Osasun etxe gehiago eskatu ditu EAJk Donostian

EAJren udal taldeak osasun etxe gehiago egiteko baldintzak jartzeko eskatu dio Donostiako Udalari; hain justu, Parte Zaharrean eta Aieten ikusten dute zentroak egiteko beharra. Aitziber San Roman zinegotziak azaldu duenez, Parte Zaharreko oraingo anbulatorioak “gabezia handiak” ditu, eta ez da nahikoa 14.000 pertsonari zerbitzua emateko. Horregatik, osasun zerbitzuak Lasala plazako udal eraikin batean ere ematea proposatu du. Aieten ere zentro baten beharra ikusten du EAJk, eta horretarako, Osakidetzari lur sail bat emateko eskatu dio udalari. San Romanek gogorarazi du Aieten bizi diren 10.000 herritarrek Antiguara eta Amarara joan behar dutela artatuak izateko.