Legealdia bukatu aurretik zerbitzu guztiak euskaraz eman nahi ditu foru aldundiak

2015erako zerbitzu “guzti-guztiak” euskaraz eskaintzeko ari da lanean Gipuzkoako Foru Aldundia. Martin Garitano ahaldun nagusiak asmoa agertu du euskara lehentasunezko hizkuntza izan dadin erakundearen barruko zein kanpoko jarduera guztietan. Garitanok erantsi du legeek eman behar dutela bermea euskaraz bizi ahal izateko, eta borondatea adierazi du horretarako behar diren aldaketak egiteko. Gainera, ziurtatu du “herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea” izango dela aldundiaren hizkuntza politikaren oinarria.

Bikain ziurtagiria jaso berri du foru aldundiak. Azaroaren 30ean jaso zuen, Bilbon, euskaraz lan egiteagatik ematen duten sari hori; halakorik jaso duen tamaina horretako lehen erakunde publikoa da Gipuzkoako Diputazioa. Irailean eta urrian azterketa bat egin zuten Bikain ziurtagiriaren arduradunek, aldundiak euskaraz lan egiteko duen ahalmena neurtzeko: 1.824 langileren eta 55 lantokitako jarduera aztertu zuten; zuzenean, 133 arduradun eta langile elkarrizketatu zituzten, eta hamabi lantokitan egon ziren. Ebaluazio horren ondorioz etorri zen Bikain ziurtagiriaren saria.

Zigor Etxeburua Diputazioko Euskara zuzendariak nabarmendu du zer-nolako balioa duen kanpoko erakunde batek aldundiaren jarduera aztertzeak. Aurrerantzean, lan egiteko eta hobetzeko tresna gisa ere balioko duela uste du, gainera. Zehazki, azterketak esaten du azken urteetan “lan handia” egin dela arduradun politikoekin eta teknikariekin.

Garitanok nabarmendu du, hala ere, badagoela zer hobetua; izan ere, bulego eta zerbitzu guztietan “indar berarekin” ezarri nahi ditu euskararen erabilera indartzeko neurriak. “Bada garaia egia bihurtzeko euskaldunok euskaraz bizi ahal izateko behar dugun aldaketa pertsonal, sozial eta politikoa”, adierazi du Garitanok. Era berean, zehaztu du aldundiak “lidergoa” erakutsi behar duela zeregin horretan, proposamenak eginez eta “praktika eraginkorrak” abiatuz.