Joxemartin Apalategiren ekarpenak batu, aztertu eta liburuan bildu dituzte

Joxemartin Apalategi Begiristain antropologoaren (Ataun, 1949 - Bilbo, 2006) lana hizpide hartuta, 2007ko otsailean Donostian egin zituzten jardunaldietan esandakoak, Joxemartin Apalategi Begiristainen oroimenez liburuan bildu ditu Eusko Ikaskuntzak.

Orain ia bost urte egindako omenaldi saioan egindako hitzaldietan, Eusko Ikaskuntzako kideek eta Apalategiren ikasle izandakoek esandakoak dira liburuan jaso dituztenak, haren lan antropologikoen eta irakaskuntza alorrean egindako lanen hausnarketa gisa. Nekazaritza eremuei buruz egindako ikerketak, hizkuntza, irakasle gisa erakutsitakoak nahiz etnografia alorrean egindako ikerketak eta ekarpenak irakur daitezke, beraz, liburuan.

Omenaldi saio haren ondoren, hainbat lagunek eta senidek egindako ekarpenak ere bildu dituzte liburua osatzeko, baita Joxemartin Apalategi Begiristainen bibliografia osoa ere. Liburuko materiala, Eusko Ikaskuntzaren webgunean (www.eusko-ikaskuntza.org) jarriko dute, eta nahi duenak bertan izango du ekarpenak irakurtzeko aukera. Paperean, ale bakar batzuk besterik ez dituzte argitaratu, besteak beste, Ataungo udaletxean, liburutegian eta Eusko Ikaskuntzako egoitzan gordetzeko.

Apalategiren lana biltzen duen argitalpena Ataunen aurkeztu zuten joan den larunbatean. Aurkezpenean izan ziren Eusko Ikaskuntzako kideak eta ataundarraren ikasle ohiak eta senideak. Eusko Ikaskuntzako Inmaculada Sanchezek azaldu zuenez, antropologoak gehien landu zituen gaien inguruan osatu dute liburua: "Ahozko herri produkzioa, landa lana, hizkuntza, irakasle gisa betetako zeregina..."

Hala, bost atal nagusi bereizi dituzte: Joxemartin Apalategi Begiristain pertsona, antropologo eta irakasle gisa; Ahozkotasuna eta bertsolaritza; Etnografia, presentzia parte hartzaile gisa; Begirada antropologikoak eta proiektuak; eta Etnologia eta Etnografia. Liburuari amaiera emateko, Apalategik egindako lan guztiak zerrendatuta biltzen dituen bibliografia erantsi dute. Testuak Eusko Ikaskuntzako kideek, ikasle ohiek eta senideek egindakoak dira. Eusko Ikaskuntzako Rosa Garcia Orellana, Aitzpea Leizaola eta Inmaculada Sanchez arduratu dira testuak biltzeaz eta antolatzeaz.

Irakasle lana, ikasleen ahotik

IƱaki Olaizola antropologoa izan zen Apalategiren azken ikasleetako bat. Irakasle gisa hark erakutsitakoak kontatu zituen liburuaren aurkezpenean, eta Apalategik "euskara eta Euskal Herria noraino maite zituen" azaldu.

Antropologia hitza baino pertsonalogia nahiago zuela ere azaldu zuen, "pertsona hitzaren esanahia erabat muturrera eramanez". XXI. mendea gerra mendea izango zela ere esaten omen zien Apalategik, "eta mende honetan inoiz baino okerrago biziko ginela". Garai txarrak etorriko zirela esaten zienean, dirua gordetzeko aholkua eman zien Apalategik ikasleei, ondoren diru hori "munduko beste kultura batzuk ezagutzeko erabiltzeko".

Kulturen arteko azterketan, "ikerlari multidiziplinarioak" izateko ere esaten zien ikasleei: "Gizartea eta kultura, antropologiari garrantzia emanez aztertzeko esaten zigun beti, eta, hala, antropologiari errekonozimendua ematen zion", azaldu zuen Olaizolak. Bitxikeriaz beteriko zerrenda luzea kontatuz ezagutarazi zuen Apalategi irakaslea.