Hegazti bahituaren bila

'Zazpikoloroa'

Eibar

Iragan hilean estreinaturiko Zazpikoloroa ikuskizun berria eskainiko dute, bihar eta etzi, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Eibarko Unibertsitateko antzokian. Egunean bi emanaldi egingo dituzte. Bihar, 16:30ean eta 19:00etan. Etzi, berriz, ordu erdi lehenago: 16:00etan eta 18:30ean.

Emanaldian, mundua koloreztatuko duen hegazti bat jaioko da biharamun goizean, baina Belekoi Andereak haren arrautza bahituko du. Hain justu, pailazoek arrautza berreskuratzen lagundu beharko dute. Igor Elortza bertsolariak osatu du ikuskizunaren haria.

Ikuskizunarekin batera, 19 kantuz eta beste horrenbeste ipuinez osaturiko lana ere aurkeztu berri dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Diskoko abesti gehienei Xabier Zabalak jarri die musika, baina, ohi bezala, kantuen hitzak eta doinuak osatzeko orduan, hainbat egile eta elkarteren laguntza izan dute. Hain justu, "mundua koloretsuagoa izan dadin hainbat arlotan lanean aritzen diren taldeak, elkarteak eta lagunak" ezagutarazi eta omendu nahi izan dituzte Zazpikoloroa lanaren bidez.