II. Argazki Erakusketa Solidarioa antolatu dute Zumaian, GKEei laguntzeko

Distirak, Zumaiako argazkilarien elkarteak, II. Erakusketa Solidarioa antolatu du, eta zabalik da iragan ostegunaz geroztik, Zumaiako Oxford aretoan. Denera, elkarteko kideek ateratako 31 argazki jarri dituzte aretoko hormetan; bakoitza ehun euroan eros daiteke, eta bildutako dirua Kongolagun Gobernuz Kanpoko Erakundeari emango diote.

“Urtero antolatzen genituen lehiaketak eta argazki rallyak, eta erakusketa bat egiteko gogoa geneukan”, azaldu du Rocio Cardosok (Zumaia, 1980), Distira elkarteko lehendakariak. “Joan den urtean pentsatu genuen ideia polita izan zitekeela gure lanak erakusteaz gain saltzen saiatzea, eta lortutako dirua herrian aritzen diren GKEei ematea”. Iazko salmentetako irabaziak Nava Jeevan elkartearentzat izan ziren; Indian umeentzat sendagaiak erosteko erabili zuten. Aurten, Kongolagun aukeratu dute: “Kongon eskola bat kudeatzen du elkarte horrek; hura sostengatzeko izango da dirua”.

Cardosoren hitzetan, iaz erakusketako lanak “ondo” saldu ziren, eta aurten ere ez da jenderik faltatu Oxford aretoan erakusketa zabaldu zutenez geroztik: “Asko begiratzera etortzen dira hasieran, eta gero ikusten dute gustatzen zaien zerbait; etxean pentsatzen dute, eta erostera itzultzen dira”.

Distirako kideek edozein lan aurkez zezaketen erakusketarako: “Zumaiako eta inguruko paisaiak agertzen direnak gehiago saltzen dira, jakina”. Erakusketa irailaren 23ra arte egongo da zabalik.

Elkarteak lau urte beteko ditu aurki; dena den, argazkilaritzarako zaletasuna lehendik ere zabaldua zegoen Zumaian. “Aspaldi egon zen beste elkarte bat, eta horko kideak berriz elkartu dira oraingoan”. Gazteak ere erakartzen ditu, ordea: “Hasiberrientzako ikastaroak antolatzen ditugu, eta horrela, batzuek besteengandik ikasten dute”. Denera, 30 bazkide dira orain; ia denek afizio gisa dihardute argazkilaritzan. “Ni txikitatik aritzen nintzen kamera zaharrekin, karretea zeukaten haiekin; gero iritsi ziren kamera digitalak, eta halako batean hasi nintzen argazkilaritzari buruzko liburuak irakurtzen”. Afizio garestia, bestalde; reflex kamerek eta osagarriek kostu handia izaten dute: “Ia gauza bakoitzerako objektibo bat daukagu”.

Orain, lokal bat lortzeko lanetan ari dira Distirako kideak; erakusketa solidarioa urtero antolatzeko helburua ere jarri dute. “Afizioa guretzat bakarrik izan beharrean, herrikoentzat ere zerbait egin nahi dugu; gainera, izan daiteke modu bat jende gehiagok laguntzeko GKEei”.