Badago barre bat, umearena, gardena eta freskagarria, bizipozaren eztanda gisa uler daitekeena. Frederic Beigbeder idazleak oroitzapen liburu batean esaten du mila bider damutu dela barre hori alabari umetan grabatu ez izanaz, egun hitsetan edo depresio aldietan behin eta berriz entzun zezakeelako.
Badago beste barre bat, konplizea, sexuen arteko lotura oso estuak eragiten dituena, eraztun eta ziurtagiriek baino askoz ere sendoagoak. Barre konplize horiek debalde lortzen dira nerabezaroan, oso merke gaztetan eta garestitzen joaten dira edadearekin. Muga batetik aurrera urrearen prezioa dute. Kontu hauetaz zerbait dakitenek diote zure ondoan dagoenak behin eta berriz horrelako barreak egiten baditu hasteko lasai gauerako planak egiten.
Ez ditut nik seme-alabak kilimatu eta ume barreak eragiteko adinean eta, barre konplizeari dagokionez, nahiago dut gauza garbirik ez esan, etsipenaren mugan ibili ohi bainaiz aldietan.
Ezin dira alderatu, baina badaude zorionez beste barre mota batzuk ere. Badago lagunarteko barre bat osasungarria dena. Pasadizo on batek eragindako algarak ere urrea balio du. Txisteek eragindakoak gutxiago estimatzen ditut eta niri behintzat hutsaltasun puntu bat utzi ohi didate. Badaude barre itsusiak ere, kaio baten txilioa, belearen kantua diruditenak. Harraparien barreak dira horiek eta ondotik lehenbailehen alde egitea da onena. Badaude barre beldurgarriak ere, eroarena esate baterako. Badaude ahalegin baten ondorioz sortzen direnak ere, eta horiek ez dute ezertarako balio. Eta badaude bakarka egiten ditugun barre patetikoak ere.
Azken Olinpiar Jokoetan ohartu nintzen gisa horretakoak egiten nituela, esate baterako, Espainiako selekzioari gol bat sartzen ziotenean. Sofaren gainean jauziak egiten nituen bi ukabilak sabairaino altxatuta eta ito beharrean hasten nintzen algaraz. Isildu orduko ohartzen nintzen barre hori patetikoa zela, gutxitasun konplexuren bat ondorio, arioaren gaitzak ematen duen poza, aho zapore mingotsa uzten zidan kontua.
“Hau berehala pasatuko zaidak”, esaten nuen nirekiko, “bolada bateko flakia izango duk”, jarraitzen nuen. Baina ez da hala izan, geroztik Madrilgo kanalen bat pizten dudan aldiko, egunkariren bat zabaltzen dudan orduko ikusten baitut neure burua algaraka. Horrela irudikatzen dut neure burua aurki etorriko den hauteskunde gauean ere, sofan jauziak eginez, ukabilekin sabaia jo beharrean eta algaraka. Seguru nago barre patetiko hori umearen barrean alderantzia dela, barre konplizearen ifrentzua.