Neskak eta mutilak, kirolean bat »

Gabonetako oporraldia bukatu eta eskolara bueltan, 8 urtetik gorako ikasle askok eskola kiroleko sasoi berria hasiko dute. 2012-2013ko ikasturtean 125.000 ikasletik gora aritu ziren Gipuzkoan, hainbat kiroletan. Taldeka jokatzen direnetan, gehien-gehi…

‘Solteroak’ edo ezkongabeak »

Filosofoak ez direla ezkontzen esan ohi diet ilobei harremanen bat zapuztu zaiola-eta norbait kezkatuta ikusten dudanean edo familiako bazkaloste luzeetan neu ere, eskuan kopa erdi bat dudala, filosofatzen hasten naizenean. Nietzchek izua ziola ezkont…

“Irakurlea poema batekin edo besterekin identifikatuko da” »

Gorka Etxeberria Casqueiro (Pasaia, 1985). Bat baino gehiago harrituko da haren jaioterria ikusita, Errenterian ongi errotuta baitago, eta hainbat jardueratan ibili da han-hemen, ipurtarina izaki. Orain, 60 ordu zoologikoan liburua kaleratu berri du, berak ekoitzita.

Aspalditik al zenuen proiektu hau buruan?

Liburu hau aspaldiko proiektua da, eta duela dezente idatzi nuen. Tiraderan gordea neukan, eta ez nuen ikusten zein zen argitaratzeko modua. Liburua bera ere nahiko berezia da, idatzi dudana idatzi dudalako.

Liburua zeuk ekoitzia da. Nola hartu zenuen bide hori?

Parranda batetik bueltan, pentsatu nuen babesleak bila nitzakeela. Liburuaren atzealdean daude babestu nautenak. Auzoko festen egitarauetan eta abarretan agertzen diren bezala daude babesle horien izenak. Hurrengo goizean esnatu, eta uste baino babesle gehiago lortu nituen. Errazagoa izan da liburua argitaratzea babes ekonomiko horri esker.

Laguntza ekonomikoaz gain, badituzu idatzizko beste hainbat.

Liburua eginda eduki eta babesleak lotuta, Fredi Paia lagunari eskatu nion hitzaurrea egiteko. Horrez gain, idatzizko kolaborazio batzuk egiteko asmoa nuen. Horrela, nire poemetan agertzen diren hitzak hartu, eta, testuingurutik atera ondoren, horri buruzko testu bana idatzi dute hainbat lagunek. Asteburua, desfasea, laguntasuna, futbola, konpromisoa… Eñaut Gantxegi aktoreak, Mikel Astarloza txirrindulariak eta beste hainbatek idatzi dute.

Poemak dira liburuaren oinarria, baina eleberria da, ezta?

Hala da. Nahiko berezia da, ostiral arratsaldeko zazpietan hasten delako eta astelehen goizeko zazpietan bukatzen delako. Denbora tarte horrek ematen dio izenburua liburuari. Lehenengo olerkia lanetik ateratzeko momentua da, eta azkenekoa, lantokira iristen denekoa.

Zein da liburuaren mezu nagusia?

Lantokia eguneroko kartzela balitz bezala irudikatzen dut. Gero eta gazte gehiagok, nire ustez, asteburua ihesbide gisa ikusten dute, eta desfasean pentsatzen dute. Kritika pixka bat badago, baita neure buruari ere. Gazte zein ez gazte guztiak, irakurlea, poemaren batekin edo besterekin identifikatuta sentituko direla uste dut. Ez dut esaten mundu guztiak hori guztia egiten duenik, ezta hurrik ere, baina badaude kartelak jartzera joaten direnak, edo komunera marra bat sartzera joaten direnak, edo futbolera joaten direnak, edo putetxera trago bat hartzera joaten direnak, besteak beste. Maila handiagoan edo txikiagoan, irakurle bakoitzak zerbaitekin identifikatuko du bere burua.

Badu, beraz, segida bat.

Bai, gutxi gorabehera. Ideia batzuk nituen nola hasi eta nola bukatuko nuen. Banituen gai batzuk nahitaez sartzekoak. Adibidez, arratsaldeko zortzietako kartelada, eta horrela, bide batez, presoen gaia ukitzen nuen. Banekien, era berean, pertsonaia gauean marra bat sartzera joango zela… Kontaketa jarraitua izan da, bai.

Dena batera idatzi al duzu? Ez dago poema askerik, orduan?

Bai, dena batera egin dut. Lehen esan dudan bezala, gordea eduki dut denbora luzez. Argi neukan argitaratu nahi nuela. Izan ere, 2008an Espainiako Poliziak atxilotu ninduen, eta nire ordenagailua eraman zuten. Ez zidaten bueltatu, eta 23 urte arteko poema guztiei agur esan behar izan nien. Ezer ere egin ez banu bezala geratu nintzen. Atxilotu baino lehen, gauza batzuk idatzita neuzkan, eta pentsatu nuen ezin zela argitaratu gabe geratu, eta ideiari gogor heldu nion.

Idazleren batean edo libururen batean inspiratu al zara hau egiteko?

Ez; egia esan, ez. Nire harrikadak eta ideiak izan dira denak; barruan nuena atera nahi nuen, eta paperera eraman.

Bertso mundua eta poesia uztartu dituzu ia haur zinenetik…

Bai, Errenteriako Xenpelar Bertso Eskolan izena eman nuen hamar urte nituela. Urte asko egon naiz bertan, eta gaur egun utzita dudan arren, oraindik ere elkartzen naiz bertso eskolakoekin, gure artean bertsoak kantatzeko. Poesia lantzen ere oso gazte hasi nintzen; 15 edo 16 urte nituela eman nuen nire poemekin lehenengo errezitaldia. Ordutik Letren kilimak ikuskizunaren emanaldi dezente eskaini ditut lagun batzuekin. Hortik Kilimamuak liburua sortu zen, eta hori egiten ere parte hartu nuen.

Zein desberdintasun ikusten dituzu bi diziplinen artean? Zerk ematen dizu batek eta besteak?

Poesiak askatasun handiagoa ematen dit idazteko orduan; ez du nahi eta nahi ez errimatu behar. Bertsolaritzan, berriz, errimen menpe zaude, eta ezin da nahi duzun guztia adierazi. Asko pentsatu behar duzu nola esan eta nola moldatu.

Zaila izan al da ekoizpen propioa aurrera eramatea?

Alde horretatik, bide errazena hartu dut. Alegia, lagun eta ezagunengana jo dut, euren lantokietara: denda, taberna eta jatetxeetara. Kolaborazioak ere nahiko erraz lortu ditut. Hala ere, euren menpe egon naiz, eta horrek, argitaratze data atzeratzen du. Adibidez, Jon Maiak egin behar zidan hitzaurrea. Donostia 2016an dabil, Albaola elkartean, bertso saioetan… Azkenean, deitu nion, eta, prestasuna eskertu ondoren, lasai ibiltzeko esan, eta marroia kendu nion. Fredi Paiari eskatu nion egiteko orduan, eta baiezkoa eman zidan hark ere. Pixka bat atzeratu da kolaborazioengatik, baina normala da. Gainera, musu-truk eskatu badiet…

Pentsatu al duzu noizbait liburu bat argitaratuko zenuela?

Egia esan, bai. Idazten hasi nintzenetik, beti izan dut har hori. Nire poemak idazten nituen, eta esaten nuen: “Zergatik ez ditut noizbait argitaratuko?”. Orain arte ez dut argitaletxe batekin kaleratzeko aukerarik izan; beraz, neure kabuz egiten saiatu naiz.

Gaixotasun arraroak dituztenak laguntzeko aukera ere badago liburua erosita, ezta?

Bai. Gaixotasun arraroak dituzten haurren aldeko Gure Nahia Gipuzkoako elkarteari euro bateko diru laguntza emango diot saltzen dudan ale bakoitzeko. Laguntza txiki bat emateko aukera ona dela uste dut. Liburuen salmentaren ekarpenaz gain, elkartearen kontu korrontearen zenbakia ere aipatu dut liburuan.

Non eskura daiteke liburua?

Hainbat tabernarirekin hitz egiten ari naiz, eta Errenteriako Lezea zentroan salgai dago dagoeneko. Horrez gain, Elkar Banaketarekin hitz egin dut, eta Durangoko Azokan haien erakusmahaian eskuratu ahal izango da. Euskal Herrian Elkar dendetan ere salduko da.

Aniztasun funtzionalari ateak zabalik »

Aniztasun funtzionala duten pertsonak kirolera hurbildu eta haiengan jarduera fisikoa, aisia eta osasuna sustatzea da Mindara elkartearen helburua. Errenteriako Morrongilleta kalean du egoitza, eta Gipuzkoa mailan eragiteko asmoa du; hilaren 5ean aur…

FUTBOLARIEK HARTU DUTE GIPUZKOA »

Astelehenetik martxan da Donosti Cup futbol txapelketa. Gipuzkoako hainbat herrik mundu osoko jokalari gazteak hartu dituzte aste honetan; bihar amaituko da lehia. 416 talde ari dira jokatzen, eta horien artean gero eta gehiago dira emakumeenak: iaz 78 izan ziren, eta aurten, ehundik gora. Txapelketarekin bat egin duten herriak ere gehiago dira; 22 egoitza ditu aurten —Pasaia, Irun eta Zestoa batu dira—. Guztira, mila partidatik gora izango dira aste osoan.

“Flandrian futbolarien gisan onartzen dituzte dantzariak” »

Euskal dantzetan hasi bazen ere, dantza klasiko eta garaikidean murgilduta dabil Ion Agirretxe (Donostia, 1988) Flandriako Royal Balletean. Dantzari agertu berriaren saria eman dio Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak.Dantzari agertu berriaren sa…

“Erretiratu aurreko urteetan futbolak asko eman dit niri” »

Denboraldi honetan entrenatzeko talderik gabe zegoen Jose Luis Ribera (Azkoitia, 1965). Gutxien espero zuenean iritsi zaio lana, ordea, eta presaka joan da Azkoititik Vila-real aldera (Herrialde Katalanak). Vila-real taldea kinka larrian dabil Espainiako futbol ligako Lehen Mailan, eta hango entrenatzailea bidali, eta beste bat hartu du klubak: Migel Angel Lotina. Eta hark berarekin eraman du bigarren entrenatzaile gisara Ribera. Ondo ezagutzen dute elkar bi entrenatzaileek, urte askoan batera lan egindakoak direlako: “Bera gustura ibili da nirekin lanean, eta ez du zalantzarik izan Vila-realetik deitu diotenean”.

Futbol jokalari profesionala izana da Ribera, baina entrenatzaile gisara ere ez zaio eskarmenturik falta. Erronka berri baten aurrean dago orain, ordea. Izan ere, denboraldia azken txanpan sartuta dagoenean egokitu zaio hutsetik lanari ekitea: “Oso desberdina da denboraldi hasieran hastea ala orain; partida gutxi gelditzen dira, eta presa gehiago, ordu gehiago sartu beharra eskatzen du, denbora gutxian denok elkar ezagutzeko. Dena zailagoa bihurtzen da”. Kontuak kontu, horretan dabil buru-belarri duela hiru astetik.

Ribera hondartzako futbolaren bitartez gerturatu zen kirol horretara gaztetxotan; “Garai hartan nire adineko beste asko bezala”. 15 urterekin Azkoitiko Anaitasuna futbol taldean hasi zen, eta, urtebete geroago, Realera egin zuen salto. Bi urte jubeniletan aritu, eta beste bi Realaren bigarren taldean egin zituen, Sansen. Gero, taldez talde ibiltzea tokatu zitzaion, Realak ez ziolako fitxa berritu. 20 urte zituen, eta hasierako poza pena bihurtu zen: “Realera iristea oso pozgarria izan zen, eta alde egitean tristura pixka bat sentitu nuen. Ni 1981ean sartu nintzen, Reala ligako txapeldun izan zen urteetan. Lehenengo taldera igotzea zaila zen orduan; jende gutxik lortzen zuen. Talde oso sendoa zeukan, urte asko egin zituzten denboraldi onak eginez, aldaketa askorik ez zuten egin eta guri tokatu zitzaigun garai hartan, 20 urterekin, kanpoan gelditzea”.

Handik Eibarrera, gero Sestaora, Burgosera, Deportivora eta Rayo Vallecanora, talderik talde bueltaka ibili zen botak astinduz. Hirugarren Mailan, Bigarrenean, Bigarren B Mailan nahiz Lehenengoan, kategoria guztiak pasatu zituen hainbat urtez. Eta zortea izan zuen lagun beti: “Talde bakoitzean ibili izan naizen urteetan taldea ondo egotea tokatu zait, eta zorte ona izan da hori; taldekoekin ere beti harreman oso ona izan dut, eta alde horretatik futbolarekin oso gustura bukatu nuen”.

Deportivon urterik onenetan

Partidarik gogokoenaz hitz egitean, une gozoenetakoak pasatu dituen taldearekin jokatutakoaz gogoratzen da: Deportivorekin Valentziaren aurka jokatutako Errege Kopako finalaz, hain zuzen. “Partida hura aipatuko nuke, alde batetik Deporren lehenengo titulu ofiziala izan zelako eta Depor ordura arte talde txikia zelako. Baina, hori baino gehiago, partidaren berezitasunagatik dut gogoan, garaipena lortu genuen moduagatik beragatik”. Partida Real Madrilen futbol zelaian jokatu zuten; Santiago Bernabeun. Partida amaitzeko ordu laurden baino falta ez zela, partida bertan behera uztea erabaki zuen epaileak. Txingor zaparrada handi bat izan zen erruduna. Markagailuan bana zeuden Valentzia eta Deportivo. “Partida hura larunbat batean tokatu zela uste dut, eta hurrengo asteartean jokatu behar izan genuen falta zen ordu laurdena. Oso estresagarria izan zen”. Futbolariak Madrilen gelditu ziren partida hura prestatzen; bi taldeetako zaleak, berriz, joan-etorrian ibili ziren Valentziara eta Galiziara. “Partida hasi, eta betiko duda izaten da: ordu laurdena bakarrik izanik, golaren bila joan ala ez joan?”. Zortea izan zuten. Deportivok gola sartu zuen, eta hala irabazi zuen Errege Kopa eta lehenengo titulu ofiziala. 1995. urtea zen.

Ribera atzelaria da, eta postu horretan jokatu zuen Lehen Mailan ere. Gol gutxi sartu zituen, baina horietako bat bere bihotzeko taldeari egin zion: Realari. Anoetara jokatzera etortzen zenean sentimenduak nahasi egiten zirela dio, eta gola sartu zuenean ere halaxe gertatu zitzaiola: “Alde batetik, urduritasun pixka bat nuen Donostian nengoelako; etxekoak, lagunak, denak hor zeuden zelaian, eta partidaren aurretik eta ondoren haiekin egongo nintzen. Bestetik, bertakoa izanda erakutsi egin nahi izaten da norberaren onena, ondo jokatu nahi izaten da eta presio hori sartzen diozu zeure buruari”. Gola sartuta “poza” sentitu zuen partida bere taldeak irabaztea nahi zuelako: “Baina behin partida hura amaituta, Realak gainerako guztiak irabaztea nahi izaten nuen”.

Talde maiteenak Anaitasuna eta Reala ditu. Anaitasunaren kasuan, “herriko taldea delako eta orain semeak ere hantxe jokatzen duelako, gazteen mailan”. Reala, berriz, “gipuzkoarra naizelako, Realean jokatu izan dudalako eta urte askoan Realean ibili naizelako entrenatzaile ere. Hori odolean doa”. Horietaz gain, Deportivo ere oso gogoko du; “urte gehien han pasatu dudalako eta momentu oso onak igaro ditudalako eta lagun asko ditudalako”. Riberak jokalari nahiz entrenatzaile moduan ezagutu dituen talde guztiak aipatu ditu: “Guztientzat egiten da tokitxo bat bihotzean, nik behintzat hala daukat”. 32 urterekin eta belauneko lesio baten ondorioz hartu behar izan zuen erretiroa, baina oroitzapen onak gelditu zaizkio: “Erretiratu aurreko urteetan futbolak asko eman dit niri”. A Coruñan (Galizia) peña propioa ere badu: “Deporreko zale batzuek sortu zuten. Mugimendu askoko taldea da, eta elkarren berri izaten dugu. Askotan gonbidatzen naute ekimenetan parte hartzera. Distantziagatik gutxitan joaten naiz, baina harremanetan jarraitzen dugu”.

Semeak bere bidea jarraitzea nahiko lukeen galdetuta, oso argi mintzatu da: “Nire seme-alabek futbola den bezala har dezatela nahi dut: joko bat bezala, lagunartean egoteko modu bat. Lagunarterako taldeko edozein kirol da ona neska-mutilentzat. Garrantzitsuena ikasketak dira, eta besteak ondo pasatzeko modua izan behar du”. Gurasoentzako hausnarketa gaia ere atera du elkarrizketara: “Guraso askok uste dute beraien seme-alabek futbolean jokatzen dutelako profesionalak izango direla, eta askotan perspektiba pixka bat galdu egiten dutela iruditzen zait. Eta ez da ona; ez haurrarentzat, ezta haurren kirol munduan sortzen duen giroarentzat ere”.