuaren abiapuntua izan zena. Arazoa izan nuen irin osasungarria eta ekologikoa bilatzeko. Espainiako estatuan saiatu nintzen begiratzen, baina ez nuen erraztasunik izan, ez nuen zuzenki horretan sartuta zegoen inor topatu. Donibane Garazi ondoan, nekazari bat ezagutu nuen arto irina ekologikoan egiten zuena; zazpi barietate ezberdin zituen, eta bere buruarentzat egiten zuen lan. Harekin hartu-emana egin nuen, eta asko gustatu zitzaidan haren filosofia. Ikusi nuen produktu bat jaiotzetik hil arte kontrolatzen ez baduzu ezin duzula ziurtatu ehuneko ehun produktu hori osasungarria denik. Bide horretan sakondu, eta erabaki nuen niretzako propio arto irina sortzea.

Artoa zuk ereiten al duzu?

Haziak ereiten hasi nintzen, eta beste nekazari ekologikoei pasatzen dizkiet haiek landarea erein dezaten. Gero, produkzio hori niregana bueltatzen da. Hasieran, bi ekoizlerekin hasi nintzen, eta Euskal Herri mailan gaur egun zazpi ekoizle ditut —neroni tartean—. Proiektu polita da, barietateen mantenu bat ere egiten dugu. Arto berezi bakoitzak bere prozesua du, eta berreskuratze horretan hiruzpalau urte ematen ditugu.

Gero artoa zuk irintzen duzu?

Bai. Irindu aurretik, ordea, labean sartzen dut. Bizkaian ikasi nuen hori. Behin labetik pasata goxoagoa eta hobea geratzen da artoa; erdi egina geratzen da, eta urdailarentzat errazagoa da irensten. Gero, errota berezkoa dugu hemen etxean, eta alea eskuz ehotzen dugu, galbahetik pasa eta guk nahi diogun lodiera ematen diogu. Guk kontsideratzen dugu irin integrala dela gurea, eta horrek ere urdailari mesede egiten dio.

Osasungarria da zuek egiten duzuen taloa. Zergatik?

Gureak ez du glutenik. Masa egiteko, Bretainiatik jasotako formula bat ekarri genuen —hemengoaren oso antzekoa—, eta lortu dugu talo bat egitea zeliakoentzat aproposa dena, laktosarik gabekoa. Gure postutik ez da inor joango taloa jan ezin duelako. Beti dugu alternatiba bat. Orain arte jan ezin zuten pertsonek taloa jaten dute gure postuan.

Pilotari izanik, ez duzu zailtasunik izango taloa jo ahal izateko.

Pilotari jo beharrean orain taloari jotzen diot. Taloa jotzen dudan bakoitzean eskua gogortzen zaidala iruditzen zait —barrez—. Denek dute arazo bera: nola egin talo bat apurtzen ez dena? Prozesuaz gain, lehengaiak behar du ona izan. Eta guk ehuneko ehuneko bermea dugu: freskoa, ekologikoa eta guk kontrolatutakoa da produktua.

Nola egiten duzue lanketa hori guztia gero saltzeko?

Postu modernoago bat badugu, food-truck bat, altzairuarekin egina eta ikusgarria. Bestalde, txosna moduko bat ere ibiltzen dugu jaiez jai. Bai kasu batean zein bestean kontua da zer transmititu nahi diozun publikoari. Taloaren atzean gauza asko daude, eta horiek azaleratzen saiatzen gara: ekonomia sare oso bat, laborantza sistema bat sostengatzen duzu Eko-Talo postuan kontsumituz gero.

Zerekin betetzen duzue taloa eta zerekin lagundu?

Txorizoa-hirugiharra, gazta-txokolatea binomio horretatik atera nahi genuen taloa. Horiek duten indarra mantendu nahi dugu, baina produktu berriak atera nahi ditugu. Talo begetala nobedade bezala eskaini genuenean, jendeak errezeloz begiratzen zion. Porru, azenario, piper gorri, tipula eta garaiko produktuekin osatzen genuen, brokoliarekin eta azarekin, esate baterako. Prozesu luzeagoa da, baina merezi du. Orain, txanpinoiak ere sartu ditugu, eta artoarekin oso ondo geratzen direla ikusi dugu.

Zein asmo dituzue aurrera begira?

Tabernei bultzada bat eman eta jai giroa sortzeko asmoarekin, talo egunak eta talo jaiak egiten ditugu. Musika eramaten dugu, eta taloa, edaria eta beste hainbat produktu eskaintzen ditugu. Egunerokotasunera eraman nahi dugu, eta ez dugu lotu nahi jaiegun berezi eta bakanekin. Bultzada berri bat eman nahi diogu taloari, gauza berriak egiteko. Ez dezagun antzinako produktu bat balitz bezala ikus, zerbait berritzailea izango balitz bezala baizik, zapore berriak kudeatzeko balio duen jaki moduan.

Euskal Herriko txapela herriratzeko prest »

Julene Frantzesena

Joan den uztailaren 3an Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa bosgarrenez irabazita, Euskal Herriko finalera begira dira Azpeitiko pilotariak. Izan ere, txapelketa horretako Gipuzkoako ordezkariek bideratuta daukate Zigoitiaren (Araba) aurkako kanporaketa, joanekoa 3 eta 0 irabazita. Gaur jokatuko dituzte itzuliko partidak, etxetik kanpo, 19:00etan hasita.

Lan erdiak eginda, finala pauso txiki batera dute azpeitiarrek. Dena den, “partidak irabazi edo, gutxienez, tanto batzuk egin” beharko dituztela eta finalerako sailkatzea lortuko duten ikusteko dagoela diote Julen Egigurenek (Azpeitia, 2000), Gorka Iriartek (Azpeitia, 2000) eta Markel Etxanizek (Azpeitia, 1992).

Egigurenek kimuetan jokatzen du Unai Alberdirekin; Gorka Iriarte Jon Alberdirekin aritzen da gazteetan, eta Etxanizek eta haren bikote Dani Murgiondok seniorretan ordezkatzen dute Azpeitia. Dena den, lesioak direla medio, hainbat aldaketa izango dira azpeitiarren artean gaurko partidetan; izan ere, min hartuta daude Egiguren eta Etxaniz, eta kanpoan da Murgiondo. Hala, bikote guztiek jasango dituzte aldaketak: kimuetan, Unai Alberdik eta Gorka Iriartek jokatuko dute; gazteetan, Jon Alberdik eta Mikel Unanuek; eta, seniorretan, Jurgi Larrañagak eta Andoni Aizpuruk.

Hirugarrenaren bila

Azpeitiko pilotariek 2008an jantzi zuten aurrenekoz Euskal Herriko txapela, eta iaz bigarrenez. Aurten, Gipuzkoako Txapelketa irabazita, Euskal Herriko finalera iristeko pauso bat emateko faltan dira. Azpeitiarrek badakite esku-eskura dutela finalerako pasea, eta, haien aburuz, Doneztebe (Nafarroa) izango da beste finalista. Hala dio Etxanizek: “Lehenengo guk sailkatu behar dugu finalerako, eta, sailkatzen bagara, itxura guztien arabera, Doneztebe izango dugu aurkari”. Egigurenek uste du “zaila” izango dela nafarrei irabaztea. “Kluben arteko Berria Txapelketan pilotari horien aurka jokatu genuen finala, eta antzeko taldea aterako dute herriartekoan: kimuen partida gogorra izango da; gazteena, oso zaila, eta seniorrena ere, zaila. Hala eta guztiz, saiatuko gara irabazten”.

Badira desberdintasunak herrialdekako herriarteko txapelketen artean. Gipuzkoan, adibidez, herri baten izenean jokatzeko, herri horretan erroldatuta egon behar du pilotariak; Nafarroan, aldiz, ez. Hori “desabantaila” moduan ikusten dute azpeitiarrek. “Orain, uste dut aldaketak egin dituztela legedian, eta, erroldatuta zauden herriak taldea ateratzen badu, han jokatu behar du pilotariak. Normala ere bada, herri txikiak dira-eta asko. Doneztebeko taldean, esaterako, kimuetako atzelaria soilik da herrikoa”, azaldu du Etxanizek.

Zaleen beroa, “eskertzekoa”

Azpeitiko Frontoi Txikia leporaino bete izan da Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetan etxean jokatutako partidetan. Etxanizek dio “eskertzekoa” dela zaleen berotasuna: “Partidetan asko laguntzen dute. Aurreko astean Zigoititik etorritako jarraitzaileak txundituta gelditu ziren frontoian zegoen zale pilarekin. Sanferminak ziren, eta gazte ugari joan zen Lesakara eta Iruñera, baina, hala ere, bete egin zen frontoia. Horrela jokatzea ikaragarria zela esan ziguten. Ez dugu kexatzerik”.

Iriarteren aburuz, “herriartekoan eta, Azpeitiaren izenean jokatzean, jendeak bere egiten du pilotarien taldea. Herriarteko Txapelketa bere sentitzen du jendeak, eta hori ederra da”. Ildo beretik hitz egin du Iriartek: “Edozein txapelketatako partidetan ez da hainbeste jende izaten. Aldiz, Azpeitiaren izenean jokatzean, bete egiten da Frontoi Txikia”.

Hiru pilotariak gustura dira zaleekin, eta harrokeriarik gabe baina harrotasunez diote Azpeitian “indar handia” duela pilotak. “Gipuzkoako Herriarteko finalean, 1.400 lagun izan ziren Atano III.a pilotalekuan, eta horietako asko azpeitiarrak ziren. Azken urteetako jende gehiena izan zen, eta giro ezin hobea. Etxean jokatu ditugun partida guztietan goraino bete da Frontoi Txikia. Eskertu egiten da hori; izan ere, gustura jokatzen dugu jendearen aurrean eta haien babesarekin”.

Badute segida

Ilunpe Azpeitiko pilota elkartea “osasuntsu” dago, eta gustura dira elkarteko kideak. 70 haur eta gaztetxo inguru aritzen dira gaur egun herriko pilota eskolan, eta Etxanizek dio horietako asko “ondo moldatzen” direla. Horregatik, uste dute herriarteko txapelketetan-eta “aurrera egiteko aukera” izango dutela etorkizunean, “zorte pixka batekin”. Egigurenek azaldu duenez, “jarraipena badago”, eta “datozen urteetan ere talde polita” atera ahalko dute Herriarteko Txapelketan. Iriartek dioenez, beraiek gaztetxo zirenean baino gaztetxo gehiago dabil orain pilotan, eta horrek poza ematen dio.

Pilotariek diote oso giro ona dutela beren artean. Eta, Iriartek dioenez, oso garrantzitsua da elkarrekin ondo konpontzea, taldea sendo egon dadin. Hala eta guztiz, jakitun daude pilota munduan aurrera egitea “oso zaila” dela. Hala dio Etxanizek: “Herriartekoaz gain, gehienbat torneo pribatuak egiten dira, eta zaila da aurrera egitea. Hastea da errazena, baina gero jarraipena ematea zaila. Horrela dago pilota mundua. Bakarkako kirola da, eta kirol gogorra”.

“Gozatzeko beharrezkoa da elkar ondo hartuta joatea” »

Jon Miranda
Tandema hartuta, Euskal Herriko txoko asko ezagutu dituzte Martin Leundak (Hernialde, 1955) eta Izaskun Lizeagak (Tolosa, 1956). Hernialden duten etxea ere toki paregabean dago kokatuta; hori bai, maldan gora. Aldapa horietan zaildu dira bi…

“Barrura begirako bidaia baten modukoa da apnea” »

Eider Goenaga Lizaso
Ur azpian, arnasa egiten lagunduko dizun inolako tresnarik gabe, ahal bezain beste eustea. Geldirik edo mugitzen; ur azaleran igerian edo itsasoan ahal bezainbeste jaitsiz; hegalekin edo hegalik gabe; igerilekuan edo itsasoan… Ha…

Kirola, emakumeen azaletik »

Julene Frantzesena
Gizartean gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak “geroz eta txikiagoak” badira ere, kirolean “oso handiak” dira oraindik. Hala dio Mariate Bizkarra EHUko irakasleak (Gasteiz, 1964): “Prentsan gutxiago agertzen dira emakumeak, …