“Jakin-nahiak eman dit bizitzeko indarra eta ilusioa”

Ofizioz, txokolategilea; zaletasunez, berriz, argazkilaria, idazlea, irakurlea… Eta jakin-nahiz betetako pertsona: “Jakin-nahiak eman dit bizitzeko indarra eta ilusioa”, dio. Txokolateak egin du ezagun Joxe Mari Gorrotxategi (Tolosa, 1929), jaioterrian, Euskal Herrian nahiz nazioartean.

Familiako obradorea txikitatik ezagutu zuen, eta bertan hasi zen lanean, aita maisu zuela, 14 urterekin. Garai zailak ziren, gerra ondorengo errazionamenduari loturikoak, eta horrek ezinbestean baldintzatzen zuen txokolategileen lana. “Espainiako Gobernuak azukrea, kakaoa eta irina neurtuta banatzen zigun, eta txokolatea osagai kantitate berekin egitera behartuta geunden guztiak. Garai hartan, txokolatearekin soilik aurrera egitea zaila zen, eta, horregatik, beste askoren moduan, argizaria ere egiten genuen”, azaldu du.

Tolosako Kale Nagusian zegoen obradore zaharra. “Beheko solairuan, denda eta txokolatea egiteko alokatutako mandoak eragiten zuen harria genituen; lehenengo solairuan, garai batean herriko jauntxoak jokoan egitera joaten ziren jangela zegoen; bigarrenean, logelak, eta hirugarrenean, obradorea. Azken solairuan zegoen, suteren bat gertatuz gero eraikin osoa ez erretzeko”. Errazionamendu garaia amaiturik, Donostian, Miarritzen (Lapurdi) eta Iruñean izan zen Gorrotxategi, txokolatearen inguruko jakintza handitzen. “Gehiena Katalunian ikasi nuen, Sabat maisu handiaren gozogintza eskolan; oinarrizko jakintza banuen, eta txokolatearen mundua txikitatik izugarri maite nuenez, gehiago jakiteko ilusioz nengoen beti”. Eta, horrela, pixkanaka, txokolategile handienen pare jarri zen tolosarra.

65 urte zituela, ezbehar handi batek bultzatuta, obradorea seme-alaben esku utzi zuen. “Benidormera [Herrialde Katalanak] oporretan gindoazela istripua izan, eta Mirentxu emaztea hil zitzaidan; kolpe handia izan zen niretzat, eta pixka bat urruntze aldera, Alemaniara joateko erabakia hartu nuen, garai hartako txokolategintza eskolarik onenera”.

Urte hauetan guztietan, txokolategintza eta gastronomiako liburuen bilduma itzela osatu du. Haren liburutegian, halaber, hark idatziriko Historia de la Confitería Vasca (Euskal gozogintzari buruzko historia) liburuaren bi liburukiak ere badira, noski. “Jose Miel Barandiaranek proposatu zidan liburua egiteko; jakintza ugari nuela arlo horretan eta nekien guztia liburu batean jasota geratzeak merezi zuela esan zidan. Juan Garmendia Larrañagak idatzi zidan hitzaurrea”. Geroago, Tolosako babarrunaren inguruko liburua ere idatzi zuen. Liburu horien aldamenean gordetzen ditu bai gastronomian, bai eta txokolategintzan lortuak dituen sari, aipamen eta izendapenak ere, hala nola Munduko Gozogintza Lehiaketan zilarrezko saria, Felix Mokoroa Gastronomia Ikerketan aipamen berezia, Gastronomiaren Euskal Kofradiaren Eguzki Lora saria, Euskal Gastronomiaren kide izendapena eta Eusko Jaurlaritzak ematen duen Euskadi Turimo saria.

Argazkigintzaren amuak ere oso gazte zela harrapatu zuen. “Ikusten dudana nolabait etorkizunerako gordeta geratzea interesatu izan zait beti. Gainera, une, leku edota pertsona bat ikusita, hor argazki bat dagoela antzemateko dohaina izan dut”. Argazki kamerarekin ere maisu dela esan behar, eta horren erakusle irabazi dituen sariak. Haren argazkiez gozatzeko aukerarik izan dute, gainera, tolosarrek, 400 argazki jarri baitzituen erakusgai duela lau urte.

Politikan eta kulturan ekarpena

1961. urtean politikarekin jolasten ere aritu zen, Tolosako Udalean zinegotzi izan baitzen. “Abertzalea naiz, baina ez naiz inoiz alderdi batekoa izan. Udaletxean egon nintzen garaian, nire asmoa tolosar guztientzat lan egitea zen”. Diputatu izateko ere proposatu zuten, baina “beldurtu” egin zuen ideia hark, eta ez zuen onartu. Zinegotzi zela, euskarazko haur eskola eta txistu eskola jarri zituen martxan, eta kale garbitzaileei soldata igotzea lortu zuen.

Asko irakurri du Gorrotxategik Euskal Herriko historiaz, eta “oso ondo” ezagutzen du. “Jakinduria horrek gure herriarekiko dudan maitasuna areagotu dit”. Kultur munduarekin ere lotura estua izan du, eta Jose Inazio Telletxea, Jose Miel Barandiaran, Antonio Maria Labaien, Jorge Oteiza, Mikel Laboa, Juan Inazio Uria, Ixaak Lopez Mendizabal eta Fernando Larruquert sortzaileekin ikusi ahal izan da maiz. “Lagun onak ditut, eta asko irakatsi didate, batez ere, gauzak garbi esaten; beti laguntzeko prest azaldu zaizkit”.

Bizitzan antzeztea egokitu zaizkion askotariko rolen artean, toreatzailearena ere bada, eta El Cordobés eta besterekin batera aritutakoa da zezen plazan. “Beti zezenaren aurrean jartzen nintzen, baina, kapoterik eta horrelakorik gabe, oso arina bainintzen. Sokamuturra eta pattar-zezena oso gogoko nituen, eta aitak obradoretik irteteko baimena ematen zidan horietan parte hartu ahal izateko”.

Garrantzi berezia dute argazkiek, liburuek, sariek… bizitzaren oroitzapenek Gorrotxategirentzat. “Gure jatorriak, historiak eta kulturak beti izan dute pisu handia nigan, baina unibertsalizazioarekin, geroz eta gutxiago inporta zaio jendeari zer izan garen; balioak galtzen ari dira”. Orduak irakurtzen ematen ditu gaur egun, eta gogoetari ere tartea gordetzen dio: “Orainaz, etorkizunaz, egungo egoeraz pentsatzen dut, baina ez diot garrantzi gehiegirik ematen, pertsona bakoitzak bere unean unekoa bizitzen duela uste baitut”. Duen adinera dagoen moduan iristeko formula “gorrotorik inori ez izatea, bizitzaz ahal den gehien gozatzea eta txokolatea jatea” dela dio, “txokolatea oso osasungarria baita”.