Urteroko bertso festa

Bertso Eguna

Donostia

Urteroko ekitaldi handia dute bertsozaleek bihar Donostian, Kursaalean: Bertso Eguna. Aurten, gainera, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen 25. urteurrena dela eta, ospakizun berezia egingo dute, eta urteurrena bera izango da jaialdiaren ardatza ere.

43. Bertso Eguna izango da biharkoa, eta domino jokoa irudikatu nahi izan dute egunaren karietara egindako kartelean, bertsozaleen bilguneak “piezaz pieza” egin baitu bidea. Hala, 25 zenbakia eta domino jokoa bera izango dira Bertso Eguneko gaien abiapuntu ere.

Egitarauari dagokionez, 18:00etan izango da ekitaldi nagusia, Kursaaleko areto nagusian, eta Jon Azpillagak emango dio hasiera. Orotara, 25 lagun arituko dira kantuan arratsaldeko ekitaldian. Besteak beste, Azpillaga bera, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Odei Barroso, Maialen Lujanbio, Julio Soto, Oihana Bartra eta Nerea Elustondo. Gaiak jartzeko ardura, bestalde, Laxaro Azkune, Joana Itzaina eta Unai Elizasuren gain egongo da.

Lehenago, ordea, 12:00etatik aurrera, kalez kale Donostian zehar ibiliko dira hainbat bertsolari; Arrate Illaro, Xebastian Lizaso, Maddi Ane Txoperena, Xabier Sukia, Eneko Abasolo Abarkas, Alaia Martin eta Eneko Lazkoz, hain zuzen. Eta, besteren artean, Viktoria Eugeniako balkoitik, Bretxako merkatuan eta Konstituzio plazan arituko dira kantuan.

Ekitaldiaren ostean ere izango da bertsoaz gozatzen jarraitzeko aukerarik, 21:00etatik aurrera afaria eta festa izango baitira Kursaaleko NiNeu jatetxean. Bertan, bat-bateko bertsoez gain, bertso musikatuak ere kantatuko dituzte Ander Lizarralde eta Unai Muñoak. Eñaut Agirrek, bestalde, bertso historikoak abestuko ditu. Gainera, Bertsolari filmean oinarrituta egindako antzerkia eskainiko dute Zarauzko Bertso Eskolako kideek.

Emanaldira joaterik ez dutenek edo sarrerarik gabe geratu direnek www.bertsoa.com webgunean ekitaldi nagusia zuzenean ikusteko aukera izango dute.