Artisautza ere industria

EAEko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Politikako abenduaren 23ko 17/2008ko legeak artisau produktuen definizio hau dakar 23. artikuluan: “Artisau ekoizpena: nekazaritza produktuak manipulatzeko eta eraldatzeko jarduera, nekazariek bakarka edo elkartuta beren ustiategietatik lortutako lehengaiekin egina”.

Legearen helburua, dibertsifikazioari begira, baserriari lotutako artisau ekoizpenak sustatzea zen. Horretarako, baserriko ekoizpen txiki, autonomo eta familiartekoa baserrikoak ez diren beste ekoizpenetatik ezberdindu nahi zen.

Lege hori, ordea, orain arte ez da garatu, eta, definizio horretan oinarrituta, ez dago artisau produktu horiek merkatuan berezituko dituen zigilurik, ez eta horri lotuta administrazioak kontrolatuko lukeen ikuskaritzarik. Hau da, praktikan erosleak ezin du bereiztu artisau produktua eta industrialaren artean.

Gainera, EAEn artisau produktuen eraldaketa egin nahi duten baserritarrak industriak bete beharreko baldintza tekniko berak betetzera behartzen dituzte, baserritarra neurriz kanpoko inbertsioak egitera behartuz. Baserritarrak aspalditik ari dira, osasun erregistro industrialaz gain, baserri txikiei egokitutako osasun baimen sinpleago bat sortzeko eskatzen —Ipar Euskal Herrian indarrean dagoenaren antzekoa, edo hobea—, baina Eusko Jaurlaritzak ez ditu eskaera horiek inoiz kontuan hartu.

Orain, artisau ekoizpena erregulatuko duen dekretua aurrera eramateko asmotan dabil Eusko Jaurlaritza, eta, horren barnean, inork eskatu ez duen marka berri bat sortu nahi du. Nolatan bat-bateko Jaurlaritzaren interes hori? Baserritarrei lagundu nahi ote die behingoz?

Ba ez, irakurle maitea, ez da horrela… ezin horrela izan! Guztiz kontra, eta baserritarren izen ona aprobetxatuz, elikadura industriari lagundu nahi dio Jaurlaritzak; lurrik ukitzen ez duten baserriko Eusko Label tomate hidroponikoekin egin zuen bezala, eta herritarrak engainatuz beste behin.

Nola egingo duen hori? Nola engainatu nahi gaituzten? Ba, oso erraz: artisau produktuen definizioa aldatuz.

Definizioa berriro hasieratik idatziko dizuet, eta adi!, letra etzanez baitoa erantsi nahi dioten esaldia: “Artisau ekoizpena: nekazaritza produktuak manipulatzeko eta eraldatzeko jarduera, nekazariek bakarka edo elkartuta beren ustiategietatik lortutako lehengaiekin egina, eta, orobat, artisauak usantzazko metodoak erabiliz eta lehengaia autoktonoa izan edo ez zuzen-zuzenean gauzatzen dituen lantze prozesuetako jarduera“.

Definizio berri horren barruan mikro-enpresak —hamar langile artekoak—, enpresa txikiak —50 langile artekoak— eta enpresa ertainak —250 langile artekoak— sartzen dira, eta lehengaiak munduko edozein txokotatik etor daitezke. Horiek dira definizio berriaren ondorio nagusiak.

Aaa… eta orain bai, definizioa aldatzearekin batera, legea garatuko dute, marka berri bat martxan ipiniko dute, propaganda lau haizetara zabalduko dute: —”Ei!, baserriko artisautza produktuak hemen!!! Gu bai baserritarren alde!”— eta abar, eta abar, eta abar.

Erabiltzen duten aitzakia zein den galdetzen diozu zeure buruari? Ezin daitezkeela hain lotsagabeak izan? Ba begira, irakurle zintzoa, EHNE sindikatuaren erreklamazioei Jaurlaritzak emandako erantzuna: “Legearen helburua bete dezaketen beste ekoizpenak babes gabe geratzeko arriskua zegoela” eta “artisau ekoizpenen errealitatera egokitu behar dugula”. Horra hor arrazoia! Ez dago argiago esaterik: legearen helburua ez zela baserritarrak babestea, artisautza ekoizpena bera babestea baizik! Baina… ez al dira ba baserritarrak izan, industriatik ezberdinduz, artisau definizioa sortu dutenak? Orduan? Artisaua da edo industriala da?

Jaurlaritzak egin nahi duena artisautzari buruz jendeak daukan ideia eta baserritarren izen ona erabili, kontzeptua guztiz desitxuratu eta ondoren agro-industriaren eta enpresaburuen esku uztea da. Dirua mugitzen ez bada —langileen poltsikoetatik beraien kontu korronteetara, noski—, ezin dute ezertxo ere egin.

Eusko Jaurlaritzak ez ditu 250 baserritar autonomo eta baserri dibertsifikatu eta autogestionatuak nahi; enpresaburu bat eta haren agintepean egongo diren 249 soldatapeko baizik—gaizki ordainduak eta obedienteak badira, hobe, enpresa lehiakorragoa izango baita—. Horregatik egon dira agintari guztiak, betidanik, benetako baserritarren kontra, ez dutelako dirurik mugitzen.

Balio dezala adibide honek estatu, administrazio eta gobernu guztien gaitza eta gabea erakusteko; hauxe da: ez dutela benetan piperrik agintzen; benetan agintzen duena Dirua bera dela, eta agintaritza guztiak haren esanetara daudela, Diruaren komenentziara legeak ezarriz. Diruari obedituz agintzen.