Goierriri begiratzeko modu berri bat

Garai berriek erronka berriak eskatzen dituztela esaten da askotan. Euskarazko tokiko prentsak ere, aurrera egin badu, garai bakoitzeko beharretara moldatzen jakin duelako egin du. Goierrik eskualde osora begira egindako komunikazio proiektu berri bat izango du datorren astetik aurrera. Hogei urtetik gorako ibilbidea duten bi herri aldizkarik, Goierritarra hamabostekariak eta Otamotz hilabetekariak, bat egin dute, eta Goierriko Hitza-rekin elkarlanean, GoiBerri astekaria sortuko dute. Gaur zortzi aterako dute aurreneko zenbakia, eta Goierritarra zein Otamotz aldizkarien harpidedun guztiek jaso ahal izango dute.

Astekaria izanda, aldizkari berriaren izaera, egitura eta atalak ere aldatu egingo dira. Loinaz Agirre Goierritarra-ren zuzendariak azaldu duenez, “Goierri ulertzeko ikuspuntu berri bat eskaini nahi du aldizkariak; gaurkotasunari garrantzi handiagoa eman nahi diogu, eta jendearen intereseko gaiak bilatzen saiatuko gara, betiere Goierri osoko ikuspegitik landuta”. Hain justu, Agirrek hartuko du GoiBerri zuzentzeko ardura ere. Uste berekoa da Asier Zaldua Otamotz-en zuzendaria ere; “izaera berritzailea izango du; aldizkari biziagoa egingo dugu, atal gehiagorekin”.

Izan ere, elkarrizketez eta erreportajeez gain, aldizkariak hainbat atal berri izango ditu. Agirreren hitzetan, “gazteei begira atal bat egin nahi dugu, gazteek eurek egindako lanen eta antolatutako ekintzen berri emateko”. Historiaren atala eta ibilbideen saila ere izango ditu, besteak beste; baita atzerrian bizi diren goierritarrak eta eskualdera bizitzera etorritako atzerritarrak bilduko dituena ere. Iritziak ere garrantzi handia izango du, eta eskualde mailan ezagunak diren kolaboratzaile sorta batekin lan egingo dute. Dena ez da, ordea, aldaketa izango: “Bi aldizkarietan ondo funtzionatzen zuten atal batzuk mantentzea erabaki dugu, irakurleen gustukoak direlako, baina atal gehienak berriak izango dira”, azaldu du Agirrek.

Aldizkariaren itxura eta eduki berriez gain, beste aldaketa bat ere ekarriko du proiektuak. Izan ere, astekariarekin Goierriko behealdearen eta goialdearen arteko mugak hautsi nahi dituzte, hogeita bi herriak kontuan hartuz. Orain arte Goierritarra aldizkariak Goierri beheko hemezortzi herrietako informazioa lantzen zuen, eta Otamotz-ek, Zumarraga eta Urretxukoa. Alde horretatik, Goierriko Hitza-k duela zortzi urte hasitako bideari helduko diote, eskualde osoa kontuan hartuko duen proiektu komunikatiboa landuz. “Aldaketa naturala da; Hitza-k 22 herrietako informazioa ematen du, eta jendea horretara ohitu da; gu ere proiektu bereko parte garenez, logikoa da filosofia berarekin lan egitea”, adierazi du Agirrek. Aldaketa horrek beste ondorio bat ere izango du: orain arte, herri aldizkaririk ez zuen Legazpik, baina hango gaiak ere landuko ditu GoiBerri astekariak.

Bi aldizkariek ez dute kasualitatez bat egin. Duela urtebete, Otamotz Goierriko Hedabideak proiektuan sartu zenean, gogoeta fase bati ekin zioten, esku artean zituzten proiektuen etorkizuna eta norabidea aztertzeko. Azterketa horretan, irakurleen, kazetarien eta iragarleen iritziak jaso zituzten, eta ondorio nagusi bat atera zuten: eskualde osoa kontuan hartuko zuen aldizkari bakar bat behar zela. Zaldua Otamotz aldizkariaren zuzendari izan da orain arte, eta astekari berriaren proiektuan dabil orain, buru-belarri. Haren hitzetan, “aro berri bati” ekingo diote eskualdeko euskarazko aldizkariek, “izen berriarekin eta izaera berritzailearekin”. Hala, Goierritarra eta Otamotz aldizkariek bat egin eta elkarlanean “eskualde osorako proiektu berri bat” garatu dutela dio Zalduak.

Eta elkarlanak indarrak batzea esan nahi duenez gero, aldizkari berriak zabalkunde eta harpidedun kopuru handiagoa izatea espero dute proiektuaren sustatzaileek. Hala, aurreneko helburua Goierriko 10.000 etxetara iristea izango da. Horretarako, datozen asteetarako marketin kanpaina bat antolatu dute, GoiBerri astekariari ahalik eta zabalkunderik handiena eman eta astekaria ahalik eta toki gehienetara irits dadin. Asmo horrekin, aldizkariaren sorrera iragartzeko bideo bat ere prestatzen ari dira.

Hogei urtetik gorako bidea

Euskarazko herri komunikabideen arloan, ibilbide oparoa izan duen eskualdea da Goierri. Duela 22 urte, Goierritarra aldizkariaren aurreneko zenbakia atera zenetik, hasieran bi hilabetean behin, gero hilero eta azkenik hamabostean behin, goierritarrek beti izan dute bertako berriak euskaraz jasotzeko aukera. Urte horietan, 413 aldiz argitaratu dute Goierritarra aldizkaria. Urretxun eta Zumarragan, 1995. urtean eman zuten pausoa, Zintzo Mintzo kultur elkarteak Otamotz aldizkaria sortzea erabaki zuenean. Harrezkero, 174 zenbaki argitaratu ditu hilabetekariak. Bi aldizkari horietan, “hamaika langile, kolaboratzaile eta laguntzaile” aritu izan dira, euskararen eta eskualdearen aldeko lan isilean.

Horien guztien lana eskertu, eta aurrerantzean ere GoiBerri aldizkaria babesten jarraitzeko deia egin diete Agirrek eta Zalduak. “Haien laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke orain arteko ibilbidea egitea, baina aurrera begira ere beharko dugu haien laguntza”. Baita harpidedunena ere. “Haiek baitira, azken batean, gure oinarria”, adierazi du Agirrek. Horregatik, orain arte bi aldizkarietakoren baten harpidedun izan direnei lasaitasun mezua helarazi nahi izan diete. “Aldizkari berria jasotzen jarraituko dute, harpidetzari dagokionez aldaketarik egin gabe”. Orain arte jaso ez dutenek, berriz, harpidetza egiteko aukera izango dute otsailetik aurrera.