Zuzeneko arteak, bizirik

Lehengo astean prentsaurreko bat eman zen Donostian, Bilbon eta Gasteizen aldi berean; Euskal Aktoreen Batasunak, Eskenak eta kultur arloko beste hainbat erakundek batasunean eginikoa. Bertara joan nintzen; Euskal Aktoreen Batasuneko afiliatu gisa, aktore gisa, kultura-kontsumitzaile gisa eta herritar gisa; gisa askotara. Entzundakoa ez zitzaidan askorik gustatu, askotan errealitateari izena eta zenbakiak jartzea gustatzen ez zaigun moduan. Egia oso gordina da batzuetan eta kostata irensten da. Manifestuaren titularrek honakoa zioten: “Zuzeneko arteak hondoratzen ari dira, babes publikoa kentzearen ondorioz. Udalek egindako murrizketa ekonomikoek kulturaren finantzazio eredua arriskuan jartzen dute, baita zerbitzu publiko gisa bizirautea ere”.

Egoera larria da benetan, kultur mailan egindako murrizketak nabarmenak izan dira, eta are gehiago zuzeneko arteen eremuan. Udaletako aurrekontu murrizketak % 10 eta % 40 bitartekoak dira, eta horrek babesgabe uzten gaitu, ez kulturan lan egiten dugunok soilik, baita kultura kontsumitu nahi dutenak ere. 2007tik okerrera egin du egoerak, eta ikusi nahi ez badut ere, bada begiratzeko garaia eta honen guztiaren aurrean erantzukizunak eskatzen hasteko tenorea. Kulturak, ongi kudeatuz gero, ekonomikoki bideragarria izateaz gain, aberastasuna sortzeko aukera ere ematen du. Errentagarritasunaz gain, gizartearen onuran zuzenean eragiten duen eskubidea da. Bide honetatik jarraitzen badugu, etorkizunean ez da zuzeneko arterik kontsumituko, eta askok esango dute: “Total, Internetetik pelikulak har ditzaket eta haurrek, Playstation, Nintendo DS eta PSPari begira lerdotzen diren bitartean, bakean utziko naute”.

Ez dakigu nondik hasi hau dena konpontzeko, ez dakigu zein den bide egokia. Baina badakigu orain arteko bideari ez zaiola jarraitu behar, amildegira garamatzalako zuzen-zuzenean. Bankuek eta espekulazioak sortutako krisi ezagun honetatik ateratzeko azken ahaleginean, Estatuak nori eman dio ikaragarrizko diru laguntza? Bankuei, noski. Zer gara, anormalak? Motzak? Edo biak batera? Eskuineko eskua moztu dizun sadikoari ezkerreko eskuaz zerra bat ematea bezala da hori, bestea ere moztu diezazun. Gizakia omen da harri berean hiru aldiz estropezu egiten duen izaki bakarra. Ondorio hori atera zuenak ez zuen asmatu, motz gelditu zen, edo nahastu egin zen, askotan harriak berak egiten baitu estropezu gizakiarekin, bere egoskorkeriekin eta inteligentziatik hain urrun dagoen egoera mental horrekin.

Bederatzi urterekin amestu nuen aktore izan nahi nuela, eta urte guztiotan nire ametsaren bidetik jarraitu dut, ondo kostata, beste artista askok bezala. Ez dugu orain amore emango, ez dut umetako amets hura estatu ezjakin eta gizarte konformista baten gerizpean ahaztuko.