Krisi ekonomikoa, osasun arloari ebakuntza egiten

Ikuspuntu kapitalista batetik, ospitaleak izatez dira defizitarioak; ez dute etekin ekonomikorik sortzen, zerbitzua baizik. Eta erabiltzaileek kuota garestiak ordaindu ezean, euren burua finantzatu ezin dutelako dute behar-beharrezko finantzabide publikoa. Krisiak, ordea, murrizketak ekarri ditu arlo gehientsuenetara, eta osasun arloa ere ez da libratu: hainbat sindikatu eta alderdi politiko kexu dira, osasun zerbitzu publikoak bultzatu ordez, haiek pribatizatzeko urratsak egiten ari delako administrazioa.

Halako murrizketek hainbat forma hartu dituzte oraingoz Gipuzkoan. Aralar eta Bildu "kezkatuta" daude, Eibarren egin nahi duten ospitale berrian inbertitzaile pribatuen partaidetza aztertzen ari direlako; EAJk salatu izan du Debagoieneko ospitale berrian Osakidetzak hitz emandakoa baino zerbitzu gutxiago eskainiko dituela; eta Tolosaldean osasun publikoaren aldeko plataforma bat sortu dute, anbulatorioko espezialitateak ez ditzaten klinika pribatu batera bideratu.

ELAko Osakidetzako arduradun Jone Olariagaren ustez, sektore publiko osoari egiten diote "eraso" neurri horiek: "Desprestigio sozialeko prozedura bat da. Gastu publikoa jaisten ari dira, eta errentagarritasuna eman dezaketen sektoreak pribatizatzen".

Olariagaren arabera, jasotako zerbitzu bakoitzarengatik ordaintzea eskatzen duen eredu bat da administrazioak bilatzen duena. Enpresek etekin ekonomikoa dute helburu, eta, horretarako, beharrezkoa da gastuak ahal beste gutxitzea. Horretarako bide bat izan daiteke zerbitzuak gutxienera murriztea. "Ondorioak jada nabari ditugu: itxarote zerrendak gero eta luzeagoak dira; espezialitateak zentro pribatuetara eramaten ari dira; zentro batzuetan medikuak falta dira; beste batzuk udan itxi egiten dituzte... Hori jada badago". Osasun arloko langileen baldintzetan ere eragingo duela adierazi du: "Egoera oso larria da. Sentsibilizazio kanpaina bati ekin behar diogu, ez bakarrik langileen artean; herritar guztiek jabetu behar dute gertatzen ari denaz".

Inbertitzaile pribatuak

Euskal Herrian oraindik ez da gertatu inbertitzaile pribatuek ospitale baten eraikuntzan eta kudeaketan esku hartzea, baina bai Herrialde Katalanetan. Valentziako Alzira herriko ospitalean egin zuten lehen esperimentua, 1999an; aseguru, medikuntza, higiezin eta eraikuntza arloko lau enpresen esku utzi zuen gobernuak ospitalearen eraikuntza eta kudeaketa.

Lausoa da Eibarren egin nahi duten ospitale berriaren inguruko informazioa. Guztira, 35 milioi euroko aurrekontua dauka; Osakidetzatik adierazi dutenez, Eusko Jaurlaritza "aztertzen ari den aukera bat" da finantzaketaren zati bat enpresa pribatuek egitea.

Aralarrek eta Bilduk hedabideen bidez izan zuten asmo horren berri, azaro erdialdean. Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak azaroaren 23an eskatu zizkion horren inguruko azalpenak Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumo sailburuari.

Maezturentzat, oinarrizko zerbitzuek publiko izaten jarraitu behar dute: "Publikotasuna mantendu behar da; ez soilik kudeaketan, eraikuntzan ere bai". Oraindik ez daki zer esan nahiko lukeen enpresek esku hartzeak, baina zalantza ugari ditu horren inguruan: "Inbertitzaile pribatu batek ez du dirua sartuko besterik gabe; etekinagatik egiten du. Nondik ordainduko zaio? Zer esan nahiko luke horrek osasun zerbitzuaren aldetik?".

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden ospitale publiko guztiak "%100 diru publikoarekin" finantzatu dituztela argitu du: "Hori da filosofia: zerbitzu publikoak diru publikoz ordaindu behar dira". Horrek segurtasuna ere ematen du: "Diru publikoan tranpak badaude, baina obrak eta esleipenak egiterako orduan, kontrola askoz publikoagoa da. Esku pribatuak sartzen badira tartean, zalantzagarriagoa da".

Krisiagatik zerbitzuak murriztea "lehentasun kontua" dela uste du: "Dirudienez, badago diru publikoa garraio arloko hainbat azpiegitura ordaintzeko, baina oinarrizkoak diren gizarte zerbitzuetan zalantzak daude, eta murrizketekin hasten gara".

Ohe gutxiago

Arrasaten, amaitzear dira Debagoieneko ospitale berriko lanak; eraikin handi eta koloretsua egin dute, eta datorren urte hasierarako erabiltzeko moduan egotea da asmoa. Lau solairutan, hainbat espezialitatetarako lekua izango du: sei ebakuntza gela, endokrinologia eta urologiako ebakuntzak egiteko zerbitzua eta erditze naturalak egiteko unitatea egin dituzte, besteak beste. 29 milioi euroko aurrekontua bideratu dute eraikuntzara, eta hornikuntzara, beste lau milioikoa.

EAJk salatu duenez, ordea, hitz emandakoa baino zerbitzu gutxiago izango ditu ospitaleak. Hasierako proiektuan 120 ohe jartzeko asmoa zegoen, baina azkenean 76 baino ez dira egongo. "Kolpetik, %33 gutxiago", azaldu du alderdi jeltzaleak. Irail amaieran legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, Osasun Sailak proiektua "hasieran aurreikusita zegoen bezala" bukatu zezan eskatzeko. EAJren arabera, ospitaleak berez eduki behar zuen eremu semikritikoa ere bertan behera gelditu da, eta zenbait espezialitate "ez daude ziurtatuta".

Proposamenean dioenez, Debagoieneko herritarrek behar dute "garai berrietara egokitutako eta eskualdeari lehen mailako osasun zerbitzua emango dion ospitalea", bestela, Gasteizera edo Donostiara joan behar izaten dutelako. "Ezin dira onartu murrizketak, eta are gutxiago proiektua aurretik onartua, publikoki aurkeztua eta alde guztiei jakinarazia izan denean", salatu du EAJk.

PSE-EEk eta PPk proposamenaren aurka bozkatu dute; horren ondotik, Osasun Sailaren aurka mintzatu da Kerman Orbegozo EAJko legebiltzarkidea: aldaketak "ospitalea inauguratzeko bezperan" eta "inorekin adostu gabe" egitea egotzi dio.

Maeztu ere neurri horien aurka dago: "Esaten dute beharrak berraztertu dituztela, eta ez direla hainbeste ohe behar; hori ez du inork sinesten. Gertatzen dena da aurreztu dezaketela, eta hortik murrizten dutela, ez beste leku batetik".

Klinika pribatuetara

Osakidetzako lurralde antolaketan, Tolosaldea da Gipuzkoa osoan bailarako ospitalerik ez daukan eskualde bakarra. Orain arte, espezialitate batzuk Tolosako anbulatorioan zeuden; beste batzuetarako, Asuncion klinika kontzertatura bideratzen zituzten eriak; eta kirurgia konplexuetarako Donostia Ospitalera jo behar zuten. Apurka, ordea, espezialitate guztiak Asuncionera aldatzen ari dira; hitzartutakoaren arabera, Osakidetzak diru kopuru bat ordaintzen dio Asuncioni herritar bakoitzeko.

Pribatizazio hori salatzen dihardu TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak. Mari Mujika plataforma horretako kidea eta LAB sindikatuko ordezkaria da; hark azaldu duenez, Tolosaldeko osasun arloan "pribatizazioa jada egin da", azaroaren 14an sinatu baitzuten espezialitateak Asuncionera eramateko hitzarmena, oraindik guztiz gauzatu ez duten arren. Mujikaren iritziz, "erabaki politikoa" izan da: "Badaude bi zentroetan ematen diren zerbitzu batzuk. Baina, osasun publikoaren aldeko apustua egin beharrean, pribatizazioa sustatzen dute".

Otsailetik 17.000 sinadura bildu dituzte eskualdean; Andoain eta Legorreta ere sartu dituzte, Osakidetzako lurralde antolaketaren arabera Tolosaldeko zerbitzuak jasotzen baitituzte. "65.000 herritarrengan du eragina", esan du Mujikak. Dena den, plataformaren aldarrikapenak "beste fase batera" igaro direla azaldu du: "Asuncion klinika Osakidetzako sare publikoan sartzea da gure helburua, kosta ahala kosta".

Klinika horrek 300 langile ditu orain; publiko bihurtuko balitz, nabarmen hobetuko lirateke haien baldintzak, eta postu gehiago sortuko lirateke. Mujikaren iritziz, horrek anbulatoriotik atera beharko duten espezialistei ere egingo lieke mesede: "Hitzarmenak dio aukeratu behar dutela Asuncionen edo Donostian kokatzea nahi duten. Automatikoki desagertuko dira anbulatoriotik, eta lan baldintzak oso desberdinak dira".

Mujikak azaldu duenez, klinika "kiebra batetik dator". Asuncionek lau milioi euroko zorra du Gizarte Segurantzarekin eta Foru Ogasunarekin: "Hain ona bada kudeaketa pribatua, nola da hori posible? Hogei urtean ez bada gai izan zorra gutxitzeko, aurrera begira ere ez da gertatuko, eta gure kalterako izango da".