“Sahararrekin batera jarraituko diogu borrokaren bideari”

Aretxabaletan 2006an Sahararen aldeko Iesbaa elkartea sortu zenetik, hango lehendakaria izan da Olaia Sagredo (Arrasate, 1974). 2004an Arrasateko Nubi elkartea sortu zenetik, berriz, hango burua izan da Agurne Juldain (Arrasate, 1979). Gehiegizko lanak eta baliabide faltak, ordea, bi elkarte horien jarduna behin betiko bertan behera uztera bultzatu ditu. Hala ere, argi dute Mendebaldeko Sahararen aldeko lanean jarraituko dutela, beste modu batean bada ere.

Urteetako lanaren ondoren, bidearen amaierara heldu zarete. Zer sentitzen duzue?

Agurne juldain. Sentipen gazi-gozoa daukat: gazia, bertan behera uzteko arrazoia giza baliabide falta delako, eta Saharan, zoritxarrez, oraindik ere gatazka hor dagoelako; gozoa, berriz, egin ahal izan dudan guztia egin dudalako.

Olaia sagredo. Bat nator Agurnerekin. Dena den, elkarteak desagertu arren, biok bat egiten dugu oraindik gatazka horrekin, eta, beste modu batean bada ere, sahararrekin batera jarraituko diogu borrokaren bideari.

Zerk eraman zaituzte erabaki hori hartzera?

A.J. Lan guztia norberak bakarrik egitea oso zaila da. Lana handituz joan da urteak aurrera joan diren heinean, eta giza baliabideek, berriz, behera egin dute; horrela ezinezkoa da lan txukun bat egitea.

O.S.Gauzak gaizki egitea baino hobe da ez egitea. Ezin dugu lan guztia bakarrik egin. Kontuan eduki behar da elkarteaz gain gure lana eta ikasketak ditugula, eta, zenbait urte igarota berdin jarraitzea, alegia, biok bakarrik jarraitzea, gehiegi da.

Egoera jakin baterako hartu duzue erabakia ala behin betiko desagertuko zarete?

A.J. Oraingoz, behin betiko erabakia da; betiere elkarteko konpromisoaz ari bagara. Saharako herriaren alde lanean jarraituko dut ekintzetan parte hartuz eta ahal dudan neurrian Gerra eta Minen Biktima Zentroan lagunduz.

O.S. Elkartearen lana behin betiko eten dut. Baina nik lanean segituko dut Afapredesarekin batera [Saharako Preso eta Desagertuen Familiakoen Elkartea]. Eta, Agurnek esan bezala, ekintzak antolatzen badira, horietan parte hartuko dut, ahal dudan neurrian lagunduz.

Bi elkarteak ez zineten aldi berean sortu, baina batera hartu duzue desagertzeko erabakia. Zer dela eta?

A.J. Bakoitzak bere elkarteko ardura izanik ere, zenbait urtez elkarri lagundu diogu, bakarrik geundelako eta gertu geundelako. Pozak eta tristurak elkarrekin bizi izan ditugunez, azken erabakia ere elkarrekin hartu dugu.

Zer iruditzen zaizue egindako lana?

A.J. Lana ondo egin dela uste dut, fede onez eta ahal izan dudan hobekien egin dudalako. Zenbaitetan, ziur gaizki egin ditudala gauza batzuk, baina iruditzen zait balorazio ona egin behar dela fede onez egindako lanaz.

O.S. Herritarren artean egindako lanaz harro nago: jendeak badaki zein den sahararren egoera, bai Tindufeko errefuxiatu kanpamentuan, bai Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan. Uste dut sentsibilizazio lan ona egin dugula. Jendea, eskolak, udala… Denen laguntza jaso dugu hainbat modu eta proiektutan. Pena da jendeak gehiago parte hartu ez izana elkartea desager ez zedin, baina horrela da.

Giza baliabideen falta aipatu duzue. Gero eta jende gutxiago dago halako ekintzetan boluntario gisara jarduteko? Zergatik?

A.J. Nubin, behintzat, bai. Elkartea jaio zenean, zazpi pertsona inguru geunden; poliki-poliki, jendea ardurak utziz joan zen, eta ez da animatu pertsona gehiagorik. Arrazoiak? Nork daki!

O.S. Iesbaan badaukagu laguntza, baina ekitaldi batzuk egiteko bakarrik, ez elkartearen eguneroko lana egiteko. Azkenean, zerbait antolatzeko orduan zama handia zen telefonoa hartu eta jendeari banan-banan deitu beharra.

Ikuspegi ekonomikoari dagokionez, zer-nolako babesa izan duzue?

A.J. Nubik hiru herritan egin du lana: Arrasaten, Eskoriatzan eta Oñatin. Erakunde publiko eta pribatuen laguntza jaso du elkarteak, baita laguntza anonimoak ere. Inor ahazten badut ere, hobe izenik ez ematea, baina bai, eskerrak eman nahi dizkiet Nubiren lanean sinistu dutenei.

O.S. Iesbaak Aretxabaletako Udalari eskertu behar dio jasotako laguntza ekonomikoa, gure lanean sinistu eta lagundu egin baitigute. Udalak ez ezik, beste hainbat erakunde publikok ere diru laguntzak eman dizkigute; enpresa pribatuek ere lagundu digute, eta laguntza anonimoak ere jaso ditugu. Eta ez gutxi.

Nola hartu dute gainerako elkarteek zuen lana bertan behera uzteko erabakia? Eta herritarrek?

A.J. Ez dut iritzi askorik jaso, baina, jasotakoen artean, harridura izan da ohikoena.

O.S. Ingurukoek esan didate denbora gehiegi pasatu dudala elkarteko lana bertan behera uzteko erabakia hartzen. Estresatuta ikusten ninduten, ikusten zuten dena hartzen nuela nire bizkar gainean; hala ere, pena ere eman die, badakitelako zer garrantzitsua den niretzat Iesbaa.

Nubi eta Iesbaa desagertuta, nola geratzen da eskualdean Saharako herriaren aldeko lana ?

A.J. Elkarteak sortu baino lehen ere bazegoen Sahararekiko elkartasuna, eta orain bide horietara itzuli beharko gara. Denborarekin ikusiko da.

Saharako herriaren gatazkak bere horretan jarraitzen du, ordea.

A.J. Mendebaldeko Sahara zapalduta dago oraindik. Giza eskubideak bortxatzen dira han etengabe. Eta ardura nagusia berea den arren, Espainiako Gobernuak beste alde batera begiratzen du oraindik: ia 40 urte daramatza Saharako herriaren ardura eta erantzukizuna bere gain hartu gabe. Gobernuari berdin zaio sahararrak hiltzen eta desagertzen ari badira ere.