Buruz burukoaren gerizpean

Igandea urruti ikusten du jada Aitor Sarriegik (Beasain, 1976), 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldunak. Beñat Gaztelumendi (Añorga, Donostia, 1987) izan zuen alboan finaleko buruz burukoan, eta bost puntu eta erdiren aldeak erabaki zuen datozen lau urteotan txapelak izango duen jabea. “Beti pentsatzen duzu, beste bat txapela janzten ikusten duzunean, bera momentu horrekin beti gogoratuko dela. Norberari gertatzen zaionean, oso azkar pasatzen da, ordea; ez duzu kontzientziarik”, dio Sarriegik. Gaztelumendiri ere, egunerokora bueltatzea kostako zaio, txapelketako lehian urrian sartu zen arren: “Urte hasieratik genekien etorriko zen zerbait zela txapelketa, eta joatea ere kostako zaio”.

Biek ala biek, igandeko saioaren erregulartasuna azpimarratu dute. Sarriegik aitortu du, ez zela, beharbada, dirdirarik izan: “Uste dut, denok utzi genuela zerbait”. Halako finala espero zuen Gaztelumendik: “Primerako saioa osatu gabe ere, ariketaren batean denok erakutsi genuen garen hori, eta final bati gerta dakiokeen onena dela uste dut: zortzi bertsolariek beren kolorea ematea”. Pozik dago, halaber, belaunaldi kideekin kantatu zuelako: “Poz berezia eman zidan, Alaia Martinekin eta Agin Rezolarekin kantatzeak, eskolartekoetan ere batera aritutakoak baikara”.

Illunbeko parekidetasunak zalantzak sortu zizkien biei. “Erregular ari nintzela banekien, baina ez nintzen gai esateko, buruz burukora zein pasatuko ziren. Oholtzan baino balio handiagoa eman diot gero egin nuen saioari”, dio Sarriegik. Zortziko handian eta bakarkako lehen saioko aleekin, zalantzak sortu zitzaizkiola azaldu du. 20.000 euro barruan zituen poltsa aurkitu eta entregatu zuenaren azalean jarri behar izan zuen bakarkakoan; Gizartean zerbait gaizki ez al doa azkenean/ eskuzabala izatea heroikoa denean esanez amaitu zuen aleetako bat, txalo zaparradapean. “Lan errazak ez zirela uste dut, beste gai batzuek zuten karga emozionalik ez zuen nire bakarkako gaiak. Gustura nago eman nion aterabideagatik”, azaldu du.

“Saioa atzetik irakurtzea zaila da”; hala nabarmendu du Gaztelumendik. Saioan akatsik ez egin izanaren sentipena zuen, “baina gainerakoak ere lanean ongi ari ziren”. Bakarkakoan, bajan egon arren, etxeko lanengatik nekatuta zegoenaren begietatik kantatu zion Illunberi; emakumezko baten azalean sartu zen, generoaren ikuspegia landuz. Txalorik gehien egin zioten finaleko aleetako bat izan zen. “Ez nuen benetan buruz burukora pasatzeko ziurtasunik, baina aldi berean, banuen borroka horretan egoteko fedea. Nire izena entzun nuenean, poz handia sentitu nuen”, dio.

Garai berriekin, ariketa berriak

Joan den udaberrian txapelketa hasi zenez geroztik, berrikuntzak izan dira nabarmen, baita finalean ere. Buruz burukoan, bi bertsolariek puntukako saioa osatu behar izan zuten, gai librean. Txapelketetan beti gaien araberako bertsoak osatzera ohituak dauden arren, Sarriegi eta Gaztelumendi eroso sentitu ziren ariketa horretan: “Biok asmatu genuela uste dut”, dio Sarriegik.

Kartzelako gaiaren aurkezpena izan zen, ordea, ukiturik berritzaileena izan zuena. ETAk jarduera armatua uzteko harturiko erabakiaren gaia bideo batekin emateak, bide desberdinetatik abiarazi zituen biak. Hala dio Sarriegik: “Gaia bera irudietan egotea espero nuen, eta pixka bat kokatzen ari nintzela, telebista piztu eta berria entzun zenean, lekuz kanpo geratu nintzen; komunikatuari heldu nion orduan, beste guztia erabat eklipsatzen zuela iruditu zitzaidalako”. Bideoan, hala ere, erabil zitezkeen figurak bazirela aitortu du txapeldunak, giltza, atea edo sofa adibide gisa aipatuz.

Horiexek izan ziren, hain zuzen, Gaztelumendik hiru bertsoak osatzeko hartu zituen elementuak: “Ze istorio izan zitekeen pentsatzen hasi nintzen. Komunikatuarenak pixka bat puskatzen zuen aurreko istorioa, baina gaiari heltzeko beste modu bat ere bazen”. Txapeldunordeak bideoaren eraginez “pentsatze prozesua desberdina” izan zela aitortu duen arren, lana erraztu ziola ere azpimarratu du: “Bestela, lehor samarra izan zitekeen su etenari bakarrik kantatzea”.

Bertsozalearen grina

9.200 lagun bildu ziren Illunben joan den igandean. Bi bertsolariek, iritzi garbia azaldu dute horren gainean. “Urte osoan Gipuzkoan egiten diren saioak kontuan hartuta, 9.000 bertsozale baino gehiago bilduko lirateke, ziuraski. Txapelketak urte osoan egindako lan hori erakusten duela uste dut”, dio Gaztelumendik. Era berean, 76 bertsolarik kantuan aritzeko izan duten aukera ere azpimarratu du: “Antolakuntzan eta kantuan jende asko mugitu gara, eta jende hori gogotsu aritu da”.

“Gaur egun txapelketak eta bertsolaritza elkar elikatzen direla uste dut”. Hala deritzo Sarriegik. Argi dauka Illunbeko 9.200 ikusleetako guztiak, urte osoan ez direla bertsozaleak, “baina egia da, txapelketak ematen duen zabalkundeari esker, bertsoa dagoen lekuan dagoela”. Horren haritik, Real Madrilek eta Bartzelonak euren partidak jokatzen zituzten egun eta ordu berean kantatu zutela gogora ekarri du, “eta antzokiak itxura ederra zuen hala ere. Hori, beste kultur ekitaldi askotan, ez da gertatzen”.

Zenbait ikuslek saioan egin zituzten oihuez ere badute zeresanik. “Lanean ari garela, ez gara horrelakoez konturatzen, zentratuta egoten garelako”, dio Sarriegik. Hala ere, biak bat datoz, atzean eserita daudenean, oihuak batzuetan gehiegizkoak direla. “Ez ditut oso ondo ulertzen bertsolari bakar bat animatzera joaten diren ikusleak”, adierazi du Gaztelumendik. Nahiz eta normaltzat jotzen duen gertuko bertsolariei babesa ematera joatea. “Illunben, denon artean final ona egitera joan ginen; niretzat ere hobea da beste zazpiek saio ona egitea. Final on batean kantatzeak poza ematen du. Nire kasuan, buruz buruko ona Aitorrekin batera egin nuela sentitzen dut”.