Yin eta Yang, arin jan, gutxi edan

Pasa den astean gure poeta mediatikoenetako bat Frantzian izan zen, sukaldaritza makrobiotikoari buruzko ikastaro bat egiten. Bueltakoan bazkaritara gonbidatuko ninduela esan eta isilik geratu nintzen, baina alde egin zuenetik kezkatuta nabil. Oso parrandero fina zen nik ezagutzen nuen hura, eta beldur naiz bueltan etorri dena zer bilakatuko ote den. Alkohola oso Yin omen da, eta gure poetak te txinatarrez betetako termoa bizkarrean duela egin beharko ditu urteroko Sonar-eko dantza saio luzeak. Pizgarririk gabe azkar asko egiaztatuko du alboan dituen lagunak —besteok pizgarririk ez dugu faltako, dedio!— ez direla berak gogoratzen zituen bezain tipo berezi eta dantzari trebeak.

Ez dira bi edo hiru izan azkenaldian dieta makrobiotikoarekin bizi direla jakinarazi didaten hurkoak. Eta bai, larriagoa iruditu zitzaidan adibidez ehunka artaburu Power Balance pultserarekin harro ibili ziren bolada hura. Edo Azpeitia hankaz gora jarri zuen krisialdi bitxia, beste hainbatek coaching ikastaro garestiak ordaintzeagatik bizitza aldatuko zitzaiela uste zutenekoa. Baina Yin eta Yangaren kontu honek ere arduratuta nauka. Izan ere, bizimodu hori usadio orokor bihurtuz gero, akabo sagardotegi heze eta pub ilunen negozioa. Eta haiekin, bizioak beste ezeren gainetik maite ditugunon bizimodu traketsa.

Badut Xato txakurrari otordu begetariano zorrotzak ipini dizkion lagun lorezain xelebre bat ere. Ohitura aldaketak zomorroa biziberritu omen du, eta itxura hobea izateaz gain inoiz baino jostagarriago dabilela ere entzun diot —lagun lorezainari, Xato ez dut zuzenean ezagutzen—. Dieta makrobiotikoa bere egin duten asko antzeko susperraldi baten peskizan dabiltza, jakina. Gizarte modernoaren izurritea dirudien bizkarreko mina hobetze aldera batzuk. Geroko ilunagoa duten gaitzekin beste asko. Gorputzak tirriki-tarraka kexu handiegirik gabe erantzuten digunok ez dugu zortea tentatu nahi izaten, ordea. Eta, miso zopa gozo askoa den arren, nik behintzat arima deabruari salduko nioke Iratiko gazta jateari uko egin baino lehen.

Ahal ditugun bekatu ezberdin gehienak ahal dugun maizen egiten ditugunok ez gaitu gure osasunak askorik kezkatzen. Dieta makrobiotikoa hasten duten askok matxuraren bat izan dutenez, berriz, ezin bizimodu horren balizko onurak argitu. Zaila baita jakiten horiek denak bizitza luzeagoa izango duten ala ez. Baina, anaiak behin esan zidan bezala, tokatzen zaiena luze demonio egingo zaie behintzat!