Tolosa suak hartuko du, eta musika izango da garra. Bi urtetik behin antolatzen dute Bonberenea Sutan jaialdia, eta bihar ospatuko dute aurtengoa, Bonberenea gaztetxeko zelaian. Mezu aldarrikatzailez iritsi da hirugarren jaialdi hau ere; garra den lekuan sua ez da urruti izaten, eta oraindik ere gaztetxeak garrik ez duela falta erakutsi nahi dute.
Glaukoma talde tolosarrak emango dio jaialdiari hasiera, eta, haien atzetik, Matxura, Berri Txarrak, G.A.S. Drummers eta Gose taldeak igoko dira taula gainera, hurrenez hurren. 20:30ean hasiko dira emanaldiak, eta, zelaiko kontzertuez gain, gaztetxe barruan ere ez da musikarik faltatuko. Olarius & Brothers Rock DJak girotuko du barrualdea. Ohartarazi dute taldeak garaiz hasiko direla jotzen, eta 1.500 lagun hartzeko prest dute guztia. Sarrerarik ez duenak egunean bertan erosteko aukera izango du.
Bonberenea Sutan, ordea, musika jaialdi bat baino askoz ere gehiago da. Juantxo Arakama (Tolosa, 1989) eta Julen Caminos (Tolosa, 1993) gazteak Bonberenea gaztetxeko kide dira, eta “jaialdi berezia” dela nabarmendu dute.
2008. urtean antolatu zuten lehen aldiz jaialdia, Arakamak adierazi duenez: “Etxe honen etorkizuna mehatxupean zegoela ikusten genuelako jaio zen Bonberenea Sutan. Auzo honentzat egin zituzten hirigintza arauengatik izan zen, eta etxeak etorkizun ziur bat nahi duela aldarrikatzeko sortu zen”. Gaztetxearen etorkizuna argi eta garbi ikusi nahi dute erabiltzaileek, “udalean edozein talde politiko dagoela ere”. “Horrek ez luke baldintzatu behar etxe honek hemen egon behar duen edo ez”, salatu du Arakamak. Oraingo egoera hobexea den arren, oraindik ziurtasunik ez dutela argitu du: “Bilduk geratu egin du hirigintza plana, baina guk ez dakigu hemendik hiru urtera Bilduk jarraituko duen edo ez eta sartzen den indar berriak zein erabaki har ditzakeen”.
Bonberenea Sutan jaio bazen, gutxienez gaztetxea bera errespetatzea nahi zutelako izan zen. Izan ere, beste lokal bat emateko proposamena egin zien aurreko udalak. “Jendeak argi eta garbi esan zuen ez zuela beste lokal bat nahi. Hainbeste urtez lanean aritutako etxea mantentzea nahi zuten”, azaldu du Arakamak: “Orain egoera ezberdina da, eta udalarekin harremanak izan ditugu, baina aldarrikapenak hor jarraitzen du. Arauak gelditu badituzte ere, oraindik legez ez da bermatu etxe honek hemen jarraituko duela”. Etorkizun librea izan nahi dutenez, hirugarren aldiz prestatu behar izan dute jaialdi erraldoi hau.
Arakamak festaren ezaugarri nagusietako bat ekarri du gogora: “Taula gainera igotzen diren talde guztiek musu truk jotzen dute”. Aurreko urteetako jaialdien balorazio oso ona egin du Caminosek: “Jendeak oso ondo pasatzen du, eta jotzera etortzen diren taldeek ere bai. Azkenean, gu, publikoa eta taldeetako kideak gustura geratzen gara”. Arakamak ere hala uste du: “Jaialdi bat bukatu, eta berehala hurrengoan pentsatzen hasten gara, baina horrek ez du esan nahi taldeei deika hasten garenik”.
Kontzertu guztietan bezala, jaialdian ere taldeak ahalik eta ondoen zaintzen saiatzen dira. Agertokia eta musika kate txukun bat jartzeaz gain, afaria eta tratu ona ematen dizkiete. Dirurik ez izan arren, taldeek eskertu egiten dutela nabarmendu dute.
Bonberenearen lagunak
Egunean bertan boluntario ugarik laguntzen dutela azaldu du Arakamak: “60 bat lagun-edo ariko gara. Bonberenearekin harremana duen jendea da; esate baterako, Lizartzako Otsabio kirol elkartetik lagun asko etorriko dira. Elkarlana bilatzen dugu”. Gaztetxetik pasatu diren belaunaldi guztietako jendea elkartuko da.
Urte osoan aritzen dira. Hainbat arlotan bereizita funtzionatzen dute, eta ardurak banatuta dauzkate. Urte osoko taldeak finkoak dira, eta bakoitzak badaki zer egin behar duen. Normalean ez dira denak batera biltzen; izan ere, Caminosen esanetan, “ezinezkoa da jende guztiarekin bilerak antolatzea. Urte osoan barrako ardura duenak jaialdirako ere bere ardura izango du, eta arduradun bakoitzak egingo du bilera bere taldearekin. Bakoitzak badaki zer mugitu behar duen”. Halaber, halako jaialdi batean lotu beharreko gauza asko daude. “Jaialdia benetan ondo ateratzeko gauza guztiak hartu behar dira kontuan. Hilabete askotako lana dago”, gehitu du.
Funtzionamendua ez dute hain formala, eta eguneroko harremanean oinarritzen da. Ia arduradun guztiak aste barruan Bonbereneatik pasatzen dira, eta guztiek izaten dute besteek egin dutenaren berri. Urtearen arabera pare bat bilera izaten dituztela adierazi dute gazteek. Bestela, erabaki garrantzitsuren bat hartu behar denean elkartzen dira.
Dinamika handia du Bonberenea gaztetxeak. Urte osoan 50 kontzertutik gora antolatzen dituzte, baita antzerkiak, dantza, ikastaroak, kirol txapelketak, literatur astea eta beste hainbat ekitaldi ere. Horregatik, gaztetxeari oso ondo etortzen zaio kontzertu sorta honetatik ateratzen duen dirua. “Hurrengo bi urteetan egin behar diren gauza asko egin ahal izateko bultzada garrantzitsua ematen dio. Etxean egiten diren eta euren kabuz ordaintzen ez diren hainbat ekitaldi finantzatu ahal izateko da”, zehaztu du Arakamak.
Bonberenea Ekintzak ekimenaren barruan, berriz, Bonbereneak duen estudioak talde askori eman dio grabaketa lanak egiteko aukera. Talde berriek zein izen handikoek, guztiek diote estimu handia, eta Bonberenea Sutan jaialdia da horren erakusgarri. Hiru jaialdietatik pasatu diren talde guztiek dute harremana gaztetxearekin, eta, horregatik, doan etortzen dira jaialdira. G.A.S. Drummers taldearen adibidea jarri dute: “Jerez de la Fronterako [Cadiz, Espainia] taldea da; behin etorri ziren hona jotzera, eta zur eta lur geratu ziren. Oso harreman ona egin genuen, eta haiekin oroitu ginen jaialdia prestatzerakoan. Bihar hemen izango ditugu”.
Bonbereneko kideak ez daude geldirik egoteko, eta Bonberenea Ekintzak-ek iaz hamar urte bete zituela baliatuz, liburu bat argitaratuko dute. Udazkenean ikusiko du argia, hau da, Durangoko Azoka baino lehen. Bukatzear dutela adierazi dute Arakamak eta Caminosek, eta bertan, azken hamar urteetan Bonberenean egin diren lan guztiak jasoko dituzte. Liburuaz gain, bi disko eta bi DVD izango ditu.