Belaunaldi zapuztua

Unibertsitatean lan egiteak gazteekin egunero harremana izateko aukera ematen du. Gaur egun modan dago gazteei konpromiso falta egotzi eta iraganeko belaunaldiekin alderatuz horiek gutxiestea. Nik, ordea, gustuko dut gaur egungo gazteria orain urte batzuetakoarekin alderatuta. Baliteke globalizazioaren azalkeria gure artean ere nagusi izatea askotan, baina aukeran nahiago dut hori ideologien sukarrak jotako gazteria mobilizatua baino. Oraingoa zintzoagoa, umilagoa iruditzen zait. Gure modernitate likidoan nola hala giza balioei eusteko ahaleginean dagoena.

Ez da, gainera, harritzekoa gazteek eszeptizismo puntu bat izatea. Gure gizarteko sektore traizionatua dira gazteak. Langabezia tasak gazteen artean portzentaje orokorra bikoiztu egiten du. Aurreko belaunaldien lan baldintza aski erosoak hurrengoen prekarietatearen kontura bermatu dira hemen hein handi batean. Horrenbestez, ekonomistek behin eta berriro adierazten digutenez, ekonomiak krisi garaian behar dituen egokitzapenak, malgutasunik ezean, hemen enplegua suntsituz egiten dira, gazteen enplegua suntsituz hain zuzen ere. Eta gazte hauek al dira aurreko belaunaldiek ahotan zerabiltzaten hitz potoloetan sinetsi behar dutenak? Erraz ematen dira lezioak ongizatearen besaulki erosoan eserita.

Ataka honetan, geroz eta arrotzagoak egiten zaizkit gazteenganako zenbait paternalismo iraultzaile. Ezinegon berezia sortzen didate, beren ibilbide pertsonal eta profesionalean ongizatearen erosotasunak gozatu ondoren, erretiroa hartzerakoan inor baino erradikalago aritzen direnek, gazteak gauzak errotik aldatzera animatuz. Ondo dago beste mundu bat posible dela esatea, baina bien bitartean badira gauzagarriak diren hainbat neurri, belaunaldi gazte honen egoera goxatu eta ongizatearen gizartean orain arte alboratuak izan direnei sarbidea emateko. Giza kapital ederregia ari gara zapuzten eta guztientzat bideragarria izango den ongizate eredu batean guztiok aterako ginateke garaile.

Edozein pribilegioren bidezkotasuna neurtzeko modu ederra da pribilegio hori orokortu eta guztiengana zabaldu daitekeen galdetzea. Irizpide horrek, mundu mailan gure mendebalde honetako bizimodua auzitan jartzen duen bezalaxe, gure gizarte barruan ere kontraesan deigarriak azaleratzen ditu. Beti izango da, noski, errazago bankuetako goiburuen prima eta etekinak seinalatu edo politikari ustelen kontrako diskurtsoak egitea; txaloak jaso eta eroso-eroso berriro besaulkian esertzea.