“Memoria historikoa errespetatzea ezinbestekoa da askatasunez bizitzeko”

Gerrako garrak Oñatin liburuaren bost egileetako bat da Nekane Arrazola (Oñati, 1959). Jerardo Elortza, Beatriz Gomendio, Juan Ramon Garai eta Idoia Etxeberriarekin osatu du Gogoratu Guran taldea. 1936ko gerrak Oñatin utzi zuen arrastoa argitara ateratzea izan da taldearen helburua; horretarako kaleratu dituzte liburua eta DVD bat, herriko 31 emakume eta 31 gizon elkarrizketatuta, eta hainbat artxibo arakatuta. Azken urteetan Intxorta 1937 elkartea Debagoienean egiten ari den lanaren azken emaitza da Gerrako garrak Oñatin; lehendik kaleratuak ditu Arrasateko eta Elgetako gerra garaiko kontuak, eta Bergarakoarekin hastekotan da orain. Beti bada zer ikertu gehiago, baina bukaera bat eman behar eta lana “nahiko borobila” gelditu dela uste du Arrazolak.

Gerraren aurrekariak, ondorioak, gerra ostea, atzeguardiako kontuak… Osoa da liburuaren mamia.

Bai, ahalegindu gara hasieran herrian bizi zen giroa erakusten. Derrepentean gerrarekin hasi barik, ikusteko garai horrek zer aldaketa ekarri zuen herrian. Eta gerokoa ere, noski, oso garrantzitsua da. Gerrari buruz-eta hitz egiten da, aipatzen dira batailak, taldeak eta hori. Baina gu ahalegindu gara zabaltzen, herrian bizi zen jendeari zer gertatu zitzaion azaltzen. Gerra bakarrik ez, herrian gelditzen direnek ere asko sufritzen dute, eta hori erakustea izan da gure intentzioa.

Eta zer gertatu zitzaion garai hartan herrian bizi zen jendeari?

Lehenengo, beldur izugarria. Gero, gosea —baserrietan ez horrenbeste, baina kaleko jendeak…—. Eta isunak. Eta gauzak kendu, euren begi aurrean. Hainbat kontu…

Eta irentsi egin behar…

…hori dena; eta isilik aguantatu behar, ezin kexatu, dena gorde behar. Oraindik ere, jende askorekin hitz egin dugu, eta batzuek oraindik beldurra zuten. Ez zituzten gauzak argi eta garbi esan nahi. Batzuk berotu egiten ziren esateko orduan, eta handik egun batzuetara: “Zer esan dut?”; “hau ez ipini”, “ea nola ipintzen duzuen”… Oraindik. Hainbeste urte eta gero horrela bada, orduan izango zen izugarria.

Aurkitu duzue espero edo ezagutzen ez zenuten konturik?

Neuk ere, hau egiten ikasi eta ezagutu ditut kontu asko. Nik pentsatzen nuen beste era batekoa izango zela Oñati: kontserbadoreagoa, jende lasaiagoa… Baina konturatu naiz Oñatin jende asko ibili zela inplikatuta, eta asko sufritu zutela.

Errepresioa, handia izan zen?

Bai, izugarria. Fusilatuak eta… Beste herrietan ere asko izan ziren, eta gerran hildakoak. Baina hemen isun ekonomikoak asko izan ziren, konfiskatzeak… Herrian hain borroka gutxi egoteko, gero jasotako errepresioa izugarria izan zen. Irailaren 21ean herria hartuta zeukaten. Baina gero izan zen kontrol bat! Egin zituzten zerrendak, ibili ziren etxez-etxe, zein zeuden joanda ikusteko… Eta kontrol horren ondorio izan ziren isunak eta.

Ihes ere jende askok egingo zuen…

Batzuk borrokara, beste batzuk ihesi. Gutxi gorabehera, 600 gizon joan ziren herritik kanpora, eta 120 emakume. 6.700 biztanle zituen Oñatik orduan.

Liburuan arreta berezia eman diezue emakumeei.

Bai. Gerra aurretik, sindikatuetan, alderdi politikoetan, elkarteetan, nola hartzen zuten parte azaldu dugu, eta nolako aldaketak izan ziren: kalean, nola bizi ziren… Eta aurkitu ditugu eredu batzuk; ez ziren edozein emakume, parte hartzen zuten herriko elkarte politikoetan eta. Kontzientzia hori bazegoenez, gero parte hartu zuten gerran, ahal zuten edo utzi zitzaien neurrian.

Historia gorde baten barruan gordetako beste historia bat izan da emakumeena gerran…

Bai, eta hori ere nahi izan dugu astindu. Ni hasi nintzen emakumeen lanarekin. Eta, adibidez, polita izan da topatzea emakume bat, Kontxita Atxa, ibili zena Elorrion eta junta militarrarekin, egon zena sukaldari… Izan da polita topatzea datu horiek.

Francoren aldeko eta erreketeekin ibilitakoen kontuak ere jaso dituzue.

Bai, gerran denek hartu zuten parte. Gehiago sakondu dugu errepublikaren aldekoan, baina pentsatzen genuen —Oñatin egon zen bezala egonda erreketeen Oñati konpainia— merezi zuela ateratzea, erakutsi egin behar zela. Eta gero, mutil asko eta asko, kintak deituta, derrigortuta joan ziren. Preso hartu eta gero erreketeen batailoietan integratzen zituzten mutil batzuk, eta hor dago talde bastante handia Oñatikoa. Nahi izan dugu talde hori bereizi.

Elkarrizketatuek zer moduzko harrera egin dizuete?

Konfiantza hartu arte, pixka bat tanteatuz. Gero, konfiantza hartutakoan, hasten dira esaten gertatutakoak. Batek esaten zigun: “Badakizue? Ari zarete egiten bi lan: historia argitzen, eta lan psikologikoa. Ez dakizue nolako lasaitasuna hartzen dugun”. Baten batzuek esan digute: “Baneukan gogoa hau dena esateko”. Baina, bestalde, beldurra dago, oraindik. Kasu batean, emakume bat zen, nagusia, burua zeukan oso ondo. Ihesi joan zen eta erbestean ibili zen, beste emakume batzuekin. Joan zen Frantzia aldera. Dena kontatu zuen, puntuz puntu; falta zitzaion esatea zer jan zuten egunero. Baina, gero, hemen gertatutakoaz, ez zuen kontatu ezertxo ere. Ez zuen nahi.

Oraindik zauriak sendatu gabe dauden seinale da hori…

Hori nahi izan da: denbora pasatzen utzi, eta testigu zuzenak joan dira hiltzen; isildu da, ahaztu da. Hori da baten batzuek nahi izan dutena, eta ia lortu dutena.

Zer balio du zuek egindako lanak?

Memoria historikoa errespetatzea ezinbestekoa da gero askatasunez bizitzeko eta zauriak ixteko, eta aurrera egin eta etorkizuna sendotzeko. Derrigorrezkoa da hau dena argitzea; ikusi dugu jende askok sufrimendua zeukala, isiltasunean zegoelako. Ez dakit gazteak zenbat animatuko diren honelako kontuak ezagutzera, baina obligazioa daukagu transmititzeko zer gertatu zen.