Zorren gurpil zoroan

Ugaritzen ari dira etxea uzteko epaileak hipoteka auzietan ematen ari diren aginduak. Puntu horretara iritsi gabe ere, beste ehunka pertsona daude larri Gipuzkoan ordainketa horiei aurre egiteko arazoak direla medio. Horietako bat da Mari Carmen Vazquez errenteriarra. Etxebizitza saldu eta hipoteka kitatu ondoren, oraingoz 90.000 euroko zorra ordaintzen jarraitu behar du.

Aurtengo lehen seihilekoan, hipotekak ordaintzeko arazoak direla eta, epaitegiek etxea uzteko 218 agindu eman dituzte Gipuzkoan. Hego Euskal Herrian 1.485 izan direla diote Stop Desahucios Gipuzkoa elkartearen datuek. Arazo hori pairatzen duten pertsonen eta familien soslai zehatzik ez dago; izan ere, ekonomia krisiak, langabezia handitzearekin batera, egoera okertu du.

Vazquezek eta haren senarrak, esaterako, biek lan egiten dute. Emaztearen gurasoek etxea hipotekatu zuten beste seme bati laguntzeko, hark ordainduko zuelakoan, baina ordainketak ez zituen egin, eta aurrezki kutxak bikote nagusiaren kontra egin zuen.

Horiek horrela, Vazquezi bere etxeko hipoteka eta gurasoena bere gain hartzeko eskaintza egin zion kutxak, baina, kuota handiegiak izanik, ezin izan zuen luzaroan ordaindu, eta etxea saltzea erabaki zuen. Horren ondoren, kutxak enkantera atera zuen gurasoen etxea ere.

“Gaur egun, alokairuan bizi naiz”, dio errenteriarrak. “Nire etxearen inguruko 90.000 euro zor dizkiet, interes eta abarrengatik”. Gurasoen etxea kutxak berak eskuratu du, zorraren balioaren %60an; eta, oraindik ziur ez dakien arren, “beste horrenbesteko zorra” geldituko zaiola uste du.

Vazquezek bankuaren jarrera gaitzetsi du. “Hainbat proposamen egin dizkiogu, eta ez dute erantzun nahi izan. Hau jakin izan banu, bota arte itxarongo nukeen, eta ez nintzen joango nire etxetik”, adierazi du negar zotinka. Dena den, ez die finantza erakundeei egozten erru guztia, eta uste du dirua eskatzen duenak ere erantzukizuna baduela. “Baina bankuek, bideragarri ikusten ez badute, ezetz esan beharko lizukete”.

Bere arazoarentzat eta zabaltzen ari den egoerarentzat, irtenbide bakarra ikusten du Vazquezek: etxebizitza bankuari eman, eta horrekin zorra kitatzea. Oraingo sistema ez du balekoa ikusten: “Nuen zorraren erdiarekin gelditu naiz eta”.