Ia 9.000 gipuzkoar, igandean Behobiatik ateratzeko prest »

“Ez da markak hausteko eguna izango”. Iganderako hego haizea iragarrita dagoela eta, mezu hori helarazi du Fortuna elkarteak, Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileak. Beroari aurre egiteko, hidratatzearen garrantziaz ohartarazi die parte hartzaileei. Aurten ere marka hautsi du izena eman duten korrikalari kopuruak: 33.947 lagun, iaz baino 4.000 gehiago. Horien artean, 8.805 gipuzkoarrak izango dira. Gorantz doa emakumezkoen parte hartzea ere: 1999an 859 emakumek egin zuten korrika, eta iganderako 7.703k eman dute izena. Maila handiko lasterketa izatea espero da, azken hamar urteetako irabazleek parte hartuko baitute proban.

Iaz aldaketa batzuk izan ziren ibilbidean, eta aurten ere bide horri eutsi diote. Antolakuntzak egindako inkesta baten arabera, elkarrizketatuen %70 bide berriaren alde agertu dira, eta %8k bakarrik lehenetsi dute ibilbide zaharra. Irteera orduei dagokienez ere, ez da aldaketarik izango: aulkian doazen atletak 09:30ean aterako dira —48k eman dute izena—; patinatzaileak, bost minutu geroago —233—; eta lehenengo korrikalariak 10:00etan irtengo dira. Hemeretzi txandatan mailakatuta aterako dira Behobiatik; azkenak, 11:35ean.

Hazten eta hazten doan lasterketa da Behobia-Donostia. Lehen urtean, 1979an, 1.021 lagunek parte hartu zuten, eta geroztik urtero igotzen joan da kopurua. Azken zazpi urteetan ia bikoiztu egin da: 2008an 18.000 lagun baino gehiago izan ziren. Parte hartzaileen jatorriari dagokionez, gipuzkoarren atzetik katalanak izango dira gehiengoa (5.400). Bizkaitik 2.780 korrikalarik eman dute izena, Nafarroatik 2.512k eta Arabatik 1.049k.

Behobia-Donostiaren aurretik, haurren eta gazteen txanda izango da. Bihar Behobia Txikia izango da, 15:00etan, Anoetako miniestadioan. Ia 3.000 haurrek eman dute izena. Behobia Gaztean, berriz, 14 eta 18 urte bitarteko 220 korrikalarik parte hartuko dute —igandean, 09:30ean, Herrerako biribilgunetik—.

“Luzerako prozesu moduan ulertzen dugu Alos Quartet taldea” »

Musika “lasaia, herrikoia, klasikoa eta indartsua” dakar Alos Quartet taldearen Garden lan berriak. Hari laukote horren hirugarren diskoa da, labetik atera berria, eta Xabier Zeberio taldekideak (Tolosa, 1978) azaldu duenez, “poza” sentitzen dute hainbeste hilabetetako lanaren ostean diskoa esku artean izanik. “Irrikaz” daude ikusteko zer sentsazio sortzen duen lan berriak jendearengan. Tolosan aurkeztuko dute, gaur, 20:30ean, Topic zentroan.

Nolako diskoa da Garden?

Gure ibilbide luzean aurrerapausoa da; ohiko sonoritatean pauso bat harago eman dugu. Gure atmosfera edo giroan kokatzen da, baina, era berean, gauza oso sotilak eta indar handiagoko erritmoak topatu ahal ditugu. Iturri ezberdinetatik edaten duen musika da; batetik, musika herrikoia; bestetik, musika klasikoa, bai eta beste hainbat estilo ere. Disko instrumentala da, ahotsa duten bi abesti kenduta. Doinu batzuek ere badute dantzarako giroa. Izan ere, duela urte eta erdi sortu ziren, Aukeran dantza taldearen Geltokia izeneko ikuskizunerako. Gure ohiko bidean, beraz, oso disko indartsu eta ederra atera zaigula esango nuke.

Diskoaren izenarekin jolas egin nahi izan duzue.

Bi adiera ditu. Batetik, euskarazko gardentasuna, sentsibilitatez betetako musika baita. Beste adiera ingelesezko lorategiarena litzateke. Kantu bakoitza lore bat balitz bezala sentitu dugulako. Bi adiera horiekin jolastu nahi izan dugu.

Jende askok parte hartu du zuekin diskoan.

Oinarria hari laukotea da, hau da, Pello Ramirez txeloarekin, Lorena Nuñez biolarekin, Francisco Herrero biolinarekin, eta ni biolinarekin eta nyckelharparekin. Azken hori oso instrumentu berezia da, Suediatik etorria. Erdi Aroko biola moduko bat da, tekla bidez jotzen dena, eta soinu berezia sortzen du, magikoa. Batzuetan, badirudi gaita dela, eta, besteetan, antzinako biolin bat. Laukotearekin primeran uztartzen da.

Abesti bakoitzari kolore berezi bat eman nahi izan diogu, eta, horretarako, jende ugari aritu da gurekin batera. Zorte handia izan dugu azken urteetan hainbat estilotako artista ugariren proiektuetan parte hartu dugulako, eta artista horietako batzuk gurera ekarri ditugu, gure diskoan parte hartzera. Hor dugu, esaterako, Eñaut Elorrieta; Ken Zazpiren lehendabiziko diskotik lan egin dugu haiekin, eta aspaldiko lagunak gara. Aspalditik genuen zerbait berezi egiteko ideia. Hala, Harkaitz Canok idatzitako hitzekin kantu bat egin nuen, eta, hark abestua, emaitza oso kantu samurra eta ederra izan da. Bestalde, oso ahots berezia eta sakona duen Silvia Iriondo abeslari argentinarrak ere parte hartu du, eta, horrez gain, Oreka Tx taldeak, Bill Colley bateria jotzaile estatubatuarrak, Josu Salbidek, Iñigo Egiak, Iban Alzatek… Bakoitzak bere ukitu berezia eman dio.

Abesti gehienak zuk konposatutakoak dira.

Bai; kasu honetan, horrela izan da. Egia da laurok lan handia egiten dugula lokalean, prestaketan. Gure funtzionatzeko modua eta filosofia oso lasaia da. Ez gara urtero disko bat egiten duen talde bat. Gure esparru naturala beste artistekin eta proiektuetan aritzea da, eta, horretan, zorte handia izan dugu, jende askorekin egin baitugu lan. Urte askoan aritu ginen, esaterako, Dulce Pontesekin, Kepa Junkerarekin, Carlos Nuñezekin… Horretan energia handia jartzen dugu. Gure proiektua sortu zenetik hamasei urte igaro dira, eta hau hirugarren diskoa da. Lau-bost urtean behin egin dugu lan berri bat. Prozesu lasaia da, geldoa, mimo handiz egindakoa, eta prozesu horretan taldekide guztiek sekulako lana egiten dute, bakoitzak berea eskainiz.

Beraz, presiorik gabe egiten duzue lan.

Guretzat, Alos Quartet plazera da. Musikari gisa lana izateaz gain, gure kapritxoa ere bada. Bide hau, uneko produktu moduan baino gehiago, luzera begirako prozesu moduan ulertzen dugu. Inork ez zigun esango hainbeste urteren ostean hemen egongo ginenik disko bat aurkezten; hor goaz, pixkanaka handituz, gauza berriak eta bidea eginez.

Nola definitzen duzu zuen musika?

Gustatzen zaigun laudorio bat da jendeak esaten digunean musika lasaigarria dela, eta askotan jartzen dutela etxean. Korrika batean bizi gara; beraz, poztekoa da horrelako kontraste bat eskaintzea.

Nola antolatzen zarete musika berria sortu eta abestiak jotzeko?

Gauden unearen arabera izaten da. Proiektuen edota grabaketen arabera antolatzen gara. Ez gara astero elkartzen, baina, behar denean, astean hiru aldiz elkartu gaitezke, eta gero egon gaitezke hilabete batean elkartu gabe. Gure lanbidea ere horrelakoa da; bat-batean lan asko eduki dezakezu, eta gero izan ditzakezu une lasaiak. Eta une horiek ere beharrezkoak dira energia pilatzeko.

Lan handiko garaian zaudete orain, ezta?

Hala da, diskoaren aurkezpena, sustapena eta kontzertuak direla eta. Lan handia, baina plazer handiko lana; era berean, gustukoa.

Lan hori zure herrian aurkezteko plazera duzu gaur.

Herrian jotzea beti da hunkigarria, eta aurkezpen berezia izango da. Diskoan parte hartu duten lagunak ere izango dira. Bertan izango dira, esaterako, Oreka Tx taldeko kideak eta Aukeran dantza taldeko kide batzuk, hainbat doinu dantzatzeko.

Alos Quarteteko kideek beste hainbat proiektutan ere parte hartzen duzue.

Pellok urte asko daramatza Benito Lertxundirekin; Lorenak, antzinako musika jorratzen duten hainbat taldetan jotzen du; Franciscok ere, beste hainbeste, eta ni Oskorrin aritu naiz urte askoan. Zorte handia dugu, talde edo musikari bakoitzarengandik ikasten baita zerbait; musika ulertzeko modu desberdinak ezagutzen dituzu. Hori guztia motxilan sartzen dugu, eta, nolabait, gure proiektuan du isla.

Oskorrirekin, agur esateko biran murgilduta ere bazaude. Nola sentitzen zara?

Egia esan, pena handiz ari gara hartzen agurreko emanaldi hauek. Niretzat, bizitza erdia izan da, eta, musikari dagokionez, bizitza osoa: 18 urte orotara. Esperientzia eta bizipen kontaezinak bildu ditut urte hauetan. Oso handia izan da maila horretako musikariekin eta pertsonekin lan egin ahal izatea.

Gure jarraitzaile guztiak ahalik eta egokien agurtzea dagokigu orain. Lehendabizikoak eman ditugu, eta izugarria ari da izaten jendearen berotasuna eta maitasuna. Taldeak 45 urte egin ditu agertoki gainean. Hemendik urte batzuetara, distantziaz, orduan konturatuko naiz urte horietan bizi izan dudan handitasun horretaz.

Aldundiak bere egin behar du GHKren zorra, eta desegitea aztertu beharko du »

Madrilek abuztuan aldatu du GHKren izaera, eta Gipuzkoako aldundiari atxikitako erakundetzat jo du. Zorrari eta defizitari buruzko helburuak bete ez dituenez, diputazioaren erreskatea behar du ia 50 milioiko zorrari aurre egiteko. - Irakurri gehiago...

Jendetza batu da Donostian, Kortxoenea eraitsi izana salatu eta gaztetxeen eredua aldarrikatzeko »

Gros auzoko gaztetxea eraisteari ekin diote, eta, ondoren, Ertzaintza gogor oldartu zaie eraistea salatzeko errepidea itxi duten gazteei. Bi lagun atxilotu dituzte, eta iluntzean geratu dira libre. Hainbat lagun zauritu dituzte. "Erantzuten jarraituko dugu", esan dute gazteek. Manifestaziora deitu dute larunbaterako. - Irakurri gehiago...

Ikerketan beka hesi denean »

Karrera zientifikoetan emakume ikerlariek eta zientzialariek ez dute oztoporik aurkitzen doktore tesia egin bitartean. Hesiekin, ordea, doktoretza ondorengo proiektuak egiteko beketan egiten dute topo; askotan, haurdunaldia da arazoa eragiten diena. - Irakurri gehiago...

Hitzak zenbaki, segundo gutxitan »

Maite Alustiza

Hogei segundoko informazio bat hiruzpalau segundotan zenbaki bihurtzea. Azkar egin beharreko lana da; bat-batekoa, oso: ¬ęBertsolari batek bertsoak kantatu, eta jendea

“Zapalduen Antzerkia bizitzarako entsegu bat da” »

Gazte hasi zen Belen Nevado (Gasteiz, 1969) antzerki tailerrak ematen institutuetan. Gaur egun Zapalduen Antzerkia tailerra ematen ari da, besteak beste, Azkoitian, Elkargunean; eta Arrasaten, Emakume Txokoan. Arrasaten dagoeneko ikasturte bat baino …

Odol tanta ikusezinen eskertza »

Tantaz tanta lortzen da litro erdia. Kantitate horixe da, hain zuzen ere, odol emaileek odol ateraldi bakoitzean ematen duten odol kopurua. Tantaz tanta, litro erdiz litro erdi, beste herritarren baten bizitza salbatzeko egiten duten lan ikusezina da …

Kezkak plazara daramatzate »

Aire zikinari aurre egiteko mozorroa edo lore-errota. Bi aukera horien artean, bigarrenaren aldeko hautu garbia egin du Lasarte-Oriako Aire Garbia plataformak. Zubietan egin asmo duten errauste plantaren aurka batu dira hainbat herritar, eta haien kez…

Baten afizioa, bestearen ofizioa »

Familia berean bertsoa eta pilota guztiz uztartuta dauzkate Artola anaiek. Bertsolaria da Mikel Artola (Alegia, 1989), eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartean egiten du lan; Iñaki Artola (Alegia, 1994), berriz, pilotari profesionala da. Batak afizio du bestearen ofizioa.

Egun txapelketetan murgilduta daude, biak final-laurdenetan: Mikel, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan; Iñaki, Lehen Mailako Lau t’erdiko Pilota Txapelketan. Iñakik ez du ondo hasi final-laurdenetako ligaxka, orain astebete Jokin Altuna lagun amezketarraren aurka 22-14 galdu baitzuen. Gaur Bengoetxearen aurka du bigarren partida, Tolosako Beotibar pilotalekuan: “Galtzen hasi gara, baina oraindik beste bi partida ditugu. Bengoetxearena ere zaila ikusten dut; pilotari handia da”.

Mikelek, berriz, txapelketa “gorabeheratsu” doala dio. Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea erraz pasatu zuen, baina gero justu-justu igaro da final-laurdenetara —bera izan da azken sailkatua—. “Ez dut uste saio txarra egin nuenik, baina puntuz larri-larri, eta azkeneko unera arte zain egon behar izan nuen pasatu nintzela jakiteko. Baina aurretik egin duzunak ez duenez zerikusirik, orain final-laurdenetarako prestatzen ari naiz”. Haren helburua txapelketa ondo prestatzea eta lehen saioa ondo egitea zen: “Behin pasatu garela, gure helburua beteta dago. Harituz bertso taldeko lau gaude final-laurdenetan. Polita izango litzateke norbait deskuidatu eta pasatzea, eta Tolosako finalerdian aritzea”. Eskoriatzan du final-laurdenetako saioa, azaroaren 8an.

Afizioak partekatu dituzte, gero bakoitzak ofiziorako bere bidea hartu badu ere. Halere, elkarrekin topo egiten dute, batez ere pilotan, Mikel Iñakiren botilero moduan aritzen baita txapelketetan. “Bera izan da txikitatik pilotan gehien ezagutu izan nauena, eta nirekin gehien ibili dena”, dio Iñakik. Iazko ekainean profesionaletara jauzia egin zuenetik, anaiarekin jarraitu du: “Galdetu zidan ea berarekin jarraitu nahi nuen, eta nik baietz erantzun nion. Orain arte gauzak nahiko ondo ateratzen ari zaizkigu, eta ondo sentitzen naiz berarekin. Beti pentsatu izan dut ustez pilotaz gehiena dakiena baino hobe dela zu ondo ezagutzen zaituen botileroa izatea: ez bakarrik pilotan dituzun gaitasunak jakiteko, baita buru aldetik zer joera dituzun ere. Eta horretan gehiena Mikelek daki”.

Egia esateko askatasuna

Beren arteko harreman horrek ez du esan nahi haserretzen ez direnik. “Tarteka partidetan izaten ditugu gure haserreak”, dio Mikelek. Anaiaren botilero denean “gehiago sufritzen” du: “Askoz gertuagotik bizi duzu, eta kanpora esaten ez diren gauza asko bion artean geratzen dira. Txikitatik ezagutzen dudanez, badakit zertan hobetu duen eta zertan ez, eta, egia esateko, askatasun handiagoa dut. Beti sinistu izan dut harengan, nik uste berak bere buruarengan baino gehiago. Horrek ere bultzatzeko balio du”. Iñakik gauzak esatea exijitzen dio anaiari: “Nahi duzuna da akatsak ikusten badizkizu esatea, nahiz eta jakin zuri ez zaizula gustatuko hori entzutea. Mikelek pentsatzen duena esaten dit, eta orain arte nigan gehien sinistu duena bera izan da”.

Ia partida guztien jarraipena egiten dio Mikelek, zuzenean ez bada , telebistatik. Ez dira, baina, denbora guztian pilotaz hitz egiten aritzen. “Askotan partida batera autoan joaten garenean, filosofiaz hitz egiten dugu, Iñaki unibertsitatean ikasten ari denaz, eta gure eztabaidak izaten ditugu”, ekarri du gogora Mikelek.

Iñakik ez dio Mikeli jarraitu bere bertsolari ibilbidean, Mikelek Iñakiri pilotan adina. “Txapelketako saioak dituenean bai, herrian eta inguruan egin dituenean ere bai, baina bestela beste herri askotara joan denean, ez naiz berarekin hainbeste ibili”. Bertso saioetarako prestatzeko Iñakik ere tarteka laguntzen dio. “Gaiak jartzen, eta parte hartzen ere bai”, dio Mikelek. Autoan joaten direnean bertsotan ere aritzen dira; azkena, sanmateoetako torneorako bidaian, Logroñorako joan-etorrikoan.

Elkarrekin egon bai, baina elkarren aurka ez dira lehiatu pilotan. “Konturatzerako, berak niri erraz irabazteari utzi, eta ni berari erraz irabazten hasi nintzen”, esan du Iñakik. Herriartekoan aritu izan dira biak, Alegia ordezkatzen. “Herriarteko batean izan zen aukera bakarra Iñaki nire botilero aritu zela. Lau tanto bakarrik egin genituen…”, gaineratu du Mikelek, bere anaiaren barrea eraginez.

Bertsotan, berriz, behin parte hartu zuten elkarrekin, txapelketa batean. Harituz-ek antolatu zuen Tolosaldeko bertso txapelketa egin zenean, herriartekoan, Alegia ordezkatuz. Lehen kanporaketa gainditu zuten. “Herriko bertsolarien saioa egiten da festetan eta hor ere parte hartu izan du”, esan du Mikelek, eta gaineratu: “Beti esaten diot bertsoarekin lotura izatea ez dela txarra. Kirolaz aparteko kontu batzuekin harremanetan irautea ez da txarra”.

Pilotan eskuratu dituen lorpenak galdetzerakoan, Iñakik berehala dio iaz lortutako bigarren mailako lau t’erdiko txapela izan dela nagusiena. Anaiak, baina, bestelako iritzia du: “Lehen mailako binakako finalerdietara iristea”. Iñakik arrazoia eman dio gero: “Txapela janzteak ilusio handia egiten du, baina lorpen moduan, lehen mailakoa jarri behar da aurretik”.

Orain ere lehen mailan lau t’erdiko final-laurdenak jokatzea lorpen handia dela dio Mikelek. Ilusio berezia egiten die ligaxkan Olaizolaren aurka jokatzeak. Horrek ere botilero anaia du, Asier. “Txikitan pilota partidak ikustera joaten ginenean, nik Barriolaren kamiseta nuen eta Mikelek Olaizolarena. Orain ni kantxan eta bera aulkian, Olaizola anaien aurka ariko gara”. Eta Mikelek: “Bai kantxan eta bai aulkian uste dut desabantaila pixka bat dugula…”.

Osinalde sariketa irabaztea du Mikelek bertsolaritzan lortutakoen artean. “Guretzako bere garaian Osinalde bazen erakartzen gintuen sariketa bat, eta horrek ikaragarrizko ilusioa egin zigun”. Lorpen zerrendari begiratuz gero, handiena aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan final-laurdenetara pasatzea dela esan du. “Baina bertsotan egin dudan gauzarik politena eta gehiena ase nauena bertsolari onenekin aritzea izan da: [Andoni] Egaña, Amets [Arzallus] edota Maialenekin [Lujanbio], esaterako… Eta ilusio handia egin zidan Joxe Agirrerekin kantatzeak ere. Orain dela urte batzuk esanez gero, ez genuen sinistuko”. Beste une berezi bat ere aipatu du Mikelek: Altzoko festetako bertso saioa. “Inguruko garrantzitsuena iruditu izan zaigu beti. Aurten han kantatzeko aukera eman ziguten, eta hori eginda, dagoeneko lasai geratzeko moduan nintzela esan nuen”.

Lehen oroitzapenak

Tartean anaia dagoela ditu Iñakik pilotarekin bere lehen oroitzapenak: “Igande goizetan joaten ginen biok aitarekin Orendaingo frontoira, edo Alegiakora, edo Abaltzisketara… Horretaz ondo oroitzen naiz, eta baita Kalebeherako frontoian irabazi nuela nire lehen txapela”.

Bi oroitzapen mota etorri zaizkio Mikeli bertsolaritzaren inguruan. “Gure aitonak, aitan aldekoak, bazekizkien bertsoak buruz, eta batzuk kantatzen zizkigun. Bestalde, gogoan dut Hitzetik hortzera ematen zutela igande eguerdian eta nola horri begira egoten ginen. Eta nola etxekoentzat bertsolariak norbait garrantzitsuak ziren, eta haiei entzuteko isilik egon behar ginen. Beste oroitzapena kantatzen hasi ginenekoa da: parrandan hasi ginenean-eta, lagun batzuk elkartzen ginen, bertsozale amorratuak, eta bertsotan aritzen ginen, hankamotzak, hankaluzeak eta potoak eginez”.

Bestearen ezaugarriren bat norberaren ofiziorako hartuko lukete. “Pilotan aritzen zenean tenple ona zuen eta erabakiak hartzen zituenean, azkar hartzen zituen”, esan du Iñakik. “Nik bertsoak josteko bere gaitasuna hartuko nuke”, dio Mikelek bere aldetik: “Okerrena errimarekin ibiltzen naiz, eta oinak ekartzeko garaian. Berak, hain gutxi arituta ere, askotan hitz egokiagoak ekartzen ditu eta horrek inbidia pixka bat ematen dit. Izaera aldetik, frontoitik kanpora pilota eta horren zakuan sartzen den guztia hartzeko modua”.

Iñakik ondo hartzen du famaren kontua. “Azkenaldian ari naiz bizitzen ezaguna izatea zer den. Batzuetan pisua da, edozein lekutara joan arren ezin duzulako pilotari jantzia kendu. Baina ondo daramat, eta gustatzen zait kalean pilotari moduan ezagutzea”. Mikelek bertsolaritzan ez du hori ezagutzen: “Nire gertatu zaidan aldaketa, anaia ezaguna egin denean izan da. Izenaren beharrik ez daukat, orain Artola pilotariaren anaia bihurtu naiz”.

Etxean bertsolaritza eta pilota asko bizi dute. “Gurasoak, gu aritzetik aparte, oso zaleak dira”, esan du Iñakik. “Aitak frontoi asko zapaldu ditu, bai Mikelekin eta bai nirekin ere, eta orain ere ia beti joaten da nire partidetara. Ama gutxixeago, nerbioekin-eta okerrago pasatzen du eta etxetik bizitzen ditu”. Mikelek dioenez, gurasoek utzi diete bidea egiten beraiei iruditu zaien moduan: “Meritu handia izan dute noraino sartu jakiteko, noraino baldintzatu pilotaren eta bertsolaritzaren gure bidea. Datorrena hartuz, gure martxan utzi digute. Eta horregatik uste dut gusturago egiten dugula ere”.

Bakoitzak hartu duen bidea irudikatzeko badute pasadizo bat. Azkoitira joan ziren herriarteko pilota txapelketa jokatzera, bakoitza bere mailan, eta Iñakik egun berean eskolarteko bertso txapelketa zuen, Azkoitian bertan. “Bertso saioa bukatu ondoren, Iñakiri ‘hi pilotan aritzen haiz,ezta?’ esan zioten, eta pilota partidak bukatu ondoren, niri ‘hi bertsotan aritzen haiz, ezta?’ esan zidaten”, gogoan du Mikelek. “Garbi geratu zen bakoitzaren eremua zein zen”.