Lapurtutako haurra banaiz?

Lapurtutako haurren tramak ez dauka mugarik, gizakiaren gaiztakeriak mugarik ez duen bezalaxe. Geroz eta kasu gehiago ari dira argitara ateratzen, eta zaila egiten zait sinestea zenbat jende aberastu zen bere garaian negozio zikin horrekin. Apaizak, mojak, medikuak, erizainak, alkateak… Nola izan daiteke pertsona bat hain ustela?

Apaizek eta mojek, Jaungoikoaren izenean, bidea libre zuten edozertarako; “ez duzu testigantza faltsurik eta gezurrik esango. Ez duzu lapurretarik egingo”. Ala! Diru mordoxka baten truke bi mandamentu oso-osorik porkulo hartzera! Eta mediku zein erizainen kasuan, berriz, zer esanik ez; barrua behar da emakume baten erraietatik atera berri duzun haurra gezur zikin batekin estali eta zeure burua aberasteko! Zuetako nazkagarri batzuk, merezi ez baduzue ere, bizirik zaudete oraindik; jakin ezazue neure indar guztiekin gorrotatzen zaituztedala. Eta, hori, ni kontu honetan ikusle soil bat naizela jakinda, pentsa ezazue ze gorroto sentituko duen iruzur hau bizitzea tokatu zaionak.

Haurrak lapurtzen zizkieten biktima perfektuak hiru multzotan banatzen ziren. Ama gazteak, batetik; lehendik haur gehiago zituzten emakumeak, bestetik; eta bederatzi hilabete konplitu baino lehen erditu zirenak, azkenik. Eta haurrak adopzioan hartu zituzten familia askok ez zuten iruzur honen berririk, adopzio normal bat izango balitz bezala tramitatzen zen. Hori izan da haien diru iturria: amatasuna. Horrela aberastu ziren urte mordoxka batean munstro horiek, ama gogotsu baten ilusioarekin eta ama zauritu baten ahuleziarekin.

Gai honek ekarri duen anabasaren ondorioz, ametsetan ibili naiz bart gauean; lapurtua izan nintzela amestu dut. E-mail baten bidez iritsi zait berria —horrelakoxeak dira ametsak, irrealak eta kapritxosoak—; mezua irakurtzen hasi naiz, honela dio: “Aitziber, 1982an, Donostian jaio zinen, eta zure amari hilda jaio zinela esan zioten. Zaldibiako familia batek adoptatu zintuen, beraiek ez daukate lapurreta honen berririk, adopzio normal bat egin zutelakoan baitaude. Hiru milioi pezeta ordaindu zituzten zugatik. Zure ama biologikoa Hernanikoa da, eta zurekin harremanetan jartzeko irrikan dago”. Eta orain, zer? Mezuari erantzun diot, esku dardaratiekin teklak zapalduz: “Gustura ezagutuko dut nire ama biologikoa. Gustura akabatuko dut haren besoetatik lapurtu ninduen erizain, apaiz, mediku eta gainerako putakume kuadrilla; baina ez dut sekula nire Joxepiren aldamenetik alde egingo, bederatzi hilabeteko haurdunaldian bere barruan egon ez banaiz ere, 29 urtean bere alboan egoteak nire ama bihurtu duelako”. Bat-batean izerditan esnatu naiz; amesgaizto bat izan da! Goizeko 06:53 direla esan didate mesanotxeko ordulari digitalaren zenbaki gorriek. Amets txar batek uzten duen tristura ozpin hori sentitu dut sabelaldean, jaiki egin naiz, ea kafesne batek goxatzen nauen. Otsailaren 17ko goizeko 08:00ak: kafesne beroa esku artean dudala, amari deitu diot, bere urtebetetze egunean zoriondu eta gaueko oroitzapen ustelak betiko ahazteko intentzioarekin: “Ama txiki!! Zorionak!!! Bazkaltzea jungo naiz etxea bale?”.