Ikastolaren harrera, festaz

2010ean Kilometroak jaialdian erein zuten haziak jada eman du fruitua. Pasaia-Lezo Lizeoak Lezon eraikina egin du, eta eskolak hilaren 9an hasi bazituzten ere, etzi egingo dute inaugurazio ekitaldia.

Horretarako, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Lehenik dultzaineroak irtengo dira herriko kaleetan zehar. 11:30ean suziria botako dute Saldise plazatik, eta kalejiran joango dira handik hurbil dagoen ikastolara. Txalapartaz egingo diete ongietorria , eta Murixka dantza taldean dauden ikasleek Agurra dantzatuko dute.

11:55ean inaugurazio ekitaldia egingo dute. Gotzon Bereziartua Lizeoko lehendakariak, Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren lehendakari Koldo Tellituk hartuko dute hitza.

Ekitaldi protokolarioaren ondoren, haurrek gozatzeko aukera izango dute. Porrotx pailazoak 2010ean Kilometroen irudia izandako Boxtonekin eta bere laguntzaile Boxtinekin saioa emango du. Saioaren ondoren, 12:35ean moztuko dute zinta, eta eraikinaren barrura sartuko dira. Han, ikasleek Kilometroetako dantza dantzatuko dute, eta Lizeoko ikasle lezoarren argazki zaharrekin egindako erakusketa ikusteko aukera izango dute. Ondoren, bazkaria egingo dute.

Etziko ekitaldira eragile asko gonbidatu dituzte Lizeokoek, hala nola, udaletakoak, hezkuntza eta kultura arlokoak, eta ikastolaren sortzaileak.

LIZEOAREN IREKITZEA

Non eta noiz. Lezon, igandean, 11:15etik aurrera.