BAT: Basque Apain Team

BERRIAko erredaktore guapoenaren arreba ezin guapagoaren ezkontzan gorbata jantzi ala ez deliberatzen ari nintzela, ordenagailua piztu eta Espainiako Internet hankaz gora jarri duen eztabaida batekin topo egin dut. Olinpiar Jokoak ti-ta gainean direla eta —lau urte zaharragoa zara, bai—, Londresen haien ordezkariek luzitu beharreko janzki eta osagarri hori-gorriek piztu dute kalapita. Ikusi ez dituzuenoi nolakoak diren hitzez azaltzea ez da ariketa samurra. Itsusi amorratuak iruditu zaizkidala bakarrik idazten badut, ñabardura gehiegi galtzen da, baina horrelako aldrebeskeria xehetzen asmatzeko nire euskarari beste hiruzpalau EGA falta zaizkio gutxienez.

Imajinatu ditzakezue Fuenlabradako zentro komertzial bat, larunbat arratsalde batez, edo Cartagenako dantzaleku bat, ordu txikitan. Bietan desfilatzeko moduko arropa da Bosco Sports etxekoek diseinatutakoa; marka errusiarra izanda, hango estetikari “ukitu italiarra” elkartuz lortzen omen dituzte hain emaitza txundigarriak. Gehitu ekuazioari halako inspirazio andaluziar bat, auzoko txinatarren dendan metroko bi eurotan erositako ehunak eta Ekaineko kobazuloan linterna moduan erabil daitezkeen zapata eta boltsa dirdiratsuak. Horraino nire ahalmen deskriptiboa.

AEBen jantziak Ralph Laurenek eta Italiarenak Giorgio Armanik atondu dituzte, eta irekiera desfiletik bertatik argi samar geratuko da Espainiako murrizketak ez direla txantxetakoak. Horrelakoetan sumatzen dut nik Euskal Herriko olinpiar selekzioaren falta. Gureak dotorexeago bidaltzen asmatuko genuela uste dudalako, bai. Eta janzkien inguruan sor litekeen zalapartarekin urte osoko zutabeak beteko nituelako ere bai, Espainiako Interneten bueltaka ibili beharrik izan gabe. Erabaki koherente eta herrikoia hartzekotan, petatxuz betetako mendiko galtzek, forro polarrezko txalekoak eta trekking egiteko zapatek osatu beharko lukete uniformea, baina halako ekitaldi global batean ez ginateke ausartuko. Irudika ditzaket, esklusiban, euskal desfilearen argazki pare bat.

2020ko abuztua da, eta Ander Elosegi galtza zuri, jaka orlegi eta marinel itxurako txapel gorriarekin doa, ikurrina eskuetan hartuta, taldeburu. Maialen Chorrautek kolore bertsuak dituen soineko ederra darama, Dubaiko estadioko harmailetan dauden xekeak agurtuz. Loreak Mendian-ek josia da guztia, aire frantsesa duen estilo donostiar apartekoan. Modaz diharduten webguneek ozen goraipatu dute talde berriaren itxura, etxean askok pijoegia dela uste izan duten arren. Eta argazkiak duela zortzi urte imajinatu bezala suertatu direlako harro, BERRIAko erredaktore guapoenaren ezkontzara joateko prestatzen hasi naiz ni, gorbata jantzi ala ez erabaki ezinik.