“Ikusi behar dugu arazoa ez dela soilik emakumeena” »

Arrizabalagak dio gizonak ez direla ohartzen emakumeek egunerokoan pairatzen dituzten zenbait egoera matxistaz; iritzi dio aktibatu egin behar dela berdintasunaren aldeko gizonen kolektiboa. - Irakurri gehiago...

“Makinak naturan zer egin eta zer ez erakusteko balio du” »

Makinari esker paisaia ezberdinak zizelka daitezke. Hala, euria egiten duenean paisaia horietako bakoitzean zer gertatzen den ikus dezakegu: ura nola mugitzen den, non pilatzen den, uholdeak nola sortzen diren... - Irakurri gehiago...

“Teknologia berriak eta paperaren xarma uztartzea lortu dut” »

Maialen Igartua
Ikasketaz telekomunikazioetako ingeniaria da Iker Burguera (Legazpi, 1986). Gaur egun, langabezian dago, baina ez lanik gabe. “Ekintzaile espiritua” duela dio, eta, ondorioz, mila proiektu izaten ditu beti esku artean. Bakarrari eman di…

“Teknika ugari ditut ikasteko, eta horiek ditut jomugan” »

Argazki kamerak edonoren eskura diren garaiotan, argazkigintzaren hastapenetara egin du jauzi Jon Andoni Martinek. Duela pare bat mende sortutako kolodio hezea teknika erabiliz egindako argazkiekin osatu du 'Barne marrak' erakusketa. - Irakurri gehiago...

“Haurren begiak denon begiak dira, zintzoenak” »

Maite Alustiza
Sei hilabete baino gutxiago falta dira Bergarako Kilometroetarako, eta bide onetik doaz prestaketak: martxan dira batzordeak eta aurkeztear dira Demasa abestia. Aranzadi ikastolarekin batera, Airez taldea ere buru-belarri dabil. Lau kide…

“Ez daukagu presarik; ontzia eraikitzea ez da helburua, bidea baizik” »

Eider Goenaga Lizaso
“Gure ametsak esna betetzen dira”, dio Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoentzat Jon Maia bertsolariak egindako Albaola abestiak, eta horixe da Xabier Agote (Donostia, 1964) Albaola Itsas Kultur Faktoriako presidentearentzat Sa…

“AEB-ak goi mailako ikertzaileekin aritzeko leku ederra dira” »

Iosu Iturrioz Dorronsoro
Farmazia ikasketen azken urtetik argi zuen Ane Miren Salvadorrek (Tolosa, 1989) ikertzailea izan nahi zuela. Horixe zen haren desira. Eta horretan dihardu. Gustatzen zaion horrekiko guztizko dedikazioak orain arteko ateak ireki…

“Emakume zaintzailearen rola inposatutakoa da” »

Olatz Mitxelena
Zaintzaren gaineko gogoeta sustatu nahi du Ni zaindu, zu zaindu ikastaroak. Kontxi Lopezek (Errenteria, 1965) gidatzen du, han eta hemen. Pasaian, etzidamu abiatuko da mintegia, eta ekainera bitarte iraungo du. Emakumeen Jabekuntza Esko…

“Nonbaitekoa baldin banaiz, Aralarko artzaina naiz ni” »

Aimar Maiz

Datorren urtean hogei urte beteko ditu Joseba Insaustik (Ordizia, 1977) artzain profesional hasi zela. Aralarren larratzen du artaldea, udaberri-udetan. Gazta Zaldibiako artegian nahiz mendiko txabolan egiten du. Aitortza egingo diote asteazkenean, Ordiziako Artzain Egunean.

Alimentos de España lehiaketan jaki onenaren saria irabazi zenuen, iaz, Otatza gaztarekin. Nabaritu al duzu horren eraginik?

Egia esan, bai. Handiegi ere gelditu zaigu. Espainia guztitik deitzen digute, gazta eske. Nire salmenta sistema ez da hori, baizik etxetik zuzenean bertakoei saltzea. Ordizian pare bat dendatan dago, eta Donostian batean. Kito. Hortik kanpora, sekula ez naiz ibili.

Paradoxa dirudi: denek nahi dute beren produktua onena izatea, baina zuen ekoizpen sistemagatik, ezin gehiago saldu. Oreka hori non dago?

Lehiaketetara ez gara aurkezten komertzializazio helburuekin. Asebetetze pertsonala izan da, batik bat; zure gazta onena edo onenetakoa dela esateak poza ematen dizu. Gure helburua ez da izan sekula lehiaketa bat irabaziz gero hortik hobeto saltzea.

Artzain eta gaztagile lanbidean egonkortuta zaude, beraz?

Nire kasuan, bai. Urte normal batean, urte erdirako jada gaztarik gabe egoten naiz. Nire helburua ez da izan erosle gehiago lortzea. Nahikoa dut dauzkadanak mantenduta. Izatez, urtero haserretu egiten zaizkit, geroz eta lehenago gelditzen garelako gaztarik gabe.

Mendiko gaztarekin irabazi zenuen Espainiako sari hura.

Bi gazta egiten ditut. Behean, betiko gazta egiten dut. Eta, gero, mendiko gazta. Bi ekoizpen bereizi dauzkat. Esnaurreta-Mendibilen daukat txabola [Aralarren, Zaldibiako lurretan], eta artegia Arrumuñon, Zaldibian.

Bietan edukitzen dituzu ardiak?

Ez. Lehen egiten zen bezala ibiltzen naiz: udazkenean, elurteak eta eguraldi txarrak bultzatuta, beheko haranera jaisten gara. Arkumeak orduan jaiotzen zaizkigu. Eguberri eta Urtezaharrean saltzen ditugu, eta orduan hasten gara gazta egiten. Maiatzaren 1ean, Aralarko larreen irekieratik berehala igotzen naiz mendira. Han egiten ditut denboraldiko azkeneko bi hilabeteetako gaztak, maiatzean eta ekainean.

Ikerketek erakutsi dute mendiak bere ukitua ematen diola han egindako gaztari.

Bai. Hemengo mendi inguruetan —Aralarren, Urbasan, Gorbeian…— beti bereizi da beheko ibarreko gazta eta mendiko gazta. Legez, bereizketa hori ez da inoiz babestuta egon, orain arte. Orain, Euskal Herriko Mendiko Gazta marka sortu da, Idiazabal jatorri izenaren barruan. Mendietan egiten eta ontzen den gazta babesten eta ezaugarritzen du.

Ibarrekoa ala mendikoa izan, aldea zerk ematen dio gaztari?

Faktore asko daude. Farmazia fakultatearekin kolaboratzen ari gara, eta ikerketa asko egiten ari dira. Larrea dago batetik, altuera, elikadura… Mendian, larre hutsean egoten dira. Esnealdiaren egoerak ere zerikusi handia du. Behean ere ez da berdina lehenengo esnea edo esnealdi bukaerakoa.

Zuk zeuk mendiko artzaintzat daukazu zeure burua?

Ordiziarra naiz neroni, baina artzain gisa ez naiz Ordiziakoa, artaldea ez daukagulako hemen, etxe inguruan daukagun egoeragatik [etxe eta errepide asko egin dituzte, San Joan auzoan]. Neguak Zaldibian pasatzen ditut, baina hangoa ere ez naiz. Artzain gisa nonbaitekoa baldin banaiz, Aralarrekoa naiz. Ni Aralarko artzaina naiz, garbi daukat. Beti botako dut hori, harrotasun handiarekin, gainera.

Aurten ere igotzeko asmoz, ala?

Bai. Maiatzaren 1a igandea tokatzen da. Ez naiz Larraizko festara joaten; han ospakizun moduko bat egiten da 1998tik, ni hasi nintzen urtetik. Elurteren bat ez bada, egun horretan igoko ditut ardi batzuk, antzuak eta. Jetzardiekin astean zehar igotzea gustatuko litzaidake, 3an edo. Zer esanik ez, hori da nire egutegian gorri-gorri dagoen eguna, artzain gisa egun bereziena. Artaldea kontentuen ikusten dudan eguna da. Urtero hunkitu egiten naiz.

Ardiak, mendira doazenean, gustura jartzen dira?

Bai. Begirada aldatu egiten zaie. Dunbak eranstearekin bakarrik konturatzen dira, beste jarrera bat dute. Eta abiatzen direnean ezin dira gelditu. Uste nuen ni nintzela arraro bakarra, gauza horiek hunkitzen nindutena. Baina, ez. Ikusten dut beste artzain askori ere eragiten diela.

Badago, beraz, zerbait sakonagoa, naturaren dei bat edo?

Hor atzean kultura bat dago. Artzainek xehetasun pila bat zaintzen dituzte: zintzarrien dunbak, lepoko uztai tailatuak… Kuriositate guztiekin, tradizioa betez joaten dira. Hori asko zaintzen da.

“Hutsik geratu diren lantegiak berrerabili beharko genituzke” »

Maialen Igartua Arzelus

Ormaiztegin hitzaldia egingo du gaur Irati Otamendi arkitektoak (Beasain, 1986): Industrializazioa: atzo garapen, gaur ondare, bihar…?. Zumalakarregi museoan izango da, 19:00etan. Oria ibai arroko industria ondarea ikertzen ari da Otamendi, eta uste du industria ondareari ez zaiola behar adinako garrantzirik ematen.

Nondik datorkizu arkitekturarekiko zaletasuna?

Etxekoek badute arkitekturarekiko interesa. Txikitatik, mundu hori estimatzen erakutsi didate bateko eta besteko harriak ezagutzeko txangoetan, batik bat aitak emandako azalpenen bidez. Hala ere, esango nuke benetako zaletasuna unibertsitate garaian iritsi zitzaidala. Ez pentsa karrera hasi baino lehen arkitektura zer zen banekienik.

Orain, doktoretza tesia egiten ari zara. Zeri buruz ikertzen ari zara, zehazki?

Oria ibai arroko arkitektura ondare industriala ari naiz ikertzen, lurralde mailako analisitik abiatu eta industria multzo batzuen azterketan sakonduta. Industria ondare horren baloraziorako, babeserako eta zaintzarako irizpide orokor egokiagoak bilatzea da nire ikerketaren helburua.

Zergatik aukeratu zenuen industria ondarearen gaia?

Beasaindarra izanik, arkitektura industriala ikusiz hazi naiz. Gainera, etxean kontu asko entzun ditut fabrika haundie zela edo Bernedoko sirenak jotzean bizikletaz eta motorrez azaltzen ziren langile pila zirela… Azken finean, industriak herrian eta herritarrengan zuen eraginari buruz. Bestalde, eraikin industrial horiek nahiko txikitatik atentzioa ematen zidaten —zergatik ez banekien ere—, eta, gero, arkitektura ikasketetan hasita, begirada teknikoagoarekin agian, arkitektura industrialaren soiltasunak izugarri erakarri ninduen.

Oria ibai arroan zentratu zara. Zergatik?

Gipuzkoan, ibai ibilgu nagusien inguruan garatu zen industria, uraren indarra baliatzeko besteak beste, eta Oriaren ibai arroa izan zen industrializatuenetako bat. Gainera, probintzian indar handiena izan zuten industria sektoreek —papergintza, ehungintza, metalurgia…— gure arroan presentzia nabarmena izan zuten. Adibidez, papergintzaren hiriburu izan zen Tolosa, eta ibaian gora eta behera ere zabaldu zen. Metalari dagokionez ere, Fabrica de Hierros San Martin izan zen nagusietako bat [CAFen aurrekaria]. Beraz, esan daiteke Oriaren ibai arroko kasua probintziakoaren eredu dela, eta, ondorioz, gertuko ikerketak errealitate orokorra ulertzen lagun dezake.

Gaur hitzaldia emango duzu Ormaiztegin. Zeri buruz hitz egingo duzu?

Gipuzkoako industrializazio prozesuaz hitz egingo dut, eta, ahal dudan neurrian, Goierriko adibideak jarriko ditut. Ormaiztegira gero eta gehiago gerturatu, hobe. Industriak eragindako aldaketez ariko naiz: paisaian, ohituretan… Eta, noski, industria horrek utzitako ondare arkitektonikoaren garrantzia ulertarazten saiatuko naiz. Garai bateko industrialariek oso argi zuten fabrika zela negozioaren propaganda, eta oso lantegi modernoak eraikitzen zituzten. Arkitektura moderno horren adibide dira Beasaingo Olaran fabrika edo Legorretako paper fabrikako bulegoen eraikina. Eta Oria ibai arroan beste asko daude.

Lantegi zaharrak berrerabiltzeko aukera defendatzen duzu.

Lantegi asko hutsik daude, eta herrietan lurrik gabe gaude. Zergatik ez lantegi horiek berrerabili? Hutsik geratu diren lantegiak berrerabili beharko genituzke. Esaterako, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkea lantegi bat zen, eta begira orain zein erabilera ematen zaion. Beste herrialde batzuetan oso ohikoa da industria ondarea kultur ekintzetarako berrerabiltzea. Beste industria bat jartzeko ere erabil daitezke, eta, eraikinaren arabera, etxebizitzak egiteko ere bai. Ingalaterran edo Alemanian, esaterako, hori oso barneratua dute. Etxebizitzak, eskolak eta abar ikus ditzakezu industriarako erabilitako eraikinetan.

Gipuzkoan lantegi asko daude erabilpenik gabe eta berrerabiltzeko moduan?

Itxita lantegi asko daude. Batez ere, azken urteetan, krisiaren eraginez. Hala ere, oraindik eta gehiago dira dagoeneko desagertuta daudenak. Gure inguruan, industria gehiena ibai ertzean kokatzen zen, uraren indarra aprobetxatzeko. Industriak lur onenak hartu zituen, lauenak. Orain, hiria hazten den momentuan enpresa indarrean ez badago, hiriak enpresa jaten du. Etxeak eraikitzeko ere leku onenak horiexek direlako. Tolosako paper fabrikak, esaterako, ia denak desagertu egin dira.

Martxan dauden industria ondareak ere badaude.

Noski. Esaterako, Beasaingo CAFeko lantegi batzuk babestuta daude, nahiz eta oraindik martxan egon.

Zergatik esango zenuke garrantzitsua dela industria ondarea babestea?

Industria ondareak nondik gatozen eta nor garen, garai bakoitzean nola eraiki den eta industria prozesuek zein aldaketa izan dituzten erakusten digu. Beste era batera esanda, industria ondarearen parte diren arkitektura elementuek balio arkitektoniko-tekniko, historiko-teknologiko eta soziologiko esanguratsua dute. Hala ere, oraindik gizarteak eta administrazioak zailtasunak dituzte hori guztia ulertzeko. Horregatik uste dut beharrezkoa dela balioa ematea, eta balioa emateko lehen pausoa daukaguna aztertzea eta ondo ezagutzea da. Ezagutzen ez dena ez da sekula baloratzen. Eta noski, ez dugu ezer egiten ezagutza hori lau burutan gelditzen bada; behar-beharrezkoa da ikasitakoa gizarteari helaraztea.

Oso zabalduta dago industriak eta lantegiek herriei itxura itsusia ematen dieten ustea.

Bai, eta ulertzekoa ere bada, neurri batean. Oso irudi gordinak dauzkagu gure buruetan: greba garaiak eta amaierarik gabeko lanaldiak, paper fabrikek botatako isurketengatik aparrez estalitako ibaia, kea, usain txarra… Industriaren alde ilun hori ahaztea ez da erraza.

Baina, bestalde, posible izango al litzateke egun daukagun guztia edukitzea industriarik izan ez balitz? Argi dago ikuspegia aldatu beharra daukagula, guztiz, eta, gutxienez, etorkizun jasangarriago bat eraikitzeko eraikin berrerabilgarri gisa ikusi beharko genituzkeela eraikinok. Datozen beharretara moldatzeko baldintzarekin eraikitakoak izaten dira lantegi industrialak. Ondorioz, erabilera berriak hartzeko ere potentzial handiko eraikinak dira.