Leon eta Kastillo uholdeetan

Hilabete pasatu da uholdeak gertatu zirenetik, baina Leonek eta Kastillok jarraitzen dute triskantza haiek mintzagai izaten. Bada bien arteko eztabaida behin eta berriro pizten duen gai bat: Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek izan zuen portaera.

Leonek argi eta garbi ikusten du kontua. Oposizioko alderdiak, batez ere PSOE eta PNV, ezbeharrean arrantza egiten saiatu ziren, baina uraren indarrak haiek ere aurretik eraman zituen, eta, azkenean, trantzetik arrainik gabe eta bustialdi galanta hartuta atera ziren. Eta horrela atera ziren, batetik, urtetan izan duten erantzukizuna ezin izan zutelako inolaz ere saihestu eta, bestetik, eta batez ere, Bilduko alkate Izagirrek primeran jokatu zuelako, hasiera-hasieratik auzokoen aurrean aurpegia emanez; bikain emanez, gainera, portaera hark zituen arriskuak lehen unetik beretik agerian geratu ziren arren. Leonek ez du duda egiten: Izagirre nabarmen indartuta atera zen. Uholdeak izan arte, haren ondare politikoa, funtsean, borondate ona zen, eta, horrekin batera, sinpatia, hurbiltasuna, naturaltasuna eta nahi den guztia, baina, esan bezala, funtsean, borondate ona baino ez. Uholdeak izan ondoren, berriz, borondate oneko bezain tenple oneko gizona ere izan daitekeela argi eta garbi ikusi dute herritarrek.

Kastillok ez du ukatzen Leonek arrazoi izan dezakeenik, baina badu kezka bat. Borondate ona ezinbestekoa den bezala, gehiegizko borondate ona —boluntarismoa, alegia—, arriskutsu baino arriskutsuagoa izan daitekeela uste du. Eta duda egiten du, Izagirrek ez ote duen gehiegizko borondate onarekin jokatu. Izan ere, uholdeetan kaltetutako herritarren aurrean aurpegia eman duen moduan eman izanaren ondorioz, arazoa konpontzeko promesa guztien bermatzaile bihurtu da. Baina, alde batetik, arazoa ez dago (erabat) konpontzerik, aurrerantzean ere urak tarteka bere bidea nahitaez egingo duelako, eta, bestetik, har daitezkeen neurri leungarri gehientsuenak ez daudelako udalaren esku, Estatuko Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren esku baizik. Alkateak behin baino gehiagotan aitortu du udalak ez duela eskumenik, eta ahalegindu eta saiatu aditzak sarri baino sarriago jokatu ditu. Alferrik, ordea. Martuteneko eta Txomin Eneko auzokoen aurrean erreferentziazko erantzule bihurtu da; erantzule bakarra, askorentzat. Laburbilduz: Izagirrek izan duen portaerak etorkizunean faktura pasa diezaioke, baita uholdeen kontrako neurriak aurrera eramaten borondaterik onenarekin jokatzen badu ere.

Leon eta Kastillo elkarri bizkarra emanda bizi diren arren, txanpon bereko aldeak dira. Orain txanpona airean da, bueltaka, baina denbora kontua baino ez da jakitea zeinek duen arrazoi, Leonek edo Kastillok; edo, behintzat, bakoitzak zein arrazoi zati duen. Izan ere, grabitatearen indarrak erakarrita, txanpona lurrera eroriko da, ezinbestez; Urumeako urek, horiek ere ezinbestez, dagokien lekua berriz ere hartuko duten bezalaxe.