Maniak

Ondo ezagutzen nautenek badakite, irakurtzen ikasi nuenetik, parean harrapatutako guztia irakurtzeko ohitura dudala; nire begiek aurrean ikusten duten hitz edo esaldi laburra irakurtzea nire ohitura literarioen parte bilakatu dela. Izan daitezke autoen markak, lantegien eta denden izenak, bizikletenak, erosketako poltsenak… Begiratu batean ikusi eta irakur daitekeen ororen jarraitzaile sutsua bilakatu naiz denboraren poderioz, eta batzuetan, antsietate apur bat sortzen dit ohitura honek. Adibidez, badago Bilbora bidean autobidean zoazenean urrunetik ikus daitekeen lantegi erraldoi bat. Lantegiaren izena ageri den momentutik hasten naiz behin eta berriz hitz berbera irakurtzen, autobusa urrunean desagertzen den arte. Zertarako balio duen horrek? Ezertarako ez! Mania hutsa. Eta etxeko komunean aulkitxo baten gainean pilatzen ditudan aldizkariak? Zenbat titulu memorizatu ote ditut? Gerora ahazten ditudan zenbat esaldi solte?

Azkenaldian, ordea, ikasi dut mania honi probetxua ateratzen, erabat entretenitzeaz gain fantasia eta sormena lantzeko ariketa ezin hobea bihurtu dena.

Gure herriko taberna askotako komunetako ateak, barrualdetik, nire maniarentzako plazer hutsa bilakatu dira. Era guztietako lema eta esaldiekin egin dut topo memoriaren aztarnak jasotzen dituzten ate hauetan. Urteetan egon dira hor beharbada, eta askotan irakurriko nituen, baina azkenaldian zerbait gehiago bihurtu dira, batzuetan inspirazio iturri eta dena! Gutxi gorabehera, esaldi bakoitza atearen zein paretan kokatuta dagoen ikastera iritsi naiz, gogoko ditudanak batez ere. Jolaserako tresna ezin hobea bilakatu dira: hau ez da herrikoa, beste hau euskaraz ikasten ari da, hau aspaldi idatzia dago, beste hau berri-berria da… Garaian garaiko egoeren berri ematen dutenaren zalantza izpirik ez daukat. Orain, adibidez, ez litzateke arraroa izango krisi ekonomikoari erreferentzia egiten dion esaldiren bat topatzea. Baina, dudarik gabe, ordu txikietako kontuen salatariak dira batez ere ate hauek. Ikus daiteke, argi eta garbi, zein herritako parrandazaleak izan diren gurean, ze futbol talderen garaipenekin gozatzen duten, zein den herriko gizasemerik preziatuena batzuen ustetan, ze hiru lagun izango diren odoleko adiskide hil arte, begien aurrean ikusi ezin duenaren izena, bera gabe bizi ezin duenaren erreferentzia… Beti maitemintzen naiz nitaz maitemintzen ez den hartaz. Hau irakurtzen dudan bakoitzean Camilo Sesto datorkit burura. Idatziaren jabeak seguru ez duela sekula Camiloren abesti ezaguna entzun, baina litekeena da bera txikia zela gurasoekin hondartzara joaten zen bakoitzean autoan behin eta berriz abesti bera entzun izana eta niri begietatik bezala berari belarritik sartzea!

Garenaren “zera hori” idazteko beharraren lekuko isilak bilakatu dira gure herrietako komunetako ateak. Nirea mania, denak irakurtzeko ohitura dudalako, baina gauean festara ezabatzea ia ezinezkoa den errotuladorea poltsan edo poltsikoan hartuta ateratzea zer da? Mania guztiak bezalaxe, beharra.