Hipoteka ezin ordaintzeak sorturiko egoera salatu nahi dute

Abian jartzen ari da, indartuta, Stop Desahucios Gipuzkoa. Joan den astean egin zuten elkartearen lehen aurkezpen publikoa, Donostiako Loiola kultur etxean, eta datozen asteetan gauza bera egingo dute herrialdeko beste hainbat tokitan. Mobilizazioetan parte hartzera gonbidatuko duen giroa sortu nahi du elkarteak, hipoteken kuotak ordaintzeko arazoek eragindako etxebizitzen desjabetzeen kontra.

Mikel Sanchez eta Iker Apilanez donostiarrak ari dira elkartearen berri zabaltzen. Besteak beste, hau da jorratuko dituzten lan eremuetako bat: “Gehienbat, banketxeek etxebizitzak desjabetzeari ekiten diotenean, hori pairatzen duten familiei laguntza ematea, baina ez gizarte laguntza gisa”. Horretarako, finantza erakundeei aukerak proposatzea, kaltetuei informazioa ematea eta, muturreko kasuetan, desjabetzea oztopatzea planteatzen dute. Gipuzkoan oraingoz desjabetzerik oztopatu ez badute ere, ez dute baztertzen halakorik egin behar izatea.

Horiez gain, salaketa ekinaldiak ere egin dituzte hilabeteotan; finantza erakundeak, hipoteka legea eta administrazioa bera izan dira horien jomuga. Izan ere, Apilanezen arabera, “administrazioak banketxeen babeslea ematen du askotan”.

Taldea, uda partean sortu zenean, hamar bat lagunek osatu zuten, eta, egungo dinamizatzaileak dozena erdi inguru badira ere, askoz gehiago biltzen dira laguntza emateko. M-15 mugimenduaren kanpaldietako jendeak, Democracia Real Ya mugimendukoak eta Kepasakonlakasa eta antzeko kolektiboetatik etorritako jendeak osatzen du Stop Desahucios Gipuzkoa. Kideek talde horien eta beste batzuen elkargune gisa ikusten dute elkartea. “Kaltetuak baino gehiago, sentsibilitatea duen jendea bildu nahi dugu”, adierazi du Apilanezek.

Kolektibo berriak uste du arazo larri hori behin betiko konpontzeko utzi egin beharko litzaiokeela etxebizitza merkantzia moduan ikusteari eta tratatzeari. Hala ere, eta hori posible egin artean, “hipoteka legea aldatu beharko litzateke, ordain gisa etxea ematea onar dadin”. Hori dela eta, administrazioei iritzia plazaratzea eta etxebizitzaren arazoari irtenbideak ematea eskatzen diete.

Dagoeneko Donostian, Errenterian eta beste hainbat herritako udaletan onarturiko erakunde adierazpena babesteko eskatuko diete Gipuzkoako udalei datozen hilabeteetan. Elkartearen helburua da udalbatzarrek hipoteka legea aldatzearen aldeko jarrera erakustea, dokumentu hori onartuta.

Bestelako bitartekoak ere proposatu ditu Stop Desahucios Gipuzkoa mugimenduak. Apilanezek horietako baten adibidea eman du: “Familia baten egoera bat-batean aldatzen bada, bankuak malguagoak izatea nahi dugu”.

Banketxeen intereseko egoera

Mugimenduko kideek diote finantza erakundeak gezurretan ari direla beraiei horrelako higiezinak ez zaizkiela interesatzen esaten dutenean. Haien arabera, bankuek diru asko irabazten dute horrelako egoerekin: desjabetzetan eskuratutako etxebizitza berriro salduz eta aurreko jabeak ordaintzeko duen diru kopuruarekin.

Stop Desahucios Gipuzkoak finantza erakundeen jarrera deitoratu du beste alor batean ere, arlo humanoan: “Batzuetan, zure sukurtsaleko zuzendariak ez zaitu hartu ere egiten”. Horren ondorioz, herritarren arteko elkartasuna bultzatu nahi dute arazo horren inguruan.