Leon, Kastillo eta Bergaminen ‘Guernica’

Leon eta Kastillo kalean barrena doaz, kontu kontari, ohi bezala, edo, hobeto esan, ika-mikan. Izan ere, elkarri bizkarra emanda bizi dira, txanpon bereko bi aldeak diren arren, edo, hain justu, txanpon bereko bi aldeak direlako. Harira, baina.

Gernika bonbardatu zuteneko urtemugaren aitzakian, Guernica dute hizpide. Leonek uste du koadroa, Gernikan gertatutakoaren testigantza den neurrian, Gernikara ekarri behar dutela. Kastillok, aldiz, Gernikan gertatutakoaren testigantza dela ukatzen ez badu ere, oroz gain gerraren ankerraren sinbolo unibertsala dela defendatzen du. Horregatik, Gernikan bezain ongi edonon egon daiteke. “Bestelako kontua duk —gehitu du— guk Gernikara ekarri nahi izatea”.

“Aizak, hik ba al dakik Picassok koloretan margotu nahi izan zuela?”, bota du Leonek. Kastillok ezetz adierazi du keinu batekin. Hasi da, ba, Leon kontatzen behin Jose Bergamini entzun zion istorioa…

Picassok Guernica-ren marrazketa burutu eta hainbat laguni erakutsi nahi izan zien. Ikustera joan ziren Bergamin bera, Juan Larrea, Yvonne Zervos, Andre Malraux eta beste batzuk. Zur eta lur geratu ziren, hitz bat bera ere botatzeko gauza ez zirela. Picassok esan zien koadroaren marrazketa bukatutzat jotzen zuela eta irudiak koloreztatzea baino ez zuela falta. Ordura arteko isiltasuna aho batez urratu zuten lagunek: “Hau koloreztatu? Ezta pentsatu ere! Hau ez zegok hobetzerik!”. Picassok, baina, koloreztatu eta koloreztatu egin behar zuela errepikatzen zuen. Korapiloa Yvonne Zervosek askatu omen zuen: “Egin ezak froga kartulina batzuekin”. Picassori ideia gustatu zitzaion. Koloretako kartulina batzuk moztu eta irudien gainean ipintzen hasi zen, koadroa nola gera zitekeen ikuste aldera. Berehala konturatu zen kolore haiek mozorrotu baino ez zutela egiten txuri-beltzaren benetakotasuna. Bazen, alabaina, gustuko zuen kartulina haietako bat, malko gorri baten itxura zuena. Lehendabizi, koadroko emakumearen begietan jarri zuen; gero, zaldiarenetan; hegaztiarenetan ere froga egin zuen. Baina ez zuen erabakirik hartzen. Azkenean, kartulina hura kutxatila batean sartu eta Bergamini eman zion: “Tori! Hi arduratuko haiz malkoaz, Guernica Parisen ikusgai dagoen bitartean, behintzat. Hik erabakiko duk zein iruditan jarri; hori bai, ostiralero, malkoak irudi batetik bestera egin beharko dik salto”.

“Eta zer gertatu zuan malko harekin?”, galdetu du Kastillok, istorioa egiazkoa ote den zalantzak aurpegian ondo agerian dituela. “Galdu zuan, gerra bezala, badakik; igoal egunen batean agertuko duk”, erantzun du Leonek, irria ezpainetan. “Bo, bo, ez didak ziria hain erraz sartuko!”, Kastillok.

Kalean barrena jarraitu dute. Ustekabean, bigarren eskuko azoka horietako batera iritsi dira. Postu batera hurbildu eta han, zapata, liburu, sifoi botila eta beste traste zaharren artean, Kastillok kutxatila bat jo du begiz. Disimuluan, ireki eta barruan begiratu du, Leon beste aldera jiratuta dagoela aprobetxatuz. “Badaezpada…”, esan du bere kolkorako.