Kuba, kupelen artean

Euskaldunok leialak, hotzak eta lotsatiak omen gara, edo hala definitzen gaituzte askok behintzat. Sagardotegiko mahai luze batean bakailao tortilla dastatzen ari naizela, alboan neska kubatar bat dagoela konturatu naiz. Hizketarako duen graziak nahitaez erakarri du gure atentzioa, eta eskuetan duen edalontziari erreparatu diodanean, berealdiko barregura sartu zait; hori dun sagardo pila, neska! Gutxi falta zaio baso horri gainezka egiteko, baina berak ikaragarri gustura dirudi, sagardoa eskuen artean epeltzen duen bitartean.

“Txoootx!”, kupelerako bidean, nongoa den galdetu diot. Habanatik gertu dagoen Viñales herrikoa omen da; duela hiru urte bertan izan nintzela eta bere herria ezagutu nuela kontatu diodanean, bere begietan orain arte ikusi ez dudan distira bat atzeman dut, herriminaren ziztada. Lagun batzuk bisitatzera etorri da, baina baimena amaitzear dauka, eta bere herrialdera bueltatzeko gutxi geratzen zaiola esan dit, eta ez dakit seguru bere aurpegian poza edota tristura ikusi ote dudan. Gogotsu bueltatuko omen da, baina batzuetan zaila egiten zaio hango bizitza, hau ezagutu ostean.

Ilaran gaude, eta gure txanda iritsi da kupelaren aurrean; berriz ere leporaino bete du basoa, eta zein naiz ni sagardoa gutxi eta maiz hartu behar dela esateko? Berari halaxe gustatzen zaio, eta bejondeiola! Euskaldunak jatorrak eta bihotz onekoak garela esan dit; “hemen ere, munduko bazter guztietan bezala, txotxolo batzuk badira”, erantzun diot. Algaraka hasi da; “que grasiosa que tú eres…”, eta bi algaratan, basoa hutsik.

“Txooootx!”, eta hor goaz bigarren kupelerako bidean kalejiran. Benetan hain hotzak ote gara? Pentsatzen jarrita, askoz errazagoa da berotasun hori, Habanako kale epeletan saltsa doinuen artean azaltzea, kupel erraldoien arteko hezetasun hotzean baino. Izaera kontua ere bada, baina ez da hori bakarrik. Gure txanda iritsi bitartean esan dit hemengo jende askok hura ezagutu gabe miresten duela hango bizimodua; eta, orduan, bertako erregimenaz eta politikaz hitz egitera ausartu gara. Ba ote dakigu zertaz ari garen herrialde komunista bat aldarrikatzen dugunean? Kuban errazionamendu karta bat dute bertako biztanleek, hilero arroz pixka bat, litro bat esne eta arrautza batzuk izateko eskubide ukaezina onartzen zaielarik. Eta kito, hori da dena. Kalean zoazela, bertako herritarrek ezpainetako margoak, belarritakoak, gozokiak, garagardo bat eta antzeko gutiziak eskatzen dizkizute. Niri ez zidan inork dirurik eskatu, beraiek nahi dituzten gauza asko han saltzen ez direlako, turisten eskutik soilik lor ditzaketelako.

Orain, Raul Castroren eskutik egoera aldatzen ari dela dirudi, baina ni bertan izan nintzenean kubatarrek debekatua zuten hondartza batzuetara, hoteletara eta beste hainbat tokitara sartzea, turistei soilik erreserbatutako tokiak zirelako. Imajinatu herri honetako agintariek debekatu egiten digutela Donostia, Zarautz, Orio edo beste edozein herritako hondartzetara sartzea eta Txindoki nahiz Aizkorrira igotzea. Zure herriaz kanpotar guztiek nola gozatzen duten ikustera behartuta zeundeke egunero, eta turista horien limosnarekin kontentu egon behar gainera.

Hori al da gure herriarentzat nahi duguna? Minimoarekin konformatu, eta kanpotik datorrenaren hondarrekin gure gutiziak erdipurdian ase? Zaila da oreka bat mantentzea. Kapitalismo itogarriaren eta komunismo hutsaren artean mila kolore daude, baina badirudi muturreko erradikalean bizitzera kondenatuak gaudela beti.