Euskarazko obren transmisioa »

Maite Alustiza

Lau asterako egitaraua martxan dute Azpeitian. Asteartean hasi ziren Euskal Antzerki Topaketak, eta hilaren bukaerara arte askotariko antzezlanak eskainiko dituzte. Ezberdinak guztiak, baina oinarri berarekin: euskara. 34. aldi honetan aipamen berezia egingo diete aurten hil diren herriko bi aktoreri: Kontxu Odriozolari eta Iñaki Bergara Pio-ri. Azaroaren 26an egingo diete omenaldia, eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi duenez, modu horretan haien lana aitortu nahi dute, euren “arima” erakutsi, “etorkizunean harrobia eta transmisioa egon dadin”.

Lehen aldiz Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarik gabe egiten ari dira Azpeitiko topaketak; erabaki hori salatu du udalak, eta guztia bere gain geratu den arren, alkateak ziurtatu du topaketak egiten jarraituko dutela. Saio guztietarako sarrerak Soreasu antzokian eros daitezke, antzezlana hasi baino ordubete lehenago. Helduen sarrerak bost euro balio du; 14 urtez azpikoenak, berriz, hiru. Ikusle guztientzako saioez gain, eskola eta ikastetxeetako haurrei zuzendutako antzezlanak ere antolatu dituzte egunotarako.

Astebeteko proposamenak dira honako hauek:

‘FRANCOREN BILOBARI
GUTUNA’
Gaur, 21:30ean, Soreasu antzokian

“Iraun beharraren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa” dakarte Artedramak, Le Petit Theatre de Pain taldeak eta Dejabu Panpin Laborategiak. Ospitale batean kokatzen da obra, eta han egingo dute bat, besteak beste, Migel eta Kristina medikuek, leuzemia duen Iñaki haurrak eta 36ko gerrako biktima izan den Joxanek. Ximun Fuchsek zuzendu du lana, Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzi dute, eta aktore lanetan ariko dira Ander Lipus, Patri Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko Redondo, Pako Revueltas eta Erika Olaizola.

‘KOADERNOA ZURI’
Bihar, 21:30ean, Soreasu antzokian

Urteetan ikusi gabeko bi ahizpen istorioa aurkeztuko du Hika Teatroak. Begoñak eta Arratek ustekabean egingo dute topo, jaiotetxean. Ama hil berria zaie, eta aurrez aurre elkartzeak elkarri kontuak eskatzeko balioko die. Ezer gutxi daki, ordea, batak besteaz, nahiko lan izan baitute norbere bizitza eraikitzen. Arrate Itziar Ituño aktorea da; Begoña, berriz, Miren Gojenola. Arantxa Iturbek eta Agurtzane Intxaurragak zuzendu dute lana.

ANTZERKI ESKOLEN EGUNA
Igandean, egunean zehar

Obrak ez ezik, bestelako ekintzak ere badira topaketetan. 10:30ean, Plaza Nagusian, antzerki ikerkuntza tailerrak egingo dituzte, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak antolatuta eta Kabia Taldearen eskutik. Ondoren, ogitartekoak egongo dira Sanagustin kulturgunean.

17:00etan, beste antzezlan bat Soreasu antzokian: Gu ez gaude bakarrik. Bost urtetik gorako haurrentzako eta helduentzako antzezlana da Borobil Teatroak dakarrena. Mundua koloretsua da, animaliaz beteta dago eta natura ederra du. Gizakia, ordea, tximiniak eraikitzen hasiko da, dirua lortzeko. Dirua lortu nahi horretan, baina, mundua kolorerik gabe utziko du. Anartz Zuazuaren gidaritzapean, honako aktoreak ariko dira oholtzan: Asier Sota, Julen Vega, Imanol Espinazo eta Hannah Berry.

‘SAREAN KATEATUAK’
Azaroaren 10ean, 21:00etan, udaletxeko ganbaran

Hiru emakumek terapia egingo dute ikusleekin. Nomofobikak taldeak umorez aurkeztuko ditu ofizio ezberdinak dituzten lagunen bizipenak, batzuetan esketx moduan eta bakarrizketa bezala besteetan. Nomofobia dute: sakelakoarenganako menpekotasuna. Ohartarazi dutenez, eritasuna diagnostikatu daiteke, baina kaltetuak ez dira gaitzaren garrantziaz ohartzen. Olatz Beobidek, Belen Cruzek eta Amaia Lizarraldek antzezten dute obra. Aurten Donostiako poltsiko antzerki sorkuntzako lehen saria jaso du lanak.

‘MAMI LEBRUN’
Azaroaren 11n, 21:30ean, Soreasu antzokian

Kontxa amona hil berri zaie Egoitzi eta Mireni. Haren omenaldia prestatzen ari direla, amonaren egunerokoa topatuko dute etxeko ganbaran. Aurkikuntza horren bueltan, ordura arte jakin gabeko sekretuak agertuko dira Egoitzen eta Mirenen artean. Getari Etxegaraik zuzendu du Xake Produkzioak konpainiaren obra, eta aktore nagusi lanetan ariko dira Ane Pikaza, Kepa Errasti eta Ainara Ortega.

Ekaingo koba, guztientzat ikusgai »

Aitziber Arzallus

Ekaingo koba guztientzat ikusgai da, teknologia berriei esker. Madpixelek, artelanen digitalizazioan munduko lehen enpresak, kobazuloaren barrualdea digitalizatu du, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Horrela, aurrerantzean, edonork edonondik ikusi ahal izango du paleolitiko garaian haitzetan eginiko obrarik garrantzitsuenetakoa. Obra hori gizateriaren ondare da 2008tik, Unescok hala izendatu zuelako.

Ekaingo haitzuloa 1969ko ekainaren 8an aurkitu zuten Azpeitiko Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek. Aurkikuntzak biziki harritu zituen orduko espeleologoak, barnealdean gordetzen zuen altxorragatik: duela 10.000 eta 14.500 urte artean egindako margoak, besteak beste. Guztira, 70 animalia irudi daude: 64 margotuak eta sei grabatuak. Zaldia da gehien ageri den irudia. Kontserbazio arrazoiak tarteko direla, baina, Deba eta Zestoa arteko kobazuloa jendearentzat itxita dago 1969tik. Hango altxorraren berri izan nahi zuenak Ekainberri bisita zezakeen orain arte, benetako haitzuloaren erreplika. Margo originalak bertatik bertara ikusteko aukerarik, ordea, ez zegoen. Madpixelek eta Jaurlaritzak garatu duten proiektuari esker, benetako margolanak bertsio digitalean ikusteko aukera izango du jendeak, etxetik mugitu ere egin gabe.

Haitzuloko panel nagusiak, Zaldiei eta Artzei deiturikoak, bereizmen super altuan digitalizatu dituzte, hartze infragorri eta guzti, irudiak, siluetak eta haiek egiteko erabilitako teknika argitasun handiagoz ikusteko helburuarekin. Kobazuloko areto garrantzitsuenei dagokienez, berriz, 360 graduko panoramika interaktiboak ere sortu dituzte.

Lan hori guztia egoki garatu ahal izateko, Madpixelek moldatu egin behar izan du bere Art Gigapixel teknologia, koba baten barruan irudiak hartzeak eskatzen dituen behar eta baldintzetara. Esate baterako, argi hotzak erabili behar izan ditu, irudiak hartzerakoan obra originalari ahalik eta kalterik txikiena eragiteko; bateria eramangarriak erabili behar izan ditu, espazio txikietan eta sarbide zailekoetan errazago mugitu ahal izateko; egokitutako tripodeak…

Second Canvas plataforman

Ekaingo haitzuloa digitalizatzeko proiektua Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zentroak bultzatu du, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko taldearen laguntzarekin. Azken hori arduratu da digitalizatutako edukiak definitzeaz. Erabilitako teknologia, Art Gigapixel, hain zuzen, Madpixel enpresak jarri du. Gigapixel eta super HD formatuei esker, giza begiak ikusi ezin dituen pintzelkada eta xehetasunak azaleratzeko gai den zoom bat erabili dute. Aurrez, artearen esparruan entzute handia duten beste hainbat erakundek teknologia bera erabili dute beste hainbat proiektu garatzeko, hala nola Madrilgo Prado Museoak, Banco Santander Fundazioak eta Telefonica Fundazioak.

Ekaingo koban egin duten lan hori guztia publiko zabalaren esku jartzeko, doako aplikazio bat sortu dute, eta Second Canvas plataforman eskura daiteke , smart-phone eta tabletetarako bertsioetan (iOS eta Android). Gigapixel irudiak ikusteko web bertsio bat ere sortu dute: www.euskadi. eus/eusko-jaurlaritza/ekain/. Plataformak beren edukiak bereizmen altuan eta oso modu errazean argitaratzea ahalbidetzen die museoei eta arte galeriei.

“Ekaingo koba teknologia bidez digitalizatu izanak haitzuloaren barrualdean dagoen altxorra modu erraz batean ezagutarazteko aukera ematen du”, Koldo Garcia Madpixelen sortzaileetako baten hitzetan. Gizateriaren ondarea izaki, mundu guztiaren eskura egon beharreko edukiak direla iritzi dio. “Eta kontserbazio arrazoiengatik ezinezko zena teknologiak ahalbidetu egin du”. Hala, edonork edonondik Ekaingo obra ezagutzeko aukera izango du aurrerantzean, duen balioa emango zaiola uste du, eta, aldi berean, jendea Ekainberrira erakarriko duela.

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak ere proiektuaren garrantzia azpimarratu du. “Aplikazioaren helburua da mundu guztiko jendearen eskura jartzea haitzetako artearen ondarearen esparruan Euskal Herriak duen harribitxietako bat. Aplikazio honek Ekaingo margolanak hobeto ezagutaraztea ahalbidetzen du, ez bakarrik euskal gizarteari, baizik eta paleolitiko garaiko artean interesa duen edonori. Horregatik dago aplikazioa lau hizkuntzatan, eta horregatik eskaintzen dugu entzuterik handiena duten eta gehien zabalduta dauden plataforma digitaletan. Euskal Herriko kobazuloetako altxor paleolitikoa hedatzeko lehen urratsa da hau”.

[Museora] Mirandaolako Parkea. Burdinak batzen ditu »

Eider Goenaga Lizaso

Legazpi. Burdin Harana. Bederatzi museok lurralde museo bakarra osatzen dute. Guztiak daude burdinaren jarduerari lotuta. Eta horien guztien bihotza: Mirandaolako Parkean dagoen 500 urteko burdinola. Martxoan hasi eta urria amaitu arte, igandero jartzen dute martxan burdinola, bisitariek bertatik bertara ikus dezaten nola lantzen zen burdina garai batean. Hurrengo astetik aurrera, azaroan 12an hasita, burdinolan gora eta behera dabilen Burdintxo olagizon txikiari beste pertsonaia batek hartuko dio txanda: Olentzero ikazkinak.

Lau minututan erne zen familia musikala »

Maite Alustiza

Musika “dena” da Leire Zabalzarentzat. Asteko hiru egunetan kirol denda batean egiten du lan, eta beste bitan Nafarroako Down Sindromearen Elkartera joaten da, Iruñean, Itaca proiektuan parte hartzera. Eguneroko martxa horretan, ordea, astearte arratsaldeak bereziak dira: entsegua izaten du Motxila 21 taldearekin. Tinbala jotzen du Zabalzak; 26 urte ditu, eta 12 urterekin hasi zen musika tresna hori ikasten. Abestu ere egiten du. Downen sindromea duten 23-40 urte arteko hamabi neska-mutilek eta bederatzi boluntariok osatzen dute Motxila 21. “Familia bat bezala gara”.

Itzaltzear da argi gorria »

Asier Perez-Karkamo

Duela urte batzuk bazen Hondarribiko Psilocybe Musika Elkartean beiragile bat, Psilocybeneako lokaletan jartzeko argi gorridun lanpara polit batzuk sortu zituena. Fluoreszenteak ere baziren han, baina OTC taldeko hiru kideek nahiago zituzten besteak, gorriak, entseatzen gozoago egoteko: ‘Kendu fluoreszente hori, eta jarri luz de putas‘, esan zuen behin musikarietako batek, eta barre egin zuten beste biek. Hirukoteko bik talde berria sortu zutenean, eta lehen kontzertuko kartelerako izen bat eskatu zietenean, esaldi hura etorri zitzaien burura: “Ba, jarri Luz de Putas, eta aurrerago aldatuko dugu”, gogoratu du Mikel Tife abeslariak.

[Museora] Sagardoetxea. Sagardoak badu bere etxea »

Eider Goenaga Lizaso

Hogei sagardotegi baino gehiago daude Astigarragan. Non toki hobea sagardoari etxe bat egiteko? Sagardun Partzuergoak —Astigarragako Udalak, herriko zazpi kultur taldek eta sagardogileek 2003an sortua— ireki zuen museoa, 2006an, eta haren helburua, Leire Alkorta (Lasarte, 1982) museoko komunikazio arduradunak azaldu duenez, sagardotegietara joaten den jendeari “sagardoaren, sagardotegien eta txotx errituaren atzean dagoen guztia azaltzea da, eta sagardoaren sustapen soziokultural eta turistikoa egitea”.

“Antzinatik, gizakiak miresmenez begiratu ditu mineralak” »

Asier Zaldua

Francisco Javier Aguado (Urretxu, 1954) aita zenaren eskutik zaletu zen mineralen eta fosilen mundura. Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia Astearen sorrera eta Urrelur museoaren irekiera bultzatu zituen. Asteartean, Mineralen erabilerak eta sinesmenak hitzaldia emango du, 19:00etan, herriko kultur etxean.

Sortu bezala, desagertu »

Rebeka Calvo

Kasino elkarteak duela zazpi urte erabaki zuen garai bateko Aste Mikologikoa berreskuratzea, eta ordutik ez du huts egin. Urriro mikologia herritarrengana gerturatzeko ekitaldiak antolatu ditu. Urtez urte ekitaldi berriren bat erantsi diote egitarauari, eta, aurtengoan, gazteekin du zerikusia; izan ere, Mikologika gaztetu beharraz ohartuta, horiei begira Txanpi On Fest egingo dute. Garai honetan loratzen diren txanpiñoiei ongietorria egiteko festa izatea da asmoa, eta gaur bertan izango da, Berdura plazan, 18:30etik aurrera.

Mikologika antolatzen hasi zirenean sartu zen Juan Urretabizkaia Kasino elkartean. Mikologiari eskainitako festa antolatzen ibili da urte hauetan, eta aurten bereziki Txanpi On Fest prestatzeko lanetan ibili da buru-belarri. Ekitaldiaren helburua gazteak erakartzea dela esan du. “Nik neuk lekuz kanpo ikusten nuen neure burua. Ikusten nuen Mikologikak ez zuela ezer eskaintzen gure adinekoentzat. Txuletaren Festan gazteentzako Zizka-Mizka Koxka gunea jarri zen, Bixigu Azokan Zizka-Mizka Boga… eta, horien harira, guk ere gure festan gazteak parte egingo zituen zerbait egin nahi genuen”.

Pentsatu, eta egin. Buruari eragin eta gero, Europako hainbat hiriburutan egiten diren moduko ekitaldiren bat egitea erabaki zuten. “Ohiko festa bat izan beharrean, barra bat jarri eta pintxo batzuk eskainiz, esaterako, beste zerbait eskainiko duen gunea izatea nahi dugu. Erabaki ausartagoa da, lan handia eskatzen du… Sortuko dugun espaziora joaten denak beste leku batean dagoela sentitzea nahi dugu. Horretarako, Pop Up espazio bat planteatu dugu; hau da, aldaeraz eta izatez aldatzen den espazio bat sortuko dugu; ekintza zehatz baterako aldatzen den espazioa da, eta epe muga bat dauka”.

Berdura plazan kokatuko dute espazio berri hori, Alde Zaharraren bihotzean, Kale Nagusiaren ondoan. Hain zuzen, duela urte batzuk “gaztetu” den kalea da, eta, orain, Artekale izenez ere ezagutzen dute herritarrek. “Kale Nagusiak duen indarrarengatik aukeratu dugu Berdura plaza; gunea Alde Zaharrean nahi genuen, argi eta garbi. Kale Nagusia, Artekalea, gaztetu den kale bat da, eta, guk ere Mikologika gaztetu nahi dugunez, plaza egokia dela ikusi dugu. Lotura ona dauka, eta justu Berdura plazak Kale Nagusira ematen du. Sortuko dugun gunea plaza bat, elkargune bat izatea nahi dugu, eta, bide batez, Artekaleari ez duen plaza eskainiko diogu. Guneak, gainera, artearekin izango du zerikusia, urbanoarekin, koloreekin…”. Gaur arratsaldean Berdura plazara joaten direnek, hortaz, espazio desberdin batekin egingo dute topo: “Plaza koloretsu bat aurkituko dute, eta gure nahia espazioa jendeak betetzea da; gazteek emango diote nortasuna plazari”.

Giro “informal eta gaztea” osatuko dute, beraz, Alde Zaharraren erdi-erdian, eta gazteek espazioari ematen dioten nortasuna ikusteko badago ere, lagungarriak izango dituzte. Hiru food truck egongo dira —janari zein edaria kalean saltzen dituzten furgonetak—. Batean, Astoria 7ko bi koktelgile egongo dira; beste batean, zerbeza kuboak salduko dituzte bost euroan, beste hainbat edarirekin batera; eta, azkenik, jatekoa egongo da: krepe gozo eta gaziak egongo dira aukeran. Gaziak shiitake eta txanpiñoiez beteko dituzte.

Musika ere egongo da. Kute DJ tolosarrak lagunduko du txanpiñoiei ongietorria emateko festa girotzen. VII. Mikologika joan den asteartean hasi zen, eta bihar amaituko da. Gaur, Txanpi On Fest ekitaldiaz gain, elkarteen arteko pintxo lehiaketa egingo dute Zerkausian. Bihar, Mikologika Azoka egongo da Trianguloan, eta baita amaierako afaria ere. Mikologika Azokan Tolosaldeko zein Goierriko hainbat jatetxetako sukaldariek parte hartzen dute. Perretxikoekin pintxoak egiten dituzte, eta euro baten truke dasta daitezke. Aurtengo beste berrikuntzetako batek pintxo horiekin du zerikusia: “Pintxoak dastatzeko txartela erosten dutenek bi zati dituela ikusiko dute. Zati batekin pintxoa ordainduko dute, eta bestearekin zozketa batean parte hartuko dute. Datuak jarri, kutxa batean sartu, eta, irabaziz gero, mikologia otar bat eskuratu ahal izango dute”.

Urretabizkaiak, Txanpi On Fest-en antolakuntzan ez ezik, bestelako ekitaldien antolakuntzan ere parte hartu du zazpi urte hauetan, eta txertatutako berrikuntzez ere hitz egin du. “Dena joan da bere garrantzia eta lekua hartzen. Urtero berrikuntzaren bat sartu nahi izan dugu, eta, funtzionatu dutenez, geratu egin dira; hala, geroz eta egitarau osatu eta luzeagoa egin dugu. Udalaren laguntza ere nabarmena izan da. Azokaren maila hartzen ari den festa bat dela ikusi baitu”.

[Museora] Eureka. Zientzia ez dadin mamu beltz bat izan »

Eider Goenaga Lizaso

Eureka!”, oihukatu zuen Isaac Newtonek, sagarra buru gainera erori zitzaionean. Grabitazio Unibertsalaren Legearen aita izan zen Newton, matematikaria, fisikaria, kimikaria, asmatzailea…; fisikaren eta zientziaren munduan, oro har, iraultza ekarri zuena. Baina, askorentzat, mamu beltz bat dira zientziak, eta mamu hori desagerraraztea eta modu ulergarri eta erakargarrian herritarrei zientzia hurbiltzea da Donostiako Eureka museoaren helburua.

Dantzaz gozatzen, taularen alde banatan »

Maialen Igartua
Futbolari batentzat sekulakoa izan daiteke Munduko Txapelketan parte hartzea. Mendian korrika ibiltzen denak Zegama-Aizkorri edo handiagoren bat izango du buruan. Txirrindulariek Frantziako Tourra. Eta… dantza sueltoa egiten dutenek? …