Udal kaltetuek gizartera atera nahi dute autobide elektrikoaren eztabaida

Autobide elektrikoaren eztabaida instituzioetatik kalera atera nahi dute udalek. Horretarako, bihar, 400 hautetsi inguru elkartuko dira Iruñean: orain arte egin dutena azaltzeko, eta fase baten amaiera irudikatzeko. Goi tentsioko linea berriaren aurkako ibilbide horretan, lekukoa herritarrei eta eragileei pasatu nahi diete.

120 kilometroko azpiegitura erraldoi horrek Gipuzkoako 48 herriri eragiten die, eta Nafarroako 100 ingururi. Udal kaltetuek proiektuaren aurkako mozioak onartzen jarraitzen dute, eta jadanik, ehundik gora agertu dira autobide elektrikoaren aurka.

2011ko abuztuaren hasieran, Gipuzkoako herri kaltetuek, Espainiako Ingurumen Ministerioaren eskutitza jaso zuten. REE Red Electrica de España SAk, Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso artean, goi tentsioko 120 kilometroko linea eraiki nahi zuela azaltzen zen bertan. Dokumentuen artean, 400 kilowatteko linearen hasierako proiektua aurkitzen zen: Ingurumenaren Gaineko Inpaktuaren Ebaluazioa. Udalek 30 egun zituzten iradokizunak sartzeko. Abuztua izaki, eta oporrak tarteko, udal kaltetuek luzapena eskatu zuten, eta ministerioak 15 eguneko luzapena eman zien.

Irailaren 15ean, Deikazteluko Udalak eta Lurra taldeak sinatzen zuen eskutitza iritsi zitzaien udal kaltetuei: irailaren 17an, Berriozarren, herri kaltetuek egingo zuten bilerarako gonbidapena zen. Bertan, ondorengo gaiak aztertu zituzten: iradokizun bateratu bat aurkezteko aukera; mozio kanpaina abian jartzea; proiektuaren ezaugarrien inguruko publikazioak egitea, eta oposizio lanean jarraitzeko beharra.

Nafarroako hainbat udalerrik, dagoeneko ospatua zuten euren arteko lehen bilera bat; izan ere, lehendik ezaguna zuten autobide elektrikoaren gaia. 2010ean, REE enpresa, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa batzen zituen goi tentsioko linea eraikitzeko asmotan ibili zen. Arabako udalek, Arabako Foru Aldundiak eta herritarrek aurkako jarrera erakutsi zutenez, REEk proiektua atzera bota zuen.

Bigarren saioa, ordea, aurrekoaren antzekoa da: ibilbidea bakarrik aldatzen da. REEtik udaletara bidali zuten informazioaren arabera, linearen ibilbiderako 69 alternatiba daude. Ziurra zera da: autobide elektrikoa Gipuzkoara Leitzatik etorriko litzatekeela. Tolosaldea zeharkatu ondoren, Goierriko herrietatik barrena iritsiko litzateke Ezkio- Itsasoraino.

REEren arabera, 120 kilometroko ibilbidean, 40 metrotik gorako dorreak eraikiko dituzte, elkarrengandik 400-500 metrora. Horrez gain, goi tentsioko linea berria egin ahal izateko, errepide berriak eraiki beharko lirateke.

Kezka nagusi udaletan

Gipuzkoako udal gehienek azpiegituraren aurkako mozioa onartu dute, eta Baliarrain ez da atzera gelditu. Tolosaldeko herri honetan goi tentsioko linea herri gunetik 280 metrora igaroko litzateke. Martzelino Dorronsoro alkatea harriturik dago: “Ez dugu sinesten eta ez dugu sinetsiko ere; egun, horrelako proiektu bat egitea izugarrizko astakeria da”.

Zerainen bi aukera aurkeztu zizkien: herri gunetik 500 metro baino gutxiagora, industrialderako duten eremuaren gainetik pasatzea, edo herriaren atzeko partetik, izendapen berezia duten meategien ondotik. Jose Manuel Oria alkateak ez ditu gustuko bi aukerak: “Gutxienez legediak dioena bete beharko lukete; herri gunetik 500 metrora egotea, eta izendapen berezia duten eremuak zapalduak ez izatea. Gure herriari dagokionez, baldintza horiek ez dira betetzen”.

Mutiloan ere bi aukera dituzte, herri gunetik 125 metrora edo garai bateko meategietatik barrena. Aurrekoetan bezala, hemen ere udalak proiektuaren aurkako mozioa onartu du. Iñaki Ugalde alkatea kezkatuta dago, eta informazio handirik ez dutela jaso salatu du: “Herritarrak galdezka etortzen direnean, bi aukera horiek daudela esaten diegu, baina nondik pasako den zehatz-mehatz ez dakigula”.

Gipuzkoako Foru Aldundia ere gertutik ari da jarraitzen gaia; REEk aurkeztu zuen aurre proiektuaren inguruan txosten bat egin zuten, ondoren ministeriora bidaltzeko. Behin proiektua zehazten dutenean, jarrerak finkatzeko garaia izango dela dio Ainhoa Iraola Foru Aldundiko Ingurumen Saileko zuzendariak. Hala eta guztiz ere, ministeriora bidalitako txostenean nahiko argi gelditzen da Ingurumen Sailaren jarrera: “Txosten horretan gauza oso garrantzitsu bat azpimarratu genuen, proiektuak ez duela zero alternatiba aurreikusten. Hori, azpiegitura berrien ez beharra da; lehendik daudenak egokitu edo berritu daitezkeen aztertzea”.

Bide zaharrak berritzearen aldekoa ez da Antonio Gonzalez, REEk EAE, Nafarroa eta Kantabriarako duen ordezkaria. Argi utzi nahi izan du, eurek “Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren eskariari” erantzun besterik ez dutela egiten. Antonio Gonzalezek azpiegitura zergatik aurkeztu duten argi du: “Nafarroako parke eolikoetatik lortzen den energia garraiatzeko, abiadura handiko trenaren iritsiera bestela ezinezkoa litzatekeelako, eta Lizarraldeak nahiz Gipuzkoak duten energia defizita konpontzeko”.