Zenbat balio du ibai batek?

Gure gizartearen gakoa dirua da, gure inguruan den orok nahitaez balio ekonomiko bat izan behar du. Lehengoan, auto-aseguruaren poliza irakurtzean, nire eskuin begiak ezkerrekoak baino gehiago balio duela konturatu nintzen!

Edozer objekturen balio ekonomikoa baldin badakigu lasaiago bizi gara eta errazagoa zaigu erabakiak hartzea, adibidez, nire ordenagailu hau izorratzen bada eta bere konponketak ordenagailua bera baino gehiago balio badu, inozoenak ere badaki ordenagailu berria erosi behar dudala.

Horrelako arrazonamenduekin funtzionatzen dugu, itxuraz zoriontsu, balio ekonomiko zehatz bat ez duen zerbait gure parean ipintzen den arte. Orduan komeriak! Adibidez, zenbat balio du ibai batek? Ibaia beti egon da hor, ez du inork eraiki, ez da inorena, ez dauka prezioa jartzen dion etiketarik.

Ez badu preziorik, doakoa dela pentsa genezake eta agian gure udalerrian aparkaleku bat egin nahi badugu, errentagarria zaigu ibaia beste norabait kanalizatzea, aparkalekuak diru sarrera bikainak emango baitizkigu. Agian zentral hidroelektriko bat ipini nahi dugu ibaiaren erdian, konpainia elektriko baten dirua herrira erakarriz edo baliteke ibai honek gure udalerri polita itsustea eta, hodi mordo baten laguntzaz lurperatzea aukera ona eta merkea litzateke, ibaia doakoa denez...

Pentsaera hori oso ohikoa izan zen XX. mendearen amaiera arte, zorionez gure mundua gobernatzen dutenek baino zerebro garatuagoa zuen pentsatzaile batek, biologoa ziurrenik, zera esan zuen arte: "Ei politiko! Erabat kakazten ari zareten ibai honek, urtean milioika euro kostako liratekeen zerbitzu batzuk eskaintzen dizkigu... doan! Agian... ez da ekonomikoki errentagarria ibai hau desagerraraztea, kanalizatzea, kakaztea edo eraldatzea...".

Biologo jakintsu haiek txosten bat osatu zuten, ibaiek, basoek, belardiek... ekosistema orok orokorrean gizarteari eskaintzen zizkioten zerbitzuak erakutsiz. Ba al zenekien hezeguneek urak iragazten dituztela? Eta baso natural batek lur mugimenduak ekiditen dituela? Eta zein zerbitzu eskaintzen dizkigu ba ibai batek?

Ur korronte sinple bat ematen duen ibaiak, urak garbi mantentzea bezalako zerbitzu praktikoak eskaintzen dizkigu. Ehunka heriotza eragingo lituzketen uholdeak ekiditen ditu. Eta praktikotasunaren ordez, estetikotasunari begiratzen badiogu, ibaiak fauna eta flora ugaria erakartzen du gure udalerrira eta oso bidegorri ekologikoak egin ahal dira bere alboan. Zerbitzu guzti horiek udalerri batek bere aurrekontuetan sartuko balitu, milioika euro kostako litzaioke, baina ibaiak zerbitzu horiek doan eskaintzen dizkigu! Beraz, badu ibaiak balio ekonomiko bat, agian udalerriaren barruan egin den edozein eraikin baino handiagoa.

Zure udalerritik doan ibaiari zementuzko hobekuntzak egin nahian bazabiltza. Agian komeni da ibaiari bestelako hobekuntza merkeago batzuk egitea. Ibaiari orain ehunka urte egin zitzaizkion urtegi txikiak apurtuz, ibaiaren zabalera estutzen duten alferrikako eremuak ezabatuz, bidegorria ibai albotik bi metrotara egin ordez lau edo bost zuhaitz lerroren ostean egin eta ibaiko egur hilari bakean utziz. Urte gutxiren bueltan, gure udalerriko uholde arriskua jaitsi egin daiteke, ibaietan fauna eta flora ugaritzen hasiko da, ibaiko urak gardenago egongo dira eta zoologiko batean baino fauna politagoa eta biziagoa ikusi ahalko den bidegorri bat sortuko da.

Zenbat kostako zaio guzti hau udalerriari? Diru aldetik oso gutxi, kosturik handiena liburu pare bat irakurtzean eta minutu batez txip-a aldatzean dago zementua zabaltzen hasi aurretik.

Zoritxarrez gure ibai eta ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzu horiek ez dira gaur arte kontuan hartu. Milaka kasutan ekosistema bat suntsitu ostean ohartu gara eskaintzen zizkigun zerbitzuez, baina beranduegi jada. Beraz, nahiz eta ibai baten balio ekonomikoa ezin dugun prezio batekin ikusi, pentsa dezagun ibai hori gabe gure bizimodua aurrera ateratzea zenbat kostako litzaigukeen eta gutxi gorabehera hori izango da ibai baten balio ekonomikoa... ziurrenik munduko azpiegiturarik garestiena dugu ibaia.