KILOMETROETARA BIDEAN, IRRIBARREZ »

2012ko Kilometroak jaia Andoainen ospatuko dela eta, jaiaren eta Aita Larramendi ikastolaren alde emanaldi bat egin zuten astelehenean Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Andoaingo Allurralde kiroldegian. Bertaratu ziren haurrek zein helduek Zaz…

500.000 »

Kutxak sarean jarri dituen argazkiak. www.kutxateka.com webgune berrian, Gipuzkoako 500.000 argazki zaharrez osaturiko bilduma kargatu du Kutxak. Eskuragarri jarri du ondare artistikoa ere.

709.607 »

Gipuzkoan urtearen hasieran erroldatuta zeudenak. 2011ko urtarrilaren 1ean 709.607 biztanle zeuden erroldatuta Gipuzkoan. Aurreko urtean baino 2.344 biztanle gehiago dira horiek; %0,33 gehiago, alegia.

Nor zara zu Interneten? »

Probatu al duzu inoiz zure izena Google bilatzailean ipintzea? Ikusi duzunak harritu zaitu? Topatu duzu espero ez zenuen zerbait, adibidez, argazkiren batean etiketatu zaituzte eta zuk ez zenekien argazki hori Interneten bazenik ere? Zer dakite besteek zutaz: zuk erabaki duzuna ala beste norbaitek deliberatu du zure ordez? Bada, hemendik aurrera, gure gazteek ezinbestean egin beharko dizkiete galdera horiek, eta askoz ere gehiago, euren buruei.

Has gaitezen, baina, hasieratik. Egongo da bere izena Interneteko bilatzaileren batean idatzi eta emaitzarik ez dagoelako harro dagoenik. Bada, horrek jakin beharko luke, egun, presentzia digitalik ez izateak, hura kaskarra izateak edo gure nortasun digitala modu pasiboan eraikitzeak ondorioak izan ditzakeela etorkizunean. Alde batetik, aldatzen ari dira lana bilatzeko erak (AEBetan, azken urtean, %16k sare sozial baten bitartez topatu dute bere azken lana), eta, bestetik, aldatzen ari dira baita langileak topatzeko moduak ere. Career Enlightenment-ek egindako ikerketa baten arabera, enpresen %89k sare sozialak (LinkedIn, Facebook eta Twitter, besteak beste) kontsultatzen dituzte langileak hautatzeko prozesuetan, eta hautatzaileen %33k atzera botatzen dituzte hautagaiak beraiei buruz topatutako zerbait gustuko izan ez dutelako. Begi bistako arrazoiengatik gure nortasun digitala zaintzea eta guk geuk sortzea —ez besteen eskuetan uztea— garrantzitsua da.

Dena den, nortasun digitala ez da bakarrik Interneten bilaketa bat egiten dugunean guri buruz azaltzen dena, gutaz helarazten dena/duguna ere bada. Askok gure nortasun digitalaren patua besteen esku uzten dugu. Hori da, behinik behin, gazte askori gertatzen ari zaiona. Hori edo oraindik okerrago dena: euren nortasun digitala eraikitzen ari dira, baina modu inkontziente batean, xehetasun guztiekin astebururo egiten dituzten parranda guztien berri emanez, total eginda daudenean argazkiak igoz, sareetan bi aldiz pentsatu gabe edozer idatziz, baina baita euren lan interesgarriak plazaratuz, partekatuz, besteei lagunduz ere. Esan nahi dudana zera da: ez dituzte gehiegi bereizten ondorio positiboak zein negatiboak izan ditzaketen ekintzak, ez direlako jabetzen uzten ari diren aztarna digitalaz.

Gauzak horrela, nork bere nortasun digitala modu kontziente batean eraikitzen joateari axolazko deritzot, eta nago gazte gehienak ez daudela horretarako prestatuta. Noren ardura da, baina? Nire ustez, ardura partekatua da, guraso eta eskolaren arteko ardura partekatua. Bai batzuek zein besteok ezagutu beharko genituzke honen guztiaren zoko-mokoak. Sen onak Interneten tokia badu ere, eskas samar gerta liteke hainbat kasutan, gure identitatearen kontrola bideratzeko ezagutza minimo bat ere behar baita (zer egin behar dugun eta nola, eta, batez ere, zer ez dugun egin behar).

Amaitzeko, nire ustez, nork bere nortasun digitala eraiki beharra dauka, eta kontziente izan identitate horrek ate asko ireki edo itxi liezazkiokeela. Bide horretan aurrera egingo badute gure gazteek, identitate hori garatzen lagunduko dieten irakasle zein gurasoen laguntza eta babesa nahitaezkoa izango dute. Gaia ez da berria: asko hitz egin da eta hitz egiten da honen inguruan. Halere, gauza bat da eskuratu beharreko konpetentzia digitalen artean hau guztia txertatuta egotea, eta beste bat, oso ezberdina, eskoletan modu sistematikoan lantzea. Ezjakintasunagatik edo, uste dut oraindik urrun samar gaudela jomuga horretatik, eta, ezbairik gabe, komenigarria litzateke honi buruzko hausnarketa sakona egitea.

Twitter Cinzano »

Hau esatea ere niri tokatuko zait: euskal tuitlariak espainolak baino askoz ere aspergarriagoak gara. Patu saihetsezina delako izango da, baina sare sozialekin —ere— ez dugu asmatzen jakin. Beraiek birao burugabeak eta esames dibertigarriak dituzten tokian, guk gogoeta astun eta eztabaida adeitsuak besterik ez ditugu. Izaera zibernetiko uzkurra, auzo-lotsa gogaikarria edo hurkoari —Euskaltzaindia, arren!— iraintzeko erreminta falta. Batek daki zergatik, baina euskaldunok horrela jai dugu Interneten.

Ez litzateke halako hondamendia ere, benetan ilunak eta goibelak bagina. Baina okerrena da badugula ukitu ironikoa, eta gorriak bizi izan dituenaren zinismoa ere ez zaigu falta, noski. Horiek biak ateraldi xelebre bihurtzeko txinparta dutenak ere non-nahi dabiltza, lagunekin sesioan, kalean. Kontua da Mikel Elorzarekin edo Imanol Epelderekin txikitoak hartzen entzuten ditudan astakeriak ez ditudala Interneten inon topatzen —ezta beraien twitterretan ere, zozo parea—. Eta, tira, beharbada poztekoa da Euskal Herrian oraindik taberna zuloak Internet baino dibertigarriagoak izatea, baina nire gibela eta nire kontu korrontea sarean gehixeago aritzeko eskatzen ari zaizkit aspaldi.

Aspermenaren zama osoa gure tuitlari emankorrenen bizkarrera botatzea bidegabekeria litzateke, noski. Sarean jaja ozenak egiten aritu ahal izateko lehengai egoki-egokiak ere ez ditugu eskura. Horretarako, bekatari aproposak falta zaizkigu: Ramoncin bat, Alejandro Sanz bat, David Bisbal bat. Beren hanka sartze eskuzabalekin txantxa biribilak eskaintzen dituzte haiek etengabe, eta Estanis Argoteren erdiraketak balira bezala, erremate erraz-erraza bakarrik behar izaten dute. Hemen bagenuen Carlos Iturgaiz bat —artista hura ere—, baina Bruselara alde egin zigun Twitter sortzeke zegoenean.

Txiste onak egiteko arku eta gezi zorrotzak dituzten asko Ebro ibaiaz bestaldeko sailetara joan ohi direlakoan nago, matrailezurra dantzan jarriz pieza onak kobratzera. Haiek gure armiarma sarean itsatsita gera daitezen, eta hemengo indiar leialenak ere dantzan jarriko badira, burruntzian erreta bukatuko duen basurderen bat beharko dugu. Beraz, euskal amaraunaren mesedetan, oheratu zure arerio politikoarekin, legebiltzarkide —eta argazkiren bat egon dadila, noski—. Aitortu negar batean dopatu egiten zarela, kirolari. Edo atxilotu zaitzatela Loiun maletan kokaina kilo pare bat daramatzazula, musikari. Paradoxa dirudi —Klaudio Landa honetaz aspaldi jabetu zelakoan nago—, baina espainiarren moldeko eskandaluak behar ditugu gure Internet burujabe eta erakargarria izan dadin. Horrela, beraiek Twitter Cinzano daukaten bitartean —pizgarritxoarekin, ttak—, gurean ez dugu alkoholik gabeko Twitter Kas txepelarekin konformatu beharko.

BARAUALDIA EUSKAL PRESOEN ALDE »

Astelehenean hasi eta igandera bitartean, Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialak Donostiako Ibaeta fakultatean baraualdia egiten ari dira txandaka, euskal presoen eskubideen alde. LAB, EILAS, ESK, Hiru eta EHNEko ordezkariek hasi zuten baraualdia —irudian—. Protesta amaitzeko, elkarretaratzea egingo dute igande eguerdian Donostiako Bulebarrean.

37 »

Tabakoaren legea hausteagatik jarritako salaketak. Iragan urtarrilaren 2an tabakoaren legea martxan jarri zenetik abendura bitartean, lege hori hausteagatik 37 salaketa jarri dira Gipuzkoan. Salaketa gehienak ostalaritza sektorean gertaturiko arau hausteengatik jarri dira.

5.225 »

Zubian Donostiako Turismo bulegoan izandako bisitariak. Iragan astean izandako zubian, bederatzi egunean orotara 5.225 bisitari artatu dituzte Donostia Turismoa bulegoan. Garai berean iaz izandako zubiarekin alderatuta, %11ko igoera izan da, iaz 4.629 bisitari hartu baitzituzten.

Hilak »

Urtarrila abila da gure patriken isila ozendu eta ixten urteen zikloen biribila. Iraganaren hurbila ahaztu eta promesen espiral kiribila birarazten, etorkizunaren bila. Bilbon topa zitezkeen borborka mila aldarrikapen mota, garrasiek notaz nota etsaia…

Pertsona bere bakardadean »

Presaka sartu naiz farmaziara; lo egitearekin, eta hartu ezin dudan atsedenarekin pasatzen ez den buruko mina daukat eta botika, sendagai, beneno edo edozerekin erasotzea erabaki dut. Lanera joan aurretik farmaziatik sartu-atera bat egiteko asmoa uste…