“Inor ez dago ikasteko prest; gazteek ez dute honetarako gogorik” »

Haurra zela hasi zen sare konpontzaileen inguruan ibiltzen Maritxu Aizpuru (Getaria, 1963), eta, bolada batez lanbidea aldatu bazuen ere, 1989tik horixe du ogibide. Besterik egin dezakeenik imajinatzea ere kosta egiten zaio, gainera. Gaur egun, sare k…

“Itsasoan luze egonda ezagutzen da pertsona, eta ez txikiteoan” »

Arrantzale familiakoa izanik, itsasoan lan egitea egokitu zitzaion Gregorio Kanpandegiri (Hondarribia, 1948), beste afizio batzuk bazituen ere. Lau hamarkadatik gora horretan aritu ondoren, 2006an hartu zuen erretiroa, eta gaur egun, ez du itsasoan lan egitearen faltarik sumatzen. Arbasoek itsasoarekin lotutako lanbideak izan badituzte ere, Kanpandegiren oinordekoek ez dute arrantzarekin zerikusia duen ezertan lan egiten, eta, hein batean, ulergarria iruditzen zaio.

Jatorriz dira arrantzale familiakoak: “Gure aita hala zen, aitona ere bai, birraitona…”. Hiru anaia eta bi arreba dira etxean; hura da zaharrena, eta, anaiek itsasoan lan egin ez badute ere, denak daude arrantzaren munduarekin lotuta: “Arrebetako batek Hondarribiko Arrantzale Kofradian lan egiten du, eta bestea, berriz, sare konpontzen-eta aritzen da. Gure ondorengoetako inork ez du jarraitzen, ordea; egia esan, normala ere bada, itsasokoa ez da lehorrekoa bezalako bizimodua”.

15 urterekin hasi zen aitarekin Santa Klara barkuan; gero, Pasaiako eskolara joan zen, 19 urterekin, eta patroi ikasketak egin zituen bi urtez. Ondoren, berriz aitaren barkura itzuli zen; eta 25 bat urte zituela, bi anaiekin batera, bigarren eskuko barku bat erosi zuten: “Bi anaiak izena zuen. Hiru anaiok eta Antton Blanco bazkidea 1985era arte ibili ginen barku horrekin, eta, ondoren, Marinel izeneko egurrezko barku bat egin genuen geure kasa, 22 metroko luzera zuena”.

Barkuko patroia izatea egokitu zitzaion Kanpandegiri, eta barku txikiekin ibili izan zirenez, amuarekin egiten zuten arrantza, baita arraste-arrantza esaten zaiona ere. “Atunetan ibiltzen ginen, eta hasi ginenean pentsatzen genuen Kantauri itsasoan bakarrik arrantzatuko genuela. Atunak, hiru bidaia-edo egiten ditu: iparralderantz, Irlandara; ipar-ekialderantz, AEBetara; edo Kantauri itsasora. Baina urteak pasatuta, gero eta atun gutxiago sartzen zen hona, eta hantxe ibili ginen Irlandaraino joanda”.

Ekain aldera-edo irteten ziren, eta Coruña ingurura joaten ziren, nahiz eta batzuetan beherago ere jaitsi behar izaten zuten. “Barku handiek beste funtzionamendu bat izaten dute, baina gurea ez zen handia, eta geure kasa ibiltzen ginen”. Arrantzatutakoa ez zuten Hondarribiko kaira ekartzen. “Arrantza bidaiak hamabost egun irauten badu, lehen egunean arrantzatutako atuna hamabigarren egunerako hasten da kalitatea galtzen”. Coruñatik hurbilen zegoen portura eramaten zuten. Han hustu, eta itsasora itzultzen ziren. “Gainera, Hondarribiraino etortzeak bidaiarako egun bat hartzea esan nahi du, eta denbora galtzen da horrela”. Beraz, hilabete eta erdi inguru egiten zuten irteten ziren aldiro etxetik kanpo, besterik ez zegoelako: “Bakoitzak daki bere lana nolakoa den, gurea atunaren eta berdelaren arloa zen, eta zegoenean jo eta ke aritu beharra izaten genuen”.

Itsasoan lan egitea gogorra izanda ere, “alde onak” ere badituela iruditzen zaio: “Esaterako, barkuan zurekin doana egiaz ezagutzeko aukera ematen dizu; itsasoan luze egonda ezagutzen da pertsona, eta ez txikiteoan. Hilabete eta erdi etxetik kanpora egiten baduzu, eguneko hogeita lau orduak hogei metro luze eta bost metro zabal den barkuan beste batzuekin pasatzen badituzu, han agertuko da guztia: bakoitzaren izaera, noiz dagoen baxu, noiz duen etxera itzultzeko gogoa…”. Hala ere, eurak “oso ongi” moldatzen ziren, eta arrantza egindakoan sentitzen zuten poza “izugarria” izaten zen. “Hori bai, eguraldi txarra egindakoan-eta ez da ederra izaten; gu saiatzen ginen kontuz ibiltzen. Izaten dira barkuak eguraldi txarrarekin ere arrantzan jarraitzen dutenak, baina guk ez genuen arrisku hori hartzen, ez dugu inoiz susto handirik eduki”.

Uztailean beteko dira bederatzi urte erretiroa hartu zuela, eta ez du itsasoko lanaren faltarik sumatzen: “Nire bi anaiek bai, baina nik ez. Hasi nintzenean ere banituen beste afizio batzuk: kuadrillakoekin kantatzea-eta gustatzen zitzaidan, eta besteen inbidia izaten nuen”. Lagun batek atunetara joateko proposamena eginez gero, denbora-pasa joatera animatuko litzateke, “baina lehen bezala ibiltzeko ez”. Hala ere, entretenituta egoteko aukera badauka. Izan ere, 2011n Hondarribiko Udalak Mariñel egurrezko azken arrantza ontzia erosi zuen, eta Benta Zaharrean, garai batean zegoen karroan jarri zuten ikusgai. Barkua Benta ingurura hurbiltzen diren guztiek ikusteko aukera dute, eta Kanpandegi bera arduratzen da haren mantentze lanak egiteaz.

“Turistek lasai egoteko tartea hartzen dute barkuan” »

Turistak Donostiako kaitik Santa Klara uhartera garraiatzeko zerbait egitea pentsatu zuen Julian Isturizek 1936ko gerraren ostean, eta 1943an jarri zuen martxan Motoras de la Isla enpresa. Uharteko joan-etorriak egiteko txartelak saltzen dituzten leih…

“Etxetik kanpo luze egoteak bizitza soziala gutxitzen dit” »

Modu “arraroan” iritsi zen Aitor Unanue Galtegitxo (Zestoa, 1985) barkuetako mekanikari izatera: “Ikasketetan ez nintzen ona, eta ez nekien zer ikasi batxilergoa amaitzean. Esan zidaten gauza asko ikasten zirela itsasoko mekaniko izateko ikasketetan, …

“Urpean ibiltzea bizio modukoa da; itsasoa beti izango dut gertu” »

Haurra zela, 7-8 urterako Getariako moilan ibiltzen zen Inaxio San Miguel (Getaria, 1967) uretara erortzen ziren atunak jasotzeko jauzi egiten. “Gure herrian beti egon da ohitura umetatik uretan ibiltzeko; udan, turistei txanponak uretara botatzeko-et…

“Gehien gustatzen zaidana egiten geratu nintzen itsu” »

 

Surfean “oso berandu” hasi bazen ere, Aitor Frantzesenak (Zarautz, 1970) 30 urtetik gora daramatza olatuak hartzearen zaletasunari lotuta. “Gure gurasoak ez ziren oraingoak bezalakoak. Gaur egun, gazteek hatz bat jasotzerako nahi dutena lortzen dute: surfeko taula bat, patinetea, edo 14 urterako munduan bidaiatzea…”. Seme-alabek nahi dutenerako gurasoek dirua inbertitzen dutela iruditzen zaio, oraingo gazteek dena eskura dutela: “Hegazkin bat, itsasontzi bat edo suziri bat gustatzen ote zaien galdetu, eta ‘ba, besterik gabe’ erantzuteko kapaz dira, gainera”.

Bere kasua ez zen horrelakoa izan; gauza bat edukitzeko asko saiatu beharra zeukan, eta garai hartan aberatsak zirenek soilik egiten omen zuten surfa. Horregatik, lehorrean hasi zen surfean, patineteekin. Horiek pixka bat merkeagoak ziren, baina patineteak ere eurek muntatutakoak izaten ziren. “Gero, taulak egiten-eta hasi ginen, surfa asko gustatzen zitzaigulako, edo surfa egiten zuen jendeari eskatzen genion taula”. 13 bat urterekin hasi zen surfean, eta, oraingo egoerarekin alderatzeko, alabaren adibidea jarri du: “2 urterako bere taula zuen, hortik kontuak atera”.

Bizitza osoa darama surfari lotuta. Hamasei bat urtez aritu zen entrenatzen, eta 23 urte inguru besteei erakusten. Gaiaren inguruko bi liburu ere idatzi ditu: Las olas contadas eta Querer es poder. Horrez gain, Aritz Aranburu, Axi Muniain, Eneko eta Kepa Acero eta beste hainbaten entrenatzailea izan da; gaur egun ez da bere lanbidea, baina laguntza eskaintzen die surflariei.

Surfa eta itsasoa bere bizitza dira: “Paseatzen arituta ere itsasoa entzuteak asko eragiten dit. Itsaso gogorra dagoela entzuten badut, urduri jartzen naiz, edo adrenalina igotzen zaidala sentitzen dut; bare badago, berriz, asko erlaxatzen nau, musika entzuten arituko banintz bezala”. Izan ere, 2012az geroztik, begiratuta ere ezin du itsasoa ikusi. Jaiotzatiko glaukoma baitu begietan: “Gaur egun horrekin jaioz gero kontrolatzea egongo litzateke, baina gure garaian ez. Ebakuntza mordoa egin zizkidaten, eta nire begiak oso kaltetuta daude”.

14 urterekin eskuineko begiko ikusmena galdu zuen, eta ezkerrekoa mantentzeko etengabe ebakuntzak egiten hasi zitzaizkion. Begiaren tentsioa kontrolpean zuenean, kornea hasi zitzaion huts egiten, eta oso ondo geratu ez zitzaizkion bi transplante egin zizkioten. “Hirugarrenaren zain nengoela, olatu batek jota begia lehertu zitzaidan, eta hala geratu nintzen itsu”. Baina bere ardurapeko kontua izan zenez, ez dio horrenbesteko tristurarik eragiten: “Neuri gehien gustatzen zaidana egiten ari nintzela gertatu zen, neure ardurapean, eta ez ebakuntza gela batean; horrek kontsolatzen nau”.

Itsu geratu izanaren ondorioz, beste era batera ikasi du itsasoaz eta surfaz gozatzen, itsasoak asko kendu badio ere gehiago eman diola sentitzen baitu: “Hutsetik berriz ikasi behar izan dut. Pixkanaka ikasten ari naiz; geroz eta hobeto sentitzen naiz, geroz eta olatu handiagoak hartzen ditut, eta jendeak ere ongi ikusten nau. Hori bai, caddy batzuk ditut, beti alboan joaten direnak niri laguntzeko”. Golfean laguntzaile lanetan aritzen direnak izaten dira caddy-ak, eta Frantzesenak halaxe deitzen die bere laguntzaileei.

Olatuak hartzeko modua aldatzeaz gain, surflariei irakasteko metodo propioa ere garatu behar izan du: “Surflariei euren entrenatzaile izaten erakusten diet”. Entrenatzaile batek hainbat arlo izan behar ditu kontuan: fisikoa, teknikoa, psikologikoa, janariarena… “Surf saioak grabatu, eta gero fotogramaz fotograma aztertzen ditugu, une bakoitzean zer egin beharko luketen ikusteko. Izan ere, surfean segundo bakoitzean egin beharrekoa eginez gero, dena perfektu geratzen da gero”.